Zubiberria ordezkatzeko galbahea pasa duten bost proiektuak aurkezteko jardunaldia, datorren asteazkenean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2026/01/14 | Obrak, Zerbitzuak
  • Topic-en izango da, hilaren 21ean, 18:00etan, eta bost proiektuen ezaugarriak azaldu ez ezik, aukeraketa prozesuaren nondik norakoak aurkeztuko dira.

  • Hilaren 22tik aurrera zabalduko da tolosarrentzat bozketarako epea.
     

URA Agentziak eta Tolosako Udalak azaroan iragarri zuten moduan, herritarrek bozkatu ahal izango dute Zubiberria zein proiektuk ordezkatuko duen. Bada, proiektu-proposamen berriak egiteko prozedura irekia deitu zuen URAk eta aurkeztutako lanen azterketa teknikoa eginda, galbahea pasa duten proiektuak herritarrei aurkezteko saioa izango da datorren astean.

Bost dira lehen fasea gainditu duten lanak, prozedura irekian aurkeztu diren lau –Ines, Anta, Injelan eta SBP enpresenak, hain zuzen– eta aurrez URA Agentziak landua zuen proiektua. Proiektu horietako bakoitzaren xehetasunak emango dira informazio-saioan. Asteazkenean, hilak 21, izango da, Topic-eko Antxon Elosegui areto nagusian, 18:00etan.

 

Ondoren, bozketa

Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izango ditu: lehen urrats gisa, proposamen guztien azterketa teknikoa egin du URA Agentziak. Besteak beste, honako irizpide hauek hartu ditu kontuan: proposamenaren gaitasun hidraulikoa, jarduketa eta diseinu proposamena, obren sarbide eta lurren okupazio-maila, ingurumen-ondorioak, udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen azterketa, planifikazioa eta metodologia. Azterketa horretan lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako.

Bigarren fasean, formula bidez automatikoki ebaluatuko diren bi aldagai finkatu dira: batetik, herri bozketa egingo da, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko da—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazio honek ere. Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko da, eta gainerako % 20ko balioa izango du. 

Herri bozketa jardunaldiaren hurrengo egunean abiatuko da, hilaren 22an, eta 29an amaitu. Bozketaren prozedura beraren xehetasunen berri ere emango da datorren asteazkenean. Hala eta guztiz ere, proiektu guztien inguruko informazioa eta bozkatu ahal izateko urratsen berri emango da hilaren 22an bertan, Udaleko kanalen bitartez.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA