Tolosak 25 milioi eta 182 mila euroko aurrekontua izango du 2018an, iaz baino %1,5 gehiago

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/12/28 | Ogasuna
  • Tolosako Udalak abenduaren 27an egindako Osoko Bilkuran onartu zuen 2018ko aurrekontua, EAJ eta PSEren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin.

  • Kopuru osotik, eguneroko beharrei eta jada abian diren plangintzei aurre egiteko da zati handi bat, baina, badira etorkizuneko apustuak ere: Frontoiko obrak eta Gernikako Arbolaren eraberritzearen II. Fasea, kasu.

  • Tolosatzeneko kideek plazaratutako ideia, kezka, behar edota proposamen ugarik isla dute 2018ko aurrekontuan txertatu diren 51 proiektutan eta 548.800 euroko kopurua bereganatuko dute.

  • Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du zuhurtziaz egindako aurrekontua dela 2018koa: “politika jasangarria da gurea; orainari erantzun eta etorkizunari arretaz heltzeko planteamendua”.

  • Osoko Bilkuraren bideoa amaieran.

 

Tolosako Udalak onartu zuen atzo, abenduak 27, egindako urteko azken Osoko Bilkuran 2018 ekitaldirako aurrekontuaren proiektua. Zenbatekoa 25 milioi eta 182 mila eurokoa izango da, 2017an baino % 1,5 gehiago, zenbakitan, 354.000 euro gehiago. Olatz Peon Ormazabal alkateak nabarmendu du gizarte alorreko eta garapen ekonomikoari begirako politikak dituela oinarri: “gure politikaren bi zutabe garrantzitsuenak dira. Egoera hobera doa pixkanaka eta aurrekontua bera tendentzia horren isla da. Politika jasangarria da gurea, eta zuhurtziaz osatu dugu. Kontuan dugu zein den egungo errealitatea, beraz, orainari erantzun eta etorkizunari arretaz begiratzeko planteamendua da 2018ko aurrekontuarena”.

Aurrekontuaren azken irizpenak Gobernu Taldearen (EAJ - PSE) aldeko 10 boto jaso ditu eta oposizioaren (EH Bildu – 7 boto) kontrako botoak.

Aurrekontuaren lehentasunak honakoak izan dira: gizarte ongizatea, jarduera ekonomikoaren sustapena eta kalitatezko zerbitzuen bermea. Hori horrela, honela egituratu da aurrekontua, 25 milioi 182 mila euroko sarreren parekoa izanik ere gastua, inbertsioak kontuan izanik.

Sarrerak: 25 milioi eta 182 mila euro

  • Jasotako diru-laguntzak: 13.902.891,67 euro.
  • Zergak, tasak eta ondarea: 11.154.479 euro.
  • Inbertsioetako diru-sarrerak: 124.000 euro.

Gastuak: 25 milioi eta 182 mila euro

  • Gastu arruntak eta zerbitzuak: 9.211.407,38
  • Pertsonala: 8.335.071 euro.
  • Emandako diru-laguntzak: 4.372.457,76 euro.
  • Inbertsioak: 2.147.436 euro.
  • Finantza karga: 1.115.000 euro.

Departamentuka, honela banatu da aurrekontua:

  • Obrak, zerbitzuak eta hirigintza: 8.388.601 euro.
  • Kultura, Jaiak eta Gazteria: 3.356.958,20 euro.
  • Gizarte Zerbitzuak: 2.663.980,38 euro.
  • Herritarren segurtasuna eta Mugikortasuna:2.482.717 euro.
  • Ekonomia eta Ogasuna: 1.833.249 euro.
  • Giza baliabideak:1.793.484 euro.
  • Hezkuntza eta Hizkuntza politika: 1.489.108,56 euro.
  • Kirolak: 1.375.349 euro.
  • Ingurumena, Garapen ekonomikoa, Merkataritza, Feriak eta Turismoa: 976.766 euro.
  • Gobernua: 622.459 euro.
  • Berdintasuna: 198.699 euro.

Aurrekontuaren bi atal garrantzitsuk, gizarte politikak eta garapen ekonomikoak, proiektu esanguratsuak barneratu dituzte 2018ko aurrekontuan. Gizarte zerbitzuen alorrak 2 milioi eta 664 mila euroko ekarpena du. Tolosar bakoitzeko 143 euro. Proiektuen artean, aurten, Gizarte Zerbitzuen alorraren eskaintza osatu eta sendotuko da. Horrez gain, badira berrikuntzak, tartean bikote bananduentzat abian jarriko den zerbitzu berria: 'Elkargunea' edota sexu bortizkeria kasuetarako arreta juridikoa.

Garapen ekonomikoaren alorrean, berriz, alkateak nabarmendu du “lehentasuna” dela, gizarte ongizatea bermatzearekin batera: “ekonomiaren martxa onak bermatzen baititu gizarte politika indartsuak eta gizartearen ongizatea”. % 13 handitu da Tolosako ehun ekonomikoa babestu eta sustatzeko diru partida. Alkateak adierazi duenez, enpleguaren sorrera dinamizatu eta aktibitate ekonomikoa sustatzeko “ekosistema positiboa” sortzea da helburu. Bide horretan, aurtengo aurrekontuan enpresen lehiakortasuna indartzeko diru lerro bat ezarri da. Honek Lanbide Heziketa Ikastetxeen elkarlana izango du. Horri tiraka, Lanbide Heziketa Azokaren III. Edizioa ere izango da. Gainera, Enpresaren Eguna antolatuko da lehenengoz. CoWorking gunea ere martxan izango da 2018an, eta horretarako ere diru-partida bat ezarri da. Turismoari dagokionez, gutxi barru jaurtiko den Tolosaren bideo promozionala edota turismo-web orri berria dira nabarmentzekoak. Merkataritzan, Errementari kalean burututako Gune Biziak programa Gudari kalera zabaltzea. Azokak ere lehentasun dira, horretarako 3 guneren azterketa eta hainbat dinamizazio-ekimen sustatuz. 18an ere Euskal Herria plazako hotela eta ostatua zabalduko dira eta beste hainbaten artean, Enplegu Planak ere aurrera jarraitzen du.

Hauek Udal Gobernuaren politika publikoan pilare izanda, Udaleko departamentu guztiek dituzte aurrekontuetan igoerak. Nabarmentzekoak, hirigintza eta zerbitzuen alorrean, esaterako, Nafarroa etorbideari, Bidebieta edota Bizkaia kaleari jarraiki, eraberritze eta irisgarritasuna bermatzeko aktuazio ugari egingo direla. Auzoetan ere, bizilagunekin adostu diren hainbat proiektu burutuko dira. Tolosak duen mugimendu kultural eta artistikoa zaindu eta sustatzeko ahaleginean jarraitzeaz gain, badira data berezi ugari: iazko Tolosako Ekinbide Etxearen 50. urteurrenari jarraiki, aurten, Nazioarteko Abesbatza Lehiaketak beteko ditu 50. Hori ere babestuko du Udalak. Euskara eta Hezkuntzaren alorrean, eskualdeko Udalek eta Galtzaundik batera, “aktibazio” proiektua jarriko dute abian, eta Udalak Tolosako merkataritza euskalduntzeko egitasmoa ere. Bestalde, udalerriko ekosistema aztertuko da eta herritarren esku jarri liburuxka batean eta Berdintasun Departamentuak bultzatuta, Emakume Etxearen parte-hartze prozesua.

 

Inbertsioetarako 2 milioi eta 147 mila euro

Sarrera eta gastuen arteko aldea inbertsioak egiteko erabiliko da: 2.147.436 euro, aurrekontu osoaren % 9. Zati handiena daramate Frontoiko obrak eta Gernikako Arbolaren eraberritzearen II. Faseak: 575.000 eta 550.000 euro, hurrenez hurren. Honakoak dira nagusienak:

  • Frontoiko obra: 575.000 euro.
  • Gernikako Arbolaren eraberritzearen II. Fasea: 550.000 euro.
  • Olarraingo irisgarritasun lanak: 50.000 euro.
  • Elkargunea: 35.000 euro.
  • Samaniegoko obrak: 60.000 euro.
  • Haur parkeen eraberritzea: 61.500 euro.
  • San Estebango obrak: 60.000 euro.

Horrez gain, hainbat proiektu berri jarriko dira abian, etorkizuneko aktuazioen lanketa hasiaz. Honakoak dira:

  • San Estebango azterketa sakona: 60.000 euro.
  • Rondilla eta Laskoaingo aurreproiektuak: 25.000 eta 6.000 euro.
  • Soldadu kaleko eraberritze proiektuaren eguneratzea: 10.000 euro.
  • Garbitasunerako sentsibilizazioa: 30.000 euro.
  • Bide publikoen azterketa: 18.000 euro.
  • Gernikako Arbolaren eraberritzearen II. Fasearen proiektua eta zuzendaritza: 50.000 euro.
  • Udaletxeko klimatizazio sistemaren proiektua: 30.000 euro.
  • Auzoetxeko aurreko estalpearen ideia lehiaketa, proiektua eta zuzendaritza: 60.000 euro.

 

Zorpetze maila behera

2017a 7.274.761,67 euroko zorrarekin itxiko da eta 2018aren amaieran 6.215.601,36 eurokoa izatea aurreikusi da. Udalaren egoera ona dela adierazi du Ogasun zinegotzi Begoña Tolosa Mendiak. Inbertsio maila igo dela eta ekintza hauek momentu honetan aurrekontuak ahalbidetzen dituenak direla gaineratu du: “urtean zehar kreditu aldaketak baliatuz proiektu gehiago gauzatuko dira”. Bide horretan, 2017ko azken kreditu aldaketan txertatu zen Gudari kalearen eraberritzea eta horri hasiera ematea dago aurreikusia Inauterien ondotik. 2018an zehar egingo diren kreditu aldaketen bitartez, turismo bulego berria, etxebizitza hutsak merkaturatzeko diru lerroak, San Blas inguruaren eraberritzea edota Auzoetxe eta dispentsarioko obrak… egitea dago aurreikusia udal plangintzan.

 

Tolosatzen bigarrenez: 51 egitasmo eta 548.800 euro

Tolosatzen partaidetza proiektua abian jarri zuen Tolosako Udalak 2016ko apirilean, eta aurtengo aurrekontuetan isla dute, bigarrenez, prozesuan parte hartu duten herritarren ekarpenek: Tolosatzeneko kideek plazaratutako ideia, kezka, behar edota proposamen ugarik isla dute 2018ko aurrekontuan txertatu diren 51 proiektutan eta 548.800 euroko kopurua bereganatuko dute.

Iaz, 40 proiektu inguru txertatu ziren 2017ko aurrekontuan, 400.000 euroko aurrekontuarekin. Horien betetze maila publikoa da, guztiei eman zaie hasiera eta batez beste, % 70aren bueltan daude exekutatuak. Www.tolosa.eus/tolosatzen atarian egin daiteke jarraipen osoa.

Hain zuzen, aurrekontuan isla duten ekintza horien jarraipena egitea, betetze mailaren ebaluazioa eta hurrengo urteei begirako ekintzak zehaztea izango da Tolosatzeneko kideen lana.

 

Herriko eragileentzat 4 milioi eta 174 mila euro

Herriko talde eta eragileek egiten duten lana indartzeko eta elkarlana bultzatzeko, Udalak 4 milioi eta 174 mila euro bideratuko ditu datorren urtean diru-laguntzetan.

Aurrekontu proiektu osoa atxikita.

 

Osoko Bilkuraren bideoa

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA