Tolosarako abiatutako proiektua burutzea eta etapa berri bati hasiera ematea, horiek ditu helburu nagusi Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/12/13 | Ogasuna
  • Udal Gobernuak eutsi egiten die legealdirako ezarritako lehentasunei: enplegua eta ekonomia sustatzea, pertsonen ongizatea bermatzea, udalerri atseginagoa eskaintzea beharrezko azpiegiturekin, gure ingurumena eta gure kultura zaintzea eta euskara sustatzea, gobernantza-eredu egokia eta parte-hartzea oinarrian direla.

  • Hauek dira gobernuak 2019rako proposatutako proiektu nagusiak: Zumardi Txikiari buruzko azterlana egitea, Rondilla kalea berritzeko proiektua bultzatzea, hainbat kale urbanizatzea (horien artean Laskorain kalea), Udate berregituratzea herritarren arretarako zerbitzu oso moduan, sentsibilizazio-kanpainen bidez garbiketa hobetzea eta Sevendenea eta Emakumeen etxea egokitzea (azken hauek gizarte eta kultura arloko azpiegituren azterketatik eratorritako proiektuak).

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak gaur aurkeztu ditu gobernu-taldeak datorren urterako proposatutako helburu eta proiektu nagusiak. Alkateak aurrekontu-proposamen hauen garrantzia azpimarratu du; “izan ere, aukera emango digu duela lau urte aurkeztu ginenean plazaratu genuen programa burutzeko, eta, era berean, etorkizunean garatuko ditugun proiektuen oinarriak finkatzeko”. Alde horretatik, Peonen hitzetan, “oso garrantzitsua da gaur egungo egoeratik abiatuta lan egitea, une honetako beharrizanei erantzutea, baina etorkizuneko ikuspegia alde batera utzi gabe”. Legealdiaren hasieratik, ikuspegi hori ardatz harturik egin dutela lan nabarmendu du Peonek: “Urteotan guztiotan Tolosa berriro martxan jartzeko proiektuak eta azterlanak egin ditugu, baina, horrez gain, etorkizunean aurrera egiteko eta urratsak emateko aukera emango diguten ekimenak ere landu ditugu, tolosarrei beste alternatiba eta aukera batzuk eskaintzeko helburuarekin”.

Datorren urteko aurrekontua 26.817.000 eurokoa izango da, 2018koa baino %6,64 handiagoa. Aurrekontu-proiektu horren helburuak, Peon Ormazabalek azaldutakoaren arabera, lau bloke nagusitan banatuko dira: tolosarren ongizatea; enplegua eta ekonomia hobetzea; mugikortasuna eta ingurumena hobetzea; eta, azkenik, udal jardunaren zeharkako arloak bultzatzea: euskara, genero-berdintasuna, gardentasuna eta parte-hartzea. Bloke horietako bakoitzaren xehetasunak eman ditu alkateak:

1. Tolosarren ongizatea hobetzea

“Pertsonak eta politika sozialak dira gure lanaren ardatz nagusia –azpimarratu du alkateak– eta, horrenbestez, Gizarte Zerbitzuetara bideratutako aurrekontua %3 handitzea proposatzen dugu, pertsona gehiagori arreta eman ahal izateko eta zerbitzu hobea eta zabalagoa eskaintzeko, egungo beharrizanei egokitua”. Guztira, 2.770.000 euro bideratuko ditu Udalak zerbitzu sozialetarako, 145 euro pertsonako. “Gaur egun, Tolosak ia osotasunean eskaintzen ditu Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan aurreikusitako zerbitzu guztiak, eta aurki denak eskaintzea lortuko dugu, adineko pertsonentzat, bazterketa-egoeran dauden pertsonentzat eguneko zerbitzua martxan jartzen dugunean, eta baztekeria eta mendekotasun egoera arinean edo arriskuan daudenentzako tutoretza eta laguntza zerbitzua”, nabarmendu du Peonek. Era berean, ‘Familia Elkargunea’ zerbitzu berri bat ere jarriko dugu martxan, arazoak dituzten familiei bideratua. Orobat, boluntariotza-lanean ari diren elkarte eta erakundeei emandako laguntzak mantentzea eta ABEGIri emandako laguntza handitzea proposatzen dugu”.

Bestalde, Tolosako kultura eta gizarte arloko azpiegituren ordenamendua finkatzeko gidalerroak adostu ditu gobernu-taldeak, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko. Herritarrei eskainitako arreta hobetze aldera, alkateak jakinarazi du Udaletxeko eraikineko harrera modernizatuko dutela, Udate proiektuaren bidez arreta hobea, azkarragoa, eskuragarriagoa eta kalitate handiagokoa eskaini ahal izateko.

Kultura eta gizarte esparruko azpiegituren azterketan proposatutakoari jarraituz, bi proiektu landuko ditu Udal Gobernuak: bata Sevendenea eraikinarena, gazteek musika entseatzeko leku bat izateko, eta bestea, Emakumeen Etxearena, berdintasunerantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko.

Alokairuko etxebizitza indartu eta etxebizitza hutsak aktibatu nahi ditugu, obra eskatzen duten etxebizitzak egokituz, eta horretarako, hainbat urtetarako diru-laguntzen ildo bat jarriko dugu martxan, helburu hori lortzeko”. Peonek azaldu du programa hori batez ere jende gazteari zuzenduta egongo dela, emantzipatzeko gogoa izan eta egoera ekonomikoagatik horretarako aukera ez duten gazteei, hain zuzen ere. Horri begira, Udal Gobernuak 2019-2020 urteetan 320.000 euro bideratzea proposatu du.

Bestalde, txikienen aisialdi begira, haur parkeak hobetuko dituztela iragarri du alkateak. Udalak azterketa bat egin zuen 2017. urtearen bukaeran, haur parke guztien egoerari buruz eta horiek egoera onean mantentzeko beharrezkoak diren esku-hartzeei buruz, eta azterlan horren ondotik eginiko plana oinarritzat hartuta, 100.000 euro inbertituko ditu parkeak zaharberritzeko eta mantentzeko.

Estalpe bat eraikiko du Uzturre Zahar Egoitzaren esparruan, San Frantzisko elizaren inguruan, aisialdiko jarduerak eta sustapen ekonomikoarekin loturikoak dinamizatzeko eremu estali bat izate aldera.

2. Enplegua eta ekonomia hobetzea

“Gizarte eta ekonomia arloko politika eraginkorrak, tolosar guztien ongizatearen mesederako izaten dira. Hori dela eta, esparru horietan ditugu eskumenak baliatuz, merkataritzarako sail bat sortu dugu, eta besteak beste, Euskal Herria plazan hotel bat zabaldu dugu azokei eta turismoari bultzada emateko; orobat, coworking-eko espazio bat jarri dugu martxan, EMARI, eta oso harrera ona izan du. Horrenbestez, bide horretan jarraituko dugu lanean: coworkingari buruzko beste kanpaina bat egingo dugu, Turismo bulego berri bat sortuko dugu, bigarren urtez jarraian laguntzak emango dizkiegu enpresei berrikuntza-proiektuak gara ditzaten, azoka bereziak eta larunbaterokoak sustatzen jarraituko dugu, baita lanbide heziketa bultzatzen ere, gure industriaren etorkizunerako oinarria den heinean. 'BERRIZ enpresa' programa, orain 'Merkataritza biziberritzea' deitua, bultzatzen ere jarraituko dugu, merkataritzan belaunaldi aldaketa sustatzeko. Halaber, Enplegu Plana bultzatzen jarraituko dugu, Lanbide Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean, Garapen Agentziaren eskutik enplegua sustatzeko ekimenak gauzatzeko eta Tolosan langabezian dauden pertsonei lan-munduan aukera berriak eskaintzeko”.

Udalbatzak onartu berri du Enplegu Plana, alderdi politiko eta sindikatu guztien adostasunarekin, eta 2019. urterako 12 lanpostuko enplegu-eskaintza kudeatzea aurreikusten du.

Industria-lurzoruaren eskaintzari dagokionez, Olatz Peon Ormazabal alkateak zehaztu du Apatta Erreka garatzeko administrazio-prozedurari amaiera emateko urratsak emango dituztela, industria-lurzorurako 64.849 m²-ko azalera bideratuz.

3. Mugikortasuna eta ingurumena hobetzea

Ingurumen arloan, Udalaren helburu nagusia zein den jakinarazi du Olatz Peon Ormazabalek: "Oria ibaia herritarrei gerturatzea, hain zuzen, eta, horretarako, Zumardi Txikia berreskuratzeko proiektu bat diseinatuko dugu eta hor barnean jasoko dugu gaur egungo aparkalekua non kokatu daitekeen zehazteko azterlana”.

Elosegi Parkeko jarduera ere sendotuko du Udalbatzak, prestakuntza arloko ekimenei indar handiagoa emanez. Hondakinak kudeatzeari dagokionez, tolosarrak kontzientziatzeko lanean jarraituko du Udal Gobernuak, hondakinak bereizteko lan hori hobetze aldera.

Tolosak beharrezkoa du hiriguneko kaleen urbanizazioa hobetzen jarraitzea. Horren bidez, bi helburu lortu nahi ditu Udal Gobernu honek: batetik, oinezkoei lehentasuna eta trataera hobea ematea, eta bestetik, merkataritza dinamizatzea. Horretarako, datorren urtean urbanizazio-lan hauek gauzatuko ditu Udalak: Gernikako Arbolaren ingurunea anbulatorio publikoaren esparruan, Laskorain kalea Patinen plazarainoko ibilbide osoan, Oria kalea, San Frantzisko 39-41 tartea, Zezen-plazaren ingurua (autobus-geltokiaren esparrua), Euskal Herria plazako arkupeetako zorua eta Paper kalea (azken esku-hartze honetan, aparkatzeko plaza gehiago sortuko dira eta bidegorri-sarea zabalduko da).

Proiektu berriak idazteari dagokionez, “guztien artean esanguratsuena, Rondilla kalea urbanizatzeko diseinua” izango da, Peon Ormazabalek azaldu duenez, “udalerriko bizkarrezurra den heinean”.

Bestalde, Tolosako udalerriak Irisgarritasun Plan berria egiteko asmoa du, gaur egungoa gaurkotuz, eta landa-inguruneko auzoetan, Bedaioko erdigunea urbanizatuko du eta aparkaleku bat eraikiko du Aldaban.

Zezen plazaren eraberritzearekin ere aurrera jarraituko du Udalak. “Lau fasetan ari gara gauzatzen proiektua. Horietako lehenengoan, 2016an burutua, 3 irteera berri eraiki ziren. 2017an burutu zen bigarrena, eta palkoen egitura sendotu eta kanaloi guztiak aldatu ziren. 3. faseari helduko diogu 2019an tendidua eraberrituz” azaldu du Olatz Peon Ormazabalek.

4. Udal jardunaren zeharkako esparruak: euskara, genero-berdintasuna, gardentasuna eta parte-hartzea

Udaletxean euskararen erabilera normalizatzeko ahalegin etengabe horretan, Udalak administrazioan euskara erabiltzeko plana onartu du, eta “2019an zehar dagokion ekintza-plana landuko dugu, euskararen erabilerari bultzada sendoagoa emateko”, azpimarratu du alkateak. Era berean, “merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera indartzeko helburua” ere iragarri du.

Berdintasunaren esparruan, urrats sendoak emango ditu Udalak Emakumeen Etxearen egoitza zehazteko eta gauzatzeko. Alde horretatik, alkateak jakinarazi du, esparru horretan egindako lanari esker, Tolosak Berdintasuneko Nazioarteko Biltzar bat hartuko duela.

“Tolosarrek Tolosatzen prozesuan helarazitako proposamenak jaso eta aintzat hartu ditugu gure aurrekontu-proiektuan, uste sendoa baitugu gobernantza-ereduak eta kudeaketa-eredu berriak herritarren parte-hartzea eta haiekiko hurbiltasuna izan behar dituela oinarri. Prozesuan 175 pertsonak hartu dute parte, proposamen oso interesgarriekin. Era berean, dagoeneko aurkeztu diegu gure proposamena gainerako udal-taldeei, beren emendakinak egin ahal izan ditzaten. Emendakin horiek ere aztertuko ditugu, aurrekontuetan sartzeko eta, hala, guztien proposamenekin aberastuko dugu Osoko Bilkurara eramango dugun proiektua”, nabarmendu du Olatz Peon Ormazabalek.

Hemen aipatutako proiektuez gain, Udal Sailen partidak handitu dira, hobekuntzak egin dira jada sendotuta dauden programetan eta proiektu berriak jarri dira martxan. “Horren guztiaren helburua da herritarren eguneroko bizimodua hobetzea, elkarlanean, eskuz esku lan eginez, gobernantza egokia eta parte-hartzea oinarrian direla” amaitu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA