Iurramendi kalea berritu eta bidegorria egiteko lanen lizitazioa argitaratu du Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/03/06 | Obrak, Zerbitzuak
  • 2025ean hutsik geratu zen proposamenak jasotzeko lehiaketa, eta berriro ere argitaratu da deialdia.

  • Besteak beste, SAM zubitik Iurramendi egoitzako bidegurutzeraino bidegorria egingo da, Tolosak dituen bi bidegorriak batzeko asmoz.
     

Iurramendi kalea berritzeko lanen lizitazioa argitaratu du Tolosako Udalak. Duela bi urte eta erdi hasi zen proiektuaren lanketa, eta iaz argitaratu zen obra egiteko kontratuaren lizitazioa. Ez zen enpresarik aurkeztu, ordea, eta esleitu gabe geratu zen. Deialdian aldaketa batzuk egin eta gero, bigarren aldiz argitaratu da eta 420.000 euro inguruko inbertsioa egingo da.

Iurramendiko bizilagunen elkartearen eskaria izan da proiektu hau, helburu nagusi batekin: ibaiaren aldeko pasealekuan izaten diren segurtasun arazoak gutxitzearena. Bizikleten joan-etorria handia da eguneko tarte askotan, batik bat eskoletako sarrera eta irteera orduetan. Ibaiertzetik doan pasealekua elkarbanatu egin behar izaten dute oinezkoek eta bizikletek, eta arazoak sortzen dira sarritan. 

Hain zuzen, etxeetako sarrerak eta oinezkoak babestu asmoz, loreontziak jarri ziren 2024an alboetako batean. Hala ere, bizikleten fluxua aztertu da eta beste soluzio bat ematea hobetsi da, egoera hobetu bazen ere, oraindik ere arriskuak sortzen baitira.

Badu bigarren helburu bat: Tolosako bidegorri sarearen bi adarrak batzea, –San Frantziskotik eta Araba etorbidetik doana, batetik; eta Paper kaletik Santa Klarara doana, bestetik–. Modu horretara, bizikletaren erabilera hobetu eta oinezkoen segurtasuna handitu nahi dira. 

Lan hau egitearekin batera, urbanizazio lanak ere egingo dira, Iurramendiko aldapako etxeen alboko espaloia hondatu samar baitago. Era berean, ibaiertzeko pasealekua berritzeko proiektua ere lantzen hasia da Hirigintza Saila.

 

Proiektuaren inguruko xehetasunak

Iurramendi kaleko aldapan ez ezik, SAM zubira arteko zatian ere aurreikusten dira jarduketak. Lan horiek egin ahal izateko, aldapako zirkulazio-erreietako bat kendu egingo da, goranzkoa. 

Ibilgailuen fluxua aztertu da proiektua egiterako orduan, eta ondorioztatu da handiagoa dela beherantz doazen ibilgailuen kopurua. Martin Jose Iraola kaleko aldapara doan bidea ere ireki denez, gorantz egiteko aukera bermatzen jarraituko da. 

Erreia kenduta, aparkalekuak bertara mugituko dira, eta gaur egun autoak aparkatzen diren espazioan sortuko da bidegorria. Espazioa oso mugatua denez, ordea, bidegorriak goranzko norabidea bakarrik izango du. Jaisteko, bizikletek galtzada partekatuko dute. Paper kaleko biribilgunera iritsita, berriz, bidegorriko bi adarretara sarbidea egingo da.

Biribilgunetik SAM zubiaren arteko zatian bi norabideetan aurreikusten dira lanak. Norabide bakarreko bidegorri zatiak egingo dira alde bakoitzean, trafikoaren zentzu berean. Errepidea estutuko da horretarako, baita bertan dauden aparkalekuak berrantolatu ere.

 

Hurrengo urratsak

Martxoaren 23an amaituko da lizitaziora proposamenak aurkezteko epea, eta proposamenen azterketa teknikoaren ondoren, kontratua esleituko da. Ondoren, enpresa esleipenduna bost hilabetez arituko da lanean.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA