-
Eraberritze lanen helburu nagusia izan da oinezkoei lehentasuna ematea eremua herritarrentzat atseginagoa eta erakargarriagoa izan dadin. Guztira obrek 501.440,64 euroko kostua izan dute.
-
Espaloiak zabaltzearekin batera, arrapalak birkokatu dira eta espaloi eta bidea maila berean jarri. Saneamendu sarea, ur hornidura sarea, sare elektrikoa, telekomunikazioa sarea, hiri altzariak, seinaleztapena eta kale argiztapena ere berritu dira eta datozen egunetan lorategiak lorez apaintzez bukatu eta zuhaitz berriak landuko dira.
-
Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri-ereduaren alde lanean, kaleak zaharberritzen jarraitzen dugu tolosarrei herri atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa eskaintzeko helburuarekin; zentzu horretan, obra nagusiak amaituta, Gernikako Arbolako eremua atseginagoa da orain tolosarrentzat paseatzeko leku gehiago dagoelako eta biziberritu ere egin da eremua, inguruko jarduera ekonomikoaren mesedetan”.
Zabalik dago jada eraberritu berri den Gernikako Arbolako eremua. Obra nagusiak amaituta daude dagoeneko eta datozen egunetan emango zaie lanei behin betiko bukaera azken lorazaintza eta txukunketa lanekin.
Gaur eremua bisitatzen aritu dira Tolosako alkatea, Olatz Peon Ormazabal eta Egoitz Sorozabal, hirigintza arloko zinegotzi arduraduna, obra zuzendaritzaz eta obra aurrera eramateaz arduratu den enpresako ordezkariez lagunduta.
Alkateak azpimarratu du, pertsonak erdigunean kokatzen dituen hiri-ereduaren alde lanean, urteak daramatzatela, Tolosa herri atseginagoa, irisgarriagoa eta seguruagoa bilakatzeko kaleak zaharberritzen eta espazioak berreskuratu eta herritarren eskura jartzen. “Azken urteotan herrian egin diren hirigintza lan handi zein txiki guztien bitartez bultzatu dugu helburu hori, oinezkoei protagonismoa ematea, hirigintza ikuspegitik ere, pertsonak erdigunean kokatzeko” esan du.
Horregatik, lanen helburu nagusia izan da oinezkoei lehentasuna ematea, are eta gehiago, anbulatorioa bertan dagoela kontuan izanik, bertako irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko. “Orain eremua atseginagoa da herritarrentzat, paseatzeko leku gehiago dagoelako, erakargarriagoa ere bada eta biziberritu egin da eremu osoa bertan kokatuta dauden saltoki eta negozioen mesedetan, eta Fronton kafetegia eta jatetxea irekitzen denean, ziur gaude, bizitasun gehiago hartuko duela eremuak” azpimarratu du alkateak.
Koherentzia eta jarraitutasuna eremu osoari
Egoitz Sorozabalek azaldu ditu bertan egin diren lan nagusien nondik norakoak. Azpiegiturei dagokienez, saneamendu-sarea, ur hornidura sarea eta sare elektrikoa berritu dira eta telekomunikazio-sareko aire-linea lurperatu da.
Lurazaleko lanei lotuta, berriz, espaloiak zabaldu egin dira, herritarren mugikortasuna hobetzeko, eta arrapalak bikokatu eta espaloi eta bidea maila berean jarri dira irisgarritasuna bermatzeko. Aglomeratu inprimatua erabili da eremu osoan, kotxeen abiadura murrizteaz gain, Gernikako Arbolako eremu osoari jarraitutasuna eta koherentzia emateko. Zirkulazioaren noranzko bakarra mantendu da eremuan eta 16 aparkaleku jarri dira.
Hiri altzariak, seinaleztapena eta kale-argiztapen instalazio osoa ere berritu dira, Led argiak jarriz jasangarritasun energetikoaren aldeko apustuan urratsak egiten jarraitzeko.
Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratu da obra aurrera eramateaz eta Girder Ingenieros enpresa, aldiz, obra zuzendaritzaz. Guztira lanek 501.440,64 euroko kostua izan dute.
Azaroan, murala, Buru Bihotzez elkartearen eskutik
Eremua eraberritzeko lan nagusiak amaitu badira ere, datozen egunetan, amaituko dituzte lorazaintza eta azken txukunketa lanak eta zuhaitzak ere landatuko dira. Halaber, lorontziak ere jarriko dira, autoek behar ez duten tokian aparka ez dezaten.
Azaroan, epaitegi pareko pareta ere margotuko da eremuari itxura berria emateko. Buru bihotzez elkartea arduratuko da murala pintatzeaz herriko artisten laguntzarekin.