Asfaltatze-lanak eta irisgarritasuna hobetzeko beste zenbait lan, herriko 15 puntutan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/13 | Obrak, Zerbitzuak
  • 500.000 euro bideratuko ditu Udalak lan horietara; 2026an beste plan bat garatzea aurreikusten da, eta beste horrenbesteko inbertsioa egingo da.
     

Abiatzear dira 2025eko asfaltatze-planeko lanak, herriko kale eta bideetako galtzadetako zoruak eta zoladurak konpontzeko helburuarekin. 500.000 euro bideratu ditu Udalak lan hauetara. Herriko hamabost puntutan egingo dira asfaltatze-lanak.

  1. Bedaio: Gurbiltxikiko bidean, ia 3.000 m2ko zatia konponduko da.

  2. Izaskun auzora (Ibarra) igoera: Ilarramendigoiena bidearen hasieran, 129 m2ko zatia berrituko da.

  3. Usabal auzoa: Ollaunerako bidean, Sarrolazpikoa baserriaren bidegurutze ingurua konponduko da. 

  4. Santa Lutzia auzoa: Orixe eta Tolosaldea LHII ikastetxeen bidegurutzetik Uzturpe frontoirako tartea asfaltatatuko da. Pilotalekuaren atzean dagoen aparkalekuan eta bere sarbidean ere zenbait konponketa egingo dira. 

  5. Zumalakarregi pasealekua: Lizardi plazatik Zubiberrirako tartea asfaltatuko da. Etxeetatik gertuen dagoen aldean, oinezko bidea konponduko da, eta errepidearen maila berean jarriko da. Horrez gain, euri uren sarea ere berrituko da.

  6. San Esteban auzoa: Irualdetatik Zuberoarako sarbidea asfaltatuko da. Horrez gain, desasfaltatze lan bat ere egingo da, auzoko bi parkeak batzeko. Azken hau AuzoEkin prozesuaren barruan auzotarren eskakizunetako bat da. Eremu batetik bestera errepidea pasa behar izan gabe, segurtasuna hobetzea da lanen helburua. 

  7. Araba etorbidea: Aurrez iragarri zen moduan, aparkaleku gehiago lortu asmoz, Araba etorbidearen atzean, erdibitzailea kendu egingo da eta errei bakarreko bihurtuko da kalea. Asfaltatze lanez gain, aparkalekuak berrantolatuko dira, plaza berriak sortzeko. 20 plaza berri inguru sortuko dira. 

  8. Iurre auzoa: Eroski supermerkatuaren atzealdean, maiz hondatzen den bide-zati bat asfaltatuko da, 65m2 inguru. 

  9. Geltoki plaza: Plazako irteeran, Alliri eta Pedro Tolosa pasealekuek bat egiten duten puntuan, hondakinen bilketarako edukiontzien ondoan, zebra-bide jasoa egingo da, inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko. 

  10. Kondeaneko aldapa: Lore Arte etxe multzoaren eta Inmakulada Ikastolaren artean, aldapako malda aldatzen den puntuan, zebra-bide jasoa egingo da. Lehen urrats gisa, uda amaieran, lanbide heziketako ikastetxearen aurrean zegoen jardinera eraitsi zen. Ibilgailuen abiadura murriztu eta oinezkoen segurtasuna hobetzea dira helburuak. 

  11. Bizkai kalea: Iturriaren inguruko aparkalekuak asfaltatuko dira. Horrez gain, Hiribusaren geltokian markesina estali bat ere jarriko da. 

  12. Igeralde kalea: Agaramundu plazako edukiontzien bidegurutzetik gora doan bidean, eremu osoa asfaltatuko da. 

  13. Iparragirre: Igeralde kalean bertan, baina Iparragirre auzoaren aldean, autobidearen zubi azpia berregokituko da, aparkalekuak erregularitzatzeko, eta bidea konpontzeko. Horretarako oinezko bidea desbideratuko da zertxobait, eta ibilgailuak baterian aparkatzeko plazak margotuko dira. Horrez gain, batetik bestera pasatzeko zebra-bide jasoa egingo da. 

  14. Iparragirre eta Sputnik: Auzotarren eskakizunei eta Irisgarritasun Planari jarraituz, Telefonicaren eraikinaren bi aldeetan, zebra-bide jaso bana egingo da, irisgarritasuna hobetzeko. Igeralde kaletik beilatokira doan bidean ere zati bat ere asfaltatuko da. 

  15. Donostia etorbidea: Lehen zatia asfaltatuko da, 2.378m2 inguru. 

 

Lanen kontratua dagoeneko sinatu da, eta aurretiazko lanak hasi dira. Aurrera begira, baliteke lan horiek egiteko, eremu horietako bakoitzaren trafikoan edo aparkalekuetan eragina izatea. Hortaz, lanak hasi baino lehen jakinaraziko da, tokian bertan seinaleen bidez, baita udalaren kanalen bidez ere.

 

Konponketa gehiago egiteko bidean

Asfaltatze Plan hau iazko urtearen hasieratik landu da, Hirigintza Sailak galtzada-zoladuren kontserbazio-egoerari buruz egindako txostena oinarri hartuta. «Identifikatuta ditugu behar gehiago, puntu gehiagotan. Oraingoan batzuk egingo dira, guztiei batera ezin baitzaie heldu. Gainera, lanketa hau egin denetik egikaritu den arte, eremu batzuetan behar berriak sortu dira, Nafarroa Etorbidean adibidez. Jada lanean gabiltza hori konpontzeko, trafiko handiko gunea baita. Gainerakoei bide emateko, aurreikusten dugu aurten beste Asfaltatze Plan bat egitea, eta jada martxan gaude», azaldu du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak. Hain zuzen, 2026ko Asfaltatze-lanetarako, beste milioi erdia bideratuko du Udalak.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA