- Hiru proposamenetan lehenesten dira kalearen eraberritzea eta irisgarritasuna, oinezkoen mugikortasuna, eta zerbitzuak eta altzariak mantentzea eta hobetzea. Hiru proposamenen arteko alderik aipagarriena da ateratzen den aparkaleku-kopurua.
- Hiru proposamen hauek auzotarrei eta bertako merkatariei aurkeztu zaizkie. Horiek egindako proposamenak eta ekarpenak jasotakoan, eta Tolosako Mugikortasun Jasangarriaren Plan berriaren irizpideak kontuan hartuta, kalea eraberritzeko azken proiektua egingo da. Aurreikusita dago lanak 2020ko urtarrilean hastea.
- Aurreikusten da ere, Errementari eta Gudari kaleetan egin eran, 'Gune Biziak' programa aplikatzea, Laskoain kalearen ezaugarrietara egokituz. Helburu da kalearen izaera komertziala indartzea, bertan dauden lokal hutsak erakargarri bilakatu eta merkaturatuz.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Urratsak ematen ari gara Tolosa izan dadin atseginagoa, jasangarriagoa eta erakargarriagoa herritarrentzat, bisitarientzat eta sektore ekonomikoarentzat; Tolosa gure kaleetan bizi dadin”.
Tolosako Udala hiru proposamen ari da aztertzen Laskoain kalea berrurbanizatzeko eta beraren irisgarritasuna hobetzeko: hiru proposamenetan lehenesten dira kalearen eraberritzea eta irisgarritasuna, oinezkoen mugikortasuna eta zerbitzuak eta altzariak mantentzea eta hobetzea. Hiru proposamenen arteko alderik aipagarriena da ateratzen den aparkaleku-kopurua (0, 8 eta 18) eta, beraz, galtzadaren eta espaloien zabalera.
Hiru proposamen hauek astearte honetan, hilak 11, aurkeztu zaizkie auzotarrei eta bertako merkatariei. Horiek egindako proposamenak eta ekarpenak jasotakoan, eta Tolosako Mugikortasun Jasangarriaren Plan berriaren irizpideak kontuan hartuta, kalea eraberritzeko azken proiektua egin eta lizitazioa martxan jarriko da. Aurreikusita dago lanak 2020ko urtarrilean hastea.
Laskoain kalearen gaur egungo egoerak eraberritze bat eskatzen du, zaharkituta dago-eta. Hori, irisgarritasun arazoetan eta bertako azpiegituren edo zoladuraren egoeran ez ezik, hiri-ekipamenduetan ere ikusten da. Gaur egun Laskoain kaleak 35 aparkaleku-plaza arautu dauzka (TAO), plaza bat mugikortasun murriztuko pertsonentzat eta 3 plaza zama-lanetarako. Ilaran dira aparkaleku guztiak.
Aldagai horiek aintzat hartuta, hiru alternatiba desberdin landu dira Laskoain kaleak dituen hutsuneak betetzeko. Horretarako, zenbait irizpide hartu dira kontuan, eta horien artean hauek dira aipagarriak: irisgarritasuna, hiri-zerbitzuak mantentzea eta/edo hobetzea, mugikortasun-behar oinarrizkoen zuzkidura (egoiliarrentzako aparkalekuak, garajeetarako sarbideak, 30-erreia, hondakinak biltzeko zerbitzua), kaleko apaingarriak eta hiri-ekipamendua, kalea inguruko eremuekin integratzea eta argiteria hobetzea.
Aurreikusten da ere, Errementari eta Gudari kaleetan egin eran, 'Gune Biziak' programa aplikatzea, Laskoain kalearen ezaugarrietara egokituz. Helburu da kalearen izaera komertziala indartzea, bertan dauden lokal hutsak erakargarri bilakatu eta merkaturatuz.
Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu duenez, Laskoain kalearen eraberritzea estrategikoa da, zeren-eta, berrurbanizatzeko beharra edukitzeaz gain, mugimendu handiko bi kaleen arteko lotura ere bai-baita: “jarraitzen dugu oinezkoentzako tokia berreskuratzen, beren irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzen, baita efizientzia energetikoarekin ere, luminariak eta zerbitzuak berritzen. Urratsak ematen ari gara Tolosa izan dadin atseginagoa, jasangarriagoa eta erakargarriagoa herritarrentzat, bisitarientzat eta sektore ekonomikoarentzat; Tolosa gure kaleetan bizi dadin”.
Hiru alternatibek berdin hobetzen dute oinezkoentzako tokiaren zabalkuntza eta galtzada 30-errai gunea izatea, eta kaleko trafikoari eusten diote; beraz, alternatiba batek ere ez dio ez kalterik ez aldaketatik egiten ibilgailuen zirkulazioari, orain arteko eran segituko baitu.
1. alternatiba
Irtenbide honek irisgarritasun- eta ingurumen-irizpideak aplikatu eta oraingo kalearen formatua ahalik eta gehien errespetatzen du. Beraz, ez dio aldatzen 30-erraiaren izaera, San Frantzisko ibilbidearen ondoko oinezkoentzako zatia mantentzen du eta ibilgailuentzako sarrerari eusten dio (Paulo Rekondo kaletik).
Kale honetako sekzioak espaloiaren eta galtzadaren arteko maila edo koskarik gabe aurreikusi dira. Ibilgailuak espaloietara sar daitezkeeneko gunetan jarriko dira hiri-altzarietako elementuak, zuhaitz-txorkoak eta kale-argiak.
Zamalanetarako gunea antolatu egin da eta sekzio txiki bat jarri da edukiontzietarako.
Aparkaleku-kopurua (18 p.) txikiagoa da oraingoa baino (35 p.), 17 plaza gutxiago, hain zuzen. Mugikortasun murriztutako pertsonentzat erreserbatutako plazari (1) eusten zaio, bai eta zamalanetarako erreserbatuta dauden 3 plazei ere.
Kalea ekipatu da fatxadekin lerrokatutako lau parterrekin, zuhaitzak jartzeko aukera emango dutenak, eta zuhaitz-txorko batzuk aurreikusi dira. Esnea saltzeko makinak oraingo tokian jarraituko du. Argiteria eraberrituko da espaloian 5 metro altu diren zutabe berriak ipinita. Eserlekuak este aurreikusi dira eta zerbitzuen azpiegiturak eraberritu egingo dira.
Zoladurei dagokienean, baldosa tolosarra jarriko da espaloietan eta asfaltozko aglomeratu inprimatua galtzadan, Nafarroa etorbidean eta Gudari kalean bezala.
Aurrekontua da 553.251,31 euro, gutxi gorabehera.
2. alternatiba
Alternatiba honek proposatzen du eraberritzearen ingurumen-ikuspegia zabaltzea eta kalea izatea San Frantzisko ibilbidea eta Lizardi olerkariaren parkea eta Oria ibaiko pasealekua lotzen dituen oinezkoentzako ardatz nagusia.
Kasu honetan, kaleko aparkalekuak kendu nahi dira, horrela espaloien zabalera handitu ahal izateko. Neurri horrek asko handituko du oinezkoek ibiltzeko duten eremua, irisgarritasun-estandarrak hobetuko ditu, kalean bertan dauden dendak eta negozioak indartuko ditu, eta posible egingo du arbolak aldatzea eta kalea altzari gehiagorekin ekipatzea.
Gaur egun dauden 35 aparkaleku-plaza guztiak kenduko dira. Ibilgailuen trafikoa, berriz, ez da kenduko, ezta zama-lanetarako aparkaleku-plazak ere.
Kaleko sekzioak espaloiaren eta galtzadaren arteko maila edo koskarik gabe aurreikusi dira. Ibilgailuak espaloietara sar daitezkeeneko gunetan bolardoak jarriko dira.
1. alternatiban esandakoari eusten zaio zama-lanetarako eta edukiontziak jartzeko guneei, argiteriaren eta eserlekuen antolamenduari, aukeratutako zoladurei, azpiegituren eraberritzeari eta hiri-altzarien ekipamenduari dagokienean.
Aurrekontua da 575.850,63 euro, gutxi gorabehera.
3. alternatiba
Alternatiba honek proposatzen du lehengo bi alternatibak, hau da, 1.a eta 2.a konbinatzea, bien ekarpenen arteko oreka bilatuta eta honako irtenbide hau azalduta: kalea bihurtzea oinezkoentzat berreskuratutako gune, baina horrek aparkamenduan dituen ondorioak arinduta.
Aukera honek berekin dakar gaur egun dauden TAOko 35 plazetatik 27 plaza kentzea; beraz, 8 plaza geratuko lirateke.
1. alternatiban esandakoari eusten zaio zama-lanetarako eta edukiontziak jartzeko guneei, argiteriaren eta eserlekuen antolamenduari, aukeratutako zoladurei, azpiegituren eraberritzeari eta hiri-altzarien ekipamenduari dagokienean.
Aurrekontua da 564.670,49 euro, gutxi gorabehera.