22 neurri, herriko aparkalekuen eskaintza indartzeko eta daudenak optimizatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/11/27 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Epe motz-ertaineko interbentzio txikiak, epe luzeko proiektu eta inbertsioak eta neurri administratiboak iragarri ditu udal gobernuak.
  • Neurri horietako batzuk jada egin dira, eta beste batzuk egitear daude. Gainerakoen kasuan, lanketarekin abiatu da.


Tolosako Udalak iaz abiatu zuen aparkalekuen azterketa, herri osoko aparkalekuen eskaintza ezagutu eta eskariarekin alderatuta optimizatzeko proposamenak egiteko, eta eskaintza bera handitzeko aukera berriak arakatzeko. Bada, azterketa horietan sakondu eta neurri sorta bat iragarri dute Andu Martinez de Rituerto alkateak eta Ander Figuerido hirigintza zinegotziak.

Lau esparrutan zentratu da azterketa.

  • Aparkalekuen eskaintza eta TAO zerbitzua: Lurrazaleko eta lur azpiko aparkalekuen inbentarioa eguneratu da, jabetza publiko edo pribatuko garajeak barne hartuta, TAO guneen eta kaleen arabera sailkatuta.

  • Errolda: Aztertu dira Tolosan erroldatuta dauden autoen kopurua, ibilgailu motaren arabera sailkatuta. Bertakoentzako TAO txartelen kopurua eta eskatzaileen zerrenda aztertu dira eta, azken hau egitean, dagoeneko baldintzak betetzen ez dituzten kasuak identifikatu dira, eta garajeak jabetzan ote dituzten ere kontsultatu da.

  • Aparkalekuak eraikitzeko aukeren azterketa: 15 kokalekuk aparkalekua eraikitzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertu dira, kasu batzuetan, aukera bat baino gehiago planteatuta. Proposamen horietako bakoitzaren izapidetze-prozesua, irisgarritasuna, erabilera-aukerak eta bideragarritasun ekonomikoa aztertu dira.

  • Lurrazpiko aparkalekuak: Okupazio eta erabilera datuak jaso dira.

Alkateak nabarmendu duenez, «lan handia egin da. Gai honekin aspaldian ez da horrelakorik egin. Aparkalekuen inbentarioarena eta erroldako datuena eskuz, banan-banan kontsultatu dira. Denbora asko eskaini zaio, baina lan hau beharrezkoa zen egungo egoera ezagutzeko».

22 neurri

Datuak aztertu eta ateratako ondorioetatik abiatuta, 22 neurri landu ditu Udalak, batzuk jada aplikatu direnak. «Agintaldiaren hasieratik aritu gara ikuspegi honekin lanean, eta azterketari itxaron gabe aldaketaren bat edo beste aplikatu genuen. Martxan jartzeko erraztasun handia zuten beste batzuk, aldiz, jada egin ditugu», gehitu du Figueridok. Hiru multzotan sailkatu dira neurri horiek:

  • Epe motz edo ertainekoak: Talde honen barruan, interbentzio arinen bidez espazioa optimizatzeko eta plaza berriak sortzeko lanak daude, zortzi guztira. Horietako bost jada gauzatu dira. Espazioen berrantolaketarekin lotura duten beste bi neurri daude.

  • Epe luzeko inbertsioak: Apàrkaleku berriak eraikitzeko hiru proiektu lehenetsi ditu udal gobernuak.

  • Neurri administratiboak: TAOarekin zerikusia duten zortzi neurri planteatu dira, baita lurpeko aparkeluen erabilera indartzeko beste bat ere. Horrez gain, aparkalekuen erabilera egokiarekin lotutako neurri osagarri bat ere jasotzen da.

Datozen egunetan, egunez egun eta kapituluka, argitaratu dira multzo bakoitzeko neurriak, horietako bakoitzaren inguruko informazio gehiagorekin batera.

Dena den, alkateak argi utzi nahi izan du luzera begirako ikuspegia eskatzen duela lanketa honek: «egoera ez da bideratuko egun batetik bestera, ezta agintaldi honetan bakarrik. Guk aurkeztu duguna begirada luzeko bide orri bat da, urtetan urratsez urrats garatu beharrekoa. Epe luzeko inbertsioen kasuan, zaila izango da agintaldia bukatzerako obrak hasita izatea, nahiz eta ahal dugun guztia egingo dugun. Proiektuen aurrelanketarekin pausoak ematen hasi gara behintzat». Zumarditxikia berreskuratzeari buruz, berriz, gehitu du «neurri horiek txertatzen eta eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka bat topatzen joan ahala, autoz hustu ahal izango dela, herritarron erabilerarako gune gisa berreskuratzeko».

Egungo egoeraren inguruko ondorio orokor batzuk

Tolosan 11.000 aparkalekutik gora dago: lur-azpiko aparkaleku publikoetan errotazio izaerako 359; erabilera pribatua duten 6.216 garaje; TAOrik gabeko erregulatutako 2.857 plaza; TAO bidez araututako beste 1.714, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 90 aparkaleku.

DGTren datuen arabera, Tolosan erroldatutako auto kopurua %15 hazi da azken hamarkadan, populazioaren hazkundea %6koa izan bada ere. 9.500dik gora kotxe daude. Antzeko tamaina duten Gipuzkoako udalerriekin alderatuta, hazkunde gehiena izan duten herrien artean da Tolosa. Salbuespena Hernani da, %24,3 hazi baita auto kopurua.

«Hazkunde honek eragina izan du herrian, eta Tolosak espazio oso mugatua du. Azpiegiturak izan baditugu, baina horiek gehiago aprobetxatu ere egin behar ditugu. Hala ere, tentuz egin behar da, gero eta aukera gehiago eskaini, orduan eta auto gehiago erakartzeko arriskua izango genukeelako. Hori gertatzen da beste hiri askotan, hala erakusten dute datuek. Tolosan ere, nekez irudika genezake berriro atzera egin eta Euskal Herria plaza autoz beteta ikustea, adibidez. Eskainiko bagenu, segituan beteko litzateke, baina ez da biderik egokiena. Herritarron erabilerarako espazioek nagusi izan behar dute, eta oreka bat topatu. Ikuspegi horrekin egingo dugu lan», ondorioztatu du alkateak.

Informazio gehiago

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA