Udal zerga eta tasa guztiak izoztuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/02 | Ogasuna
  • Udal zerga eta tasa guztiak bere horretan uztea erabaki da datorren urtera begira, egungo egoerari erantzunez, herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko.

 

Covid19ak sortutako osasun eta ekonomia krisiak eragin zuzena izan du tolosar guztiengan, baita udalarengan ere. Diru sarrerek behera egin dute eta egingo dute datorren urtean ere. Halere, egungo egoerari erreparatuz, tolosarrei eta tokiko hiri ekonomiako eragileei laguntzen jarraitzeko asmoz, udal zerga eta tasa guztiak izoztea erabaki da: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zerga, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zerga edota zaborraren tasa, besteak beste.

Begoña Tolosak, Ogasun zinegotziak azaldu duenez, “datorren urtean ez da igoerarik izango, herritarrek jasaten duten presio fiskala baretzeko, nahiz eta horrek ahalegin berezia egitea eskatuko dion udalari, diru gutxiago bilduko delako eta hortaz, baliabide gutxiago izango ditugulako beste eginkizun eta proiektu batzuetarako”. Era berean, , iaz onartutako hobari guztiak mantenduko dira.

 

Fiskalitate alorrean orain arte hainbat neurri eta laguntza

Orain arte baina, udalak hainbat erabaki eta neurri hartu ditu fiskalitate alorrean Covid19ak sortutako egoera dela-eta.

Suspertu Tolosa planaren baitan udalak babesteko eta sustatzeko neurriak hartu ditu, esaterako, zerga eta tasen ordainketa atzeratu egin da eta terrazen eta azokaren kasuan salbuespenak egin dira: jabari publikoaren erabilera handiagoa egitea baimendu da terrazen kasuan, tasan igoerarik aplikatu gabe.

Eskaini ez diren zerbitzu edota jardueragatiko diru ordainketa guztiak itzuli egin dira, eta aurrerantzean ere modu berean jokatuko da. Udalak, azpimarratu nahi izan du, egungo egoeran zerbitzuak mantendu eta eskaintzeko baliabide gehiago behar direla, bereziki garbiketa eta desinfekzio lanak direla eta, baina horrek ez duela eraginik izango tasetan edota prezio publikoetan.

Bestalde, autonomo eta mikroenpresei hainbat gastu ordaintzen laguntzeko, horien artean zaborren tasa edota terrazen tasa, udalak diru laguntza lerro berria sortu du. Likidezia faltari aurre egiteko eta tokiko kontsumoa sustatzeko ere bonu kanpainak gauzatu ditu udalak, bertako merkatari, ostalari eta zerbitzuen sektorearekin elkarlanean; eta datozen asteetan Covid19ak eragindako inbertsio gastuei aurre egiteko diru laguntza lerro berria ere abiaraziko da.

Gizarte Babesa bermatzeko ere Gizarte Zerbitzuetara bideratutako aurrekontua handitu da aurten: gizarte larrialdietarako udal diru laguntza lerroa handitu da, familiei bideratutako diru laguntzak areagotu dira eta elikagai bankuko elikagaien banaketa osatu da, kalteberatasun egoeran dauden herritar guztien beharrei eta sortu diren behar berriei aurre egin eta erantzuteko.

Datorren urtera begira, egoeraren bilakaeraren arabera, udalak aurten hartutako ezohiko neurriak hartu ahal izango ditu, une horretan egon litezkeen edota etorkizunean sor daitezkeen eskaerei eta behar berriei erantzuteko.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA