Tolosako bidegorria osatu egingo da, Udalak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/04/28 | Obrak, Zerbitzuak
  • Agintaldi hasieratik Aldundiarekin izandako elkarlanaren bidez, osatu egingo da suhiltzaileen egoitzaren inguruko bidegorri zatia
     

Tolosako Udalak Tolosako bidegorria osatuko du lehendik egina dagoenari beste zati bat erantsita, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenaren bidez: suhiltzaileen egoitza ondoko biribilgunetik hasi, eta N-1a igarotzen den zubiazpirainoko tartea egingo da orain. Horrela, Tolosak oinezko eta bizikletentzako ibilbide berri bat izango du Amarotzen, N-I-434 lotunearen inguruan, herritarren eguneroko joan-etorrietan segurtasuna, irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzeko.

Agintaldi honetan Aldundiarekin izandako elkarlanaren fruitu da azpiegitura berria. Izan ere,  Amarotzen egingo  den bidegorri berriaz gain Tolosako Udalak hainbat arazo mahaigaineratu izan ditu Aldundiarekin izandako bileretan; besteak beste, hauek: Aldaba, Ugane, Urkizu eta Bedaioko zein Aldundiaren eskumenekoak diren herriguneko errepideak hobeto jartzea, Kondeaneko aldapan oinezkoen segurtasuna bermatzea, Arramele eta Belate auzoen arteko ibilgailuentzako zubia eraikitzea, Uzturre kalea eta N-1eko sarbide/irteeren arteko bidegurutze arriskutsuari irtenbidea ematea eta Usabal kiroldegitik Alegia aldera doan bidegorria konpontzea, duela gutxi egin dena.

Amarotzeko bidegorriaren proiektuak ibilbide integratu bat aurreikusten du, oinezkoak eta txirrindulariak batera ibiltzeko modukoa. Horretarako, 2,5 metro zabaleko bidegorri bat eta 2 metroko espaloia eraikiko dira, biak hormigoizko elementu batez bereizita. Diseinuak bi erabileren arteko bateragarritasuna bermatzen du, segurtasuna lehenetsita.

Esku-hartzeak hainbat aldaketa ekarriko ditu egungo azpiegituran; besteak beste, errepideko erreiak moldatuko dira, erdibitzailea berrantolatuko da eta Usabal zein Amarotzeko biribilguneetan egokitzapenak egingo dira. Gainera, saneamendu-sarea, drainatze-sistemak eta argiteria eguneratuko dira, eta seinale berriak jarriko dira, ibilbidearen funtzionamendu egokia bermatzeko.

 Obrak egitean, trafikoan ahalik eta eragin txikiena izatea bilatuko da, eta erabiltzaileen segurtasuna uneoro bermatuko da. Gainera, lanek ingurunea hobetzea ere badute helburu, eta jarriko dira hiri-altzariak eta landaketak ere.

 Proiektuaren aurrekontua 339.045,07 eurokoa da, eta lanak gauzatzeko aurreikusitako epea 12 astekoa izango da.

Udalak nabarmendu du ekimen honek aurrerapauso garrantzitsua dakarrela mugikortasun jasangarriaren alde, oinezkoei eta bizikletei lehentasuna emango baitie, eta hobetu egingo baita espazio publikoaren kalitatea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA