Arrameleko zubia eta ondoko biribilgunea berritzeko obraren lizitazioa abiatu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/16 | Obrak, Zerbitzuak
  • Zubiaren erabilerak banatu egingo dira: iparraldeko zatia bidegorria izango da; bestea, berriz, oinezkoentzako bakarrik.

 

Arrameleko zubia eta ondoko biribilgunea berritzeko obraren lizitazioa argitaratu berri du Udalak. Biribilgunea zabaltzeko lanak egin ez ezik, espaloiak eta bidegorriak berrituko dira, baita zubia atontzeko kale-argiak eta loreontziak jarri ere.

Apirilaren 9ra arte izango dute enpresek eskaintzak aurkezteko epea; proposamenak aztertu eta kontratua esleitu ondoren, hiru hilabeteko epea izango du esleipendunak obrak egiteko. Gutxi gorabehera, milioi erdi euroko inbertsioa egingo du Udalak hobekuntza honetarako.

Behin betiko biribilgunea, zabalagoa

Jon Andoni Irazusta pasealekuaren eta Larramendi kalearen arteko bidegurutzean biribilgune bat egin zen, behin-behinean, 2021ean, eta horregatik daude eremu horretan, errepidean, bide-marka horiak. Oso neurri txikia du, eta zaildu egiten du ibilgailu astunek maniobrak egitea. 

Hori dela eta, biribilgunea zabaldu eta behin betiko soluzio bat emango zaio eremuari. 19 metroko kanpo diametroa izango du, eta barruko irlatxoak, berriz, zortzikoa. Orain arte bezala, behar izanez gero, ibilgailuek zapaldu ahal izango dute. 

Horrek, ezinbestean, inguru osoa berrantolatzea dakar. Hasteko, biribilgunea zabaldu ahal izateko, lurzati bat desjabetu da: Larramendi kaleko 2. zenbakiko hesiari puska bat kenduko zaio, eta metro batzuk atzeratuko da. Hori egingo da errepidearen zati bat eta oinezko bidea metro batzuk mugitu ahal izateko. Hauxe da orain artekoaren eta etorkizunekoaren alderaketa erakusten duen planoa:

Erabileren banaketa

Zubiaren erabileren banaketa ere aldatu egingo da, batez ere, bizikletei dagokiena: iparraldeko espaloia —Belate aldekoa— bidegorria izango da, eta bizikletentzako izango da esklusiboki. 2,60 metroko zabalerako bidea izango da, bi noranzkoko erreiekin. Horrek ahalbidetuko du Anoetarantz doan Belate pasealekuko bizikleta-bidearekin lotura egitea. Hegoaldeko espaloia —Felipe Gorriti plazatik Trinkete plazako etxeetara doana—, oinezkoentzako izango da. 

Zergatik erabaki da banaketa hori egitea? Honela azaldu du Ander Figuerido Hirigintzako zinegotziak: «gaur egun oso estu geratzen dira, bai oinezkoen bi espaloiak, baita bizikleten bidea ere. Gainera, bidegorria moztu egiten da biribilgunera heltzean. Horrek elkarbizitzara derrigortzen ditu oinezkoak eta bizikletak. Oso zati estua da, eta ezin da zabaldu, ibaiak mugatzen baitu. Segurtasun arazoak sortu izan dira. Hori ez gertatzeko, eta bidegorria ez eteteko, teknikoki bideragarriena beste aldera pasatzea zela ikusi da. Ez zegoen soluzio errazik. Bereizketa eginda, oinezkoen bideak ere asko irabazten duela baloratu dugu».

Zubian bertan hobekuntza gehiago egingo dira. Oinezkoen espaloiaren aldean errefortzuko heldulekua jarriko da, baita kale-argi berriak ere, argitasuna hobetzeko. Tarteetan, loreontziak edo lore-askak jarriko dira, zubia apaintzeko. Oinezkoak babesteko, metalezko baranda ere jarriko da biribilgunearen inguruan. 

Sei obraren zuzendaritzarako lizitazioa ere martxan

Horrez gain, argitaratu du Udalak Tolosan sei berrurbanizazio obra zuzentzeko eta segurtasun eta osasun koordinazio lanak egiteko zerbitzua kontratatzeko lizitazioa ere. 

Aurten bideratu asmo diren sei lan barne hartzen ditu: San Inazio auzoko bidegurutzearen urbanizazio lana; Arramele zubiko behin betiko biribilgunearen exekuzioa; San Blas auzoko urbanizazio proiektuaren aldaketa; Gorriti plaza berreskuratzeko proiektu bategina; Iurramendi kalearen eraikuntza-proiektua; eta aparkaleku publikoetan errekarga puntuak jartzeko obra zibilaren exekuzio proiektua. Apirilaren 13an itxiko da lehiaketa publikora proposamenak aurkezteko epea. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA