Gobernuak OHZren errekarguan salbuespen gehiago txertatzea proposatu du egungo errealitateari modu egokiagoan erantzuteko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/09/04 | Ogasuna

Tolosako udal gobernu taldeak datozen urterako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du. Udal gobernuaren helburu nagusia da, ahal den neurrian, tolosarrek jasaten duten presio fiskala baretzea, betiere, Udalaren gastu eta diru-sarreren arteko oreka mantenduz herritarrei eskainitako zerbitzuen kalitatea bermatzen jarraitu ahal izateko.

Gauzak horrela, datorren urteari begira gobernu taldeak Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren errekarguan salbuespen gehiago txertatzea proposatu du. Izan ere, Ogasun zinegotzia den Begoña Tolosak azaldu duenez, azken urteotan aipatu errekargua kobratu izan da hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko, “baina ikusi dugu badirela kontuan hartu behar ditugun beste hainbat salbuespen, urtetik urtera kasu ezberdinak aztertu behar izan direlako”. “Zaila da zer den edo ez den etxebizitza hutsa zehaztea baina azken urteotan izan ditugun kasu ezberdinak aztertu ostean, beharrezkoa iruditu zaigu errekarguan salbuespen gehiago txertatzea egungo errealitateari ahalik eta modurik egokienenean erantzuteko”.

Beraz, gobernuaren proposamena da, aurrerantzean, ondorengo kasuetan ere errekargurik ez kobratzea:

  • Etxebizitza urtarrilaren 1 eta martxoaren 31 bitartean saldu bada, nahiz eta inor erroldatuta ez egon.
  • Urtarrilak 1eko datarekin, etxebizitza obretan badago, inor erroldatuta ez badago ere, udaleko obra lizentzia aurkeztuta.
  • Etxebizitza jabeak kanpoan bizi direnean eta lanagatik urtea kanpoan igaro behar dutenean urtean zehar oinarrizko elektrizitate edo gas gastua egin dela ziurtatzen bada.
  • Mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzagatik, zaintzaren ardura duen senitartekoak edota zaintza behar duenak etxebizitzaz lekualdatu behar duenean eta etxebizitza berrian erroldatu behar duenean laguntzak jaso ahal izateko. Kasu horretan, hutsik geratzen den etxebizitza ez da etxebizitza-hutsa kontsideratuko.

Udal gobernu taldeak herriko etxebizitza hutsak merkaturatzeko neurriak hartzen jarraituko duela baieztatu du eta horretarako etxebizitzak birgaitzeko programak sustatuko ditu gazteen emantzipazio aukerak areagotzeko, “edonola ere, uste dugu, benetan hutsik dauden etxebizitzei ordaindu arazi behar diegula errekargua” adierazi du.

Gainerako udal tasa eta zerga guztiek KPIak izandako igoera bera izatea proposatu du gobernuak eta zabor tasaren kasuan, honek azken urteotan bezalaxe, %5eko igoera izatea proposatu du zerbitzuaren gastuaren eta tasagatik jasotzen den diru-sarreraren artean dagoen desorekari aurre egiteko.

Azkenik, Instalazio, Eraikuntza eta Obren gaineko Zergan hobari berria txertatzea ere proposatu du gobernuak. Zehazki, eraikinetan energia-eraginkortasuna hobetzeko egiten diren obrei emango zaie hobaria, eraikuntza berriak direnean, legeak ezarritako minimoak gainditzen direnean emango da eta kasu bietan soilik hobaria energia eraginkortasuna hobetzeko egindako lanei emango zaie. “Energia aurrezteko urratsak egitea, bai udal eraikinetan, baina baita herriko gainerako eraikinetan ere, garrantzitsua iruditzen zaigu, Tolosa jasangarriagoa baten alde egiteko eta helburu hori lortzeko politika eta neurri ezberdinak sustatuko ditugu” baieztatu du Begoña Tolosak.

Udal gobernu taldeak gaur bertan aurkeztu dio proposamena oposizioari eta irailaren 10 arte ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera izango dute. Proposamenak jaso ondoren, jasoko balira, horiek aztertu eta adostuko lirateke. 2020ko ordenantza fiskalen azken proposamena irailaren 26an ospatuko den Osoko Bilkurara eramango da onartua izan dadin ordenantzak urtarrilean jada indarrean egon daitezen.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA