Gudari kaleko bizilagun eta merkatariei aurkeztu zaie maiatzean hasiko den eraberritzearen proiektua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/02/22 | Obrak, Zerbitzuak
  • Irisgarritasun arazoei konponbidea eman eta aldi berean, mugikortasuna hobetuko da; kalearen izaera komertziala indartuko da; eta azpiegitura, akaberak eta argiztapena berrituko dira.
  • Proiektuak 656.000 euroko aurrekontua du eta Tolosako Udala, Tolargi eta Gipuzkoako Urak-en artean finantzatuko da.


Nafarroa etorbidea 2017aren amaieran inauguratu ostean, Gudari kaleak hartuko dio lekukoa 2018an. Udalak, jada, proiektua garatu du, merkatari zein bizilagunekin hainbatetan batu eta behin beraien nahi eta proposamenak entzun ostean, diru partida bat ezarri da kalearen eraberritzea aurrera eramateko. Guztira, 656.000 euroko inbertsioa gauzatuko da bertan, kale erakargarri, irisgarri, jasangarriagoa eta atseginagoa bilakatzeko Gudari. Maiatzean dago aurreikusita lanak hastea.

Horretarako, kaleko egungo egoeraren azterketa zehatza gauzatu da, bere ingurua, ondoko kaleekin duen harremana, zirkulazio noranzkoak eta eremuak dituen premiak proiektuaren oinarrian ezarriz. Funtsean, espaloi berriak eraikiko dira, egungo zabalerak bere horretan gordeta kalearen gehientsuenean, eta beste kaleekin elkartzen den gune guztietan 'belarri' moduko batzuk ere, espaloia zabalduz; saneamendu sarearen hodiak berriztatuko dira, eta gainera, sare berezi bat sortu; argiztapena berrituko da, eta telekomunikazio sarea amaitu. Horrez gain, altzariak jarriko dira (TAO makina, postontzia, eserlekuak...) eta baita kalea apaintzeko landare apaingarriz osatutako estruktura ugari ere.

Asmoa da ere, kalearen izaera komertziala sustatzea. Errementari kalean ezarri den Gune Biziak programa Gudari kalera zabalduko da horretarako: kalearen ezaugarriak kontuan izanik, hutsik dauden lokaletako erakusleihoak eraberritu, ondoren lokala bera alokairuan edo salmentan jarri ahal izateko, eta etorkizunean saltoki bihurtzeko. Gune biziak programan, hutsik dauden lokalen jabeek erakuslehioa Udalaren esku jartzen dute, herriko merkatariei utz diezaien, beren produktuen lagin bat bertan erakutsi dezaten. Horrela, azken helburua lokal horretan aktibitate komertziala sortzea denez, kaleak izan dezakeen erakargarritasuna bisibilizatzen da, eta hori garatu bitartean, kalearen bizitasuna sustatzen du. Funtsean, gune komertzialak berreskuratu eta zabaltzea, Tolosa erakargarri izaten jarrai dezan bermatzeko.

Funtsean, irisgarritasun arazoei konponbidea eman eta aldi berean, mugikortasuna hobetuko da; kalearen izaera komertziala indartuko da; eta azpiegitura, akaberak eta argiztapena berrituko dira.

Tolosako Udala lanean ari da jada Nafarroa etorbidearen eta Gudari kalearen ondotik honako birgaitzeko proiektuetan: Batxiler Zaldibia, Pedro de Tolosa, Kale Nagusia Korreo eta Enperadore kalearekin lotzen duten pasadizoak edota Gernikako Arbolaren eraberritzearen II. Fasea, kasu.

 

Birmoldaketaren xehetasunak

Eremu horren berrurbanizazioaren oinarrian galtzada eta espaloien zabalera bere horretan mantenduko dira. Espaloiko zoladuaren akabera ordezkatuko da, azpiegiturak hobetu eta irisgarritasuna bermatzeko lanak egingo dira.

Beste kaleekin elkartzen den gune guztietan, espaloiak handiagotuko dira, hala nola, Oria kaleko, Samaniego kaleko, Foruen kaleko eta Laskorain kaleko bidegurutzeetan.

Foruen kaleko bidegurutzearen ondoren, bi zirkulazio-noranzko izatea proiektatzen da Laskorain kalearekin gurutzatzen den gunera iritsi arte. Errepide tarte horretan, bertan dauden aparkalekuen ilarak kenduko dira eta hegoko espaloia zabalduko da, zabor-edukiontziak ezarri ahal izateko. Laskorain kaleko gurutzagunea gainditu ondoren, galtzadan errei bakarra egongo da eta hegoaldean aparkalekuen ilara bat ezarriko da.

Espaloiak 2,45 m zabal izango dira. Zuhaitz-txorkoak bertatik kenduko dira espaloien ebakidura handiagotzeko. Espaloietan 'Tolosa' moduko baldosa hidraulikoa duen zoladura berria ipiniko da.

Hiriko altzariei dagokionez, eremu horretan dauden hainbat elementu gordeko dira edo lekuz aldatu beharko dira hala nola, postontziak eta TAO txartela ateratzeko makinak.

Halaber, beste elementu berri batzuk ere ezarriko dira, arbolen ordez, lore-askak adibidez, kalean ibiltzea atsegina izan dadin. Era berean bizikletak aparkatzeko bizikleta-euskarriak dituzten bi gune jarriko dira, izan ere kale hau 30 eremuan baitago. Elementu horiek guztiak bidegurutzeetako belarri-formako irtenguneetan kokatuko dira, bertan toki gehiago dagoelako.

Instalazioei dagokionez, kaleko argiteria berriztatuko da, led sistemaduna ezarriz 4 m-ko altuerako zutabeetan. Bestalde, sare elektrikoaren hoditeria berrituko da. Uren alorrean, ur-hornidura sarea duela gutxi berritu zen, eta bere horretan mantenduko da. Baina saneamendu berria egingo da, uren sare bereizia gehituz eta hondakin uren sarea berriztatuz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA