2022ko aurrekontuen inguruko txostena herritarren eskura webgunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/02/03 | Ogasuna
  • Aurrekontuen inguruko txosten grafikoa jarri du herritarren eskura Udalak tolosarrek modu ulerterrazean aurtengo aurrekontuen helburu nagusiak zein diren, gastuak nola banatzen diren, arlo bakoitzera zenbat diru bideratu den eta zein proiektu eta egitasmo gauzatuko diren ezagutzeko aukera izan dezaten.

  • Halaber, Tolosatzen partaidetza prozesuaren baitan aurrekontu proiektuan txertatu diren herritarrek egindako proposamenen berri ematen da txostenean.

 

 

Abenduko Osoko Bilkuran onartutako aurrekontu proiektua dagoeneko indarrean da eta horregatik, aurkeztu du gaur udal gobernuak 2022ko aurrekontuen inguruko laburpen txostena, herritar guztien eskura jarri dena udal webgunean.

Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu duenez, gardentasunaren aldeko ariketan osatu eta jarri da herritarren eskura 2022 urteko aurrekontuen inguruko txostena, modu grafikoan eta errazean herritarrek informazio osoa izan dezaten: helburu eta lehentasunak; gastuen banaketa, inbertsio eta egitasmo nagusiak, besteak beste.

“Kudeaketarako lan izugarria izango dugu aurten, 2022. urtera iritsi baikara Legealdi Planean jasotako eta aurreikusitako proiektu asko eta asko prest ditugula, hainbat gauzatzeko moduan eta berriak ere aurreikusiz” azpimarratu du alkateak, “horregatik behar genuen aurrekontu proiektu sendoa, errealista, eraginkorra, zorrotza eta jasangarria; egungo beharrei, baina baita ere etorkizuneko erronkei erantzungo diena” gaineratu du.

Tolosako Udalak 34,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, iaz baino %28 gehiago. Arloka modu honetara dago banatuta aurrekontua: %25 Antolakuntza (8,6 milioi euro); %32,72 Herritarrak (11,2 milioi); %23,22 Lurraldea (8 milioi) eta %19,04 Inbertsioak (6,6 milioi).

Inbertsio nagusien artean daude: Zumarditxikiko obra; Emakumeen Etxearen obra; Abegi gau eta egun zabaltzeko proiektuaren garapena; tren geltokiko irisgarritasuna hobetzeko obra; Gorriti eremua eraberritzeko obra; Usabaleko 3.fasea; Zezen plazaren 4.fasea; Amarotzeko auzoetxeko estalkia eraikitzeko lanak, azokaren digitalizazioaren sustapenean jarraitzeko egitasmoak; Ekintzailetza sustatzen jarraitzeko proiektu berria, besteak beste.

Herritarren proposamenak aurrekontu proiektuan jasota

Alkateak azaldu du 2022ko aurrekontuak metodologia berriaren baitan eta prozesua urte osora zabalduta landu direla, lehendabizi arreta-guneak identifikatuta eta ondoren proposamenak landuta.

Arreta gune bakoitzeko adibide bat jarri du alkateak:

Arreta-gunea

Herritarren proposamena

Aurrekontu proiektuan jasotako egitasmoa

Administrazioaren arintasuna eta gerturatze beharra

Zerbitzu gida bat osatzea

Udal zerbitzuen gida berritua

Zaintza komunitarioa

Tolosan Zaintza komunitarioaren arloan lan egiten duten eragile eta ekimen desberdinak ezagutaraztea

Boluntariotza azoka indartzea

Osasun eta bizi-ohiturak

Iurramendiko berdegunearekin zer egin aztertzeko lanketa

Iurramendiko berdegunerako proiektua

Bertakoa, Tolosakoa

Emari Coworking espazio indartzea

Elikaduraren esparruan ekintzailetza sustatzeko proiektu berria

Aldaketa klimatikoa

Energia berriztagarrien sustapena

Led argien eta eguzki panelen instalazioa

Gazteak

Haur, nerabe eta gazteen kultur ekitaldien kontsumoa aztertzea

Haur, Gazte eta Nerabeen inguruko diagnosia eta ekintza plana

Berdintasuna, indarkeria matxista eta LGTBI-fobiak

Indarkeria matxista lantzeko formakuntza tailerrak eskolatik kanpo ateratzea

Emakumeen Etxerako ekintza-jardueren programazioa.

Aurrekontu txostenean jaso dira, arreta-gune bakoitzeko, aurrekontu proiektuan txertatu diren herritarren proposamen guztiak.

“Asko dira eta oso anitzak aurrera eramango ditugun proiektuak eta horiek herritarrekin elkarlanean gauzatu eta landuko ditugu, orain arte bezala” gaineratu du alkateak.

Hemen kontsultatu daiteke aurrekontu txostena.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA