-
SuspertuTolosa kanpainaren baitan kokatuta eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko asmoz jarriko du martxan Tolosako udalak partaidetza prozesua
-
Helburua da gizarte ekintza eta parte hartzea erraztea eta egungo egoeraren aurrean, paradigma berriaren baitan komunitatea sendotzeko lan lerroak herritarrekin elkarlanean garatzea ekintza txikien dekalogoa sortu eta herritar gisa nahi dugun Tolosa irudikatu eta eraikitzeko
Tolosako Udalak urteak daramatza gobernantza eredu berrietan sakontzen. Bide horretatik berriki Tolosatzen Eskola Irekia proiektu pilotoa ere jarri da martxan; proiektu honen lan lerro nagusietako bat komunitatearen sendotzea izanik.
Larrialdi egoerak eta itxialdiak agerian utzi dute, egoera zailenetan, komunitateak berebiziko garrantzia hartzen duela. Gauzak horrela, SuspertuTolosa kanpainaren baitan kokatuta, partaidetza prozesua abiaraztea erabaki du Udalak, hain zuzen ere, paradigma berri honetan herritarrekin elkarlanean komunitatea sendotzeko bideak jorratzeko.
Gobernantza eredu berriak eta partaidetza paradigma berri honen erdigunean jartzea ezinbestekotzat jo da, larrialdi egoera honetatik gizarte modura indartuta ateratzeko, gizarte solidarioagoa sustatzeko, pertsonak ardatz, justizia soziala eta ingurumena erdigunean jarrita, herritarrek modu aktiboan komunitatean parte hartzeko, komunitate gisa ditugun balioak indartzeko. Pertsona bakoitzak, ekintza txikien bidez, etorkizuneko Tolosa eraiki dezan.
Tolosa suspertzeko banakako ekintza txikien dekalogoa
“Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen” lelopean partaidetza prozesua jarriko da martxan. Ekainean emango zaio hasiera eta urte amaiera bitartean iraungo du prozesuak.
Prozesuak Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan lantzen diren eremuak barnebilduko ditu: gaikuntza, gizarte eta komunitatearen indartzea eta udalearriaren ezagutza.
Izan ere helburua da, gizarte-ekintza eta parte hartzea erraztea eta herritarrekin batera, etorkizunean nahi dugun Tolosa irudikatzeko lan lerroak garatzea. Lau arlo landuko dira SuspertuTolosa planarekin bat etorrita: arlo soziala, ekonomikoa, kulturala eta ingurumenari lotutakoa.
Tolosan partaidetza-kultura hedatzen jarraitzea ere xede du prozesuak, horregatik, herritar norbanako, politikari zein teknikariek, guztiek, parte hartuko dute ekimenean, herritartasun aktiborako eta erantzunkidetasunerako konpromiso indibiduala sustatzeko, konpromiso hori hala sentitzeko, elkarlan publiko-komunitarioa sustatzeko.
Paradigma berri honetan oinarritutako lehen ekintzen ibilbide bat egitea da asmoa, Tolosatzen Eskola Irekia tresna gisa erabilita, banakako ekintza txikien dekalogoa sortzeko, herritar modura, nahi dugun Tolosa elkarrekin eraikitzeko. Zer egin dezakegu elkarrekin? Zer egiteko prest nago? galderetatik abiatuta.
Prozesua 4 fasetan
Lehen ekintzak ekaina-uztaila bitartean gauzatuko dira. Zehazki ekainaren 17 eta 18an, “Nola sentitzen zara?”, lehen topaketak egingo dira 18:00etatik 20:00etara. Online formatuan.
Helburua da herritarrei entzutea eta haien zalantzak eta kezkak ezagutzea errealitate berri honetatik eta lehen aipatutako lan lerroetatik abiatuta tolosaren testuinguruan lerrokatzeko prozesua.
Ondoren, uztailean beste 4 saio egingo dira, elkarrekin sortzeko tailerrak, hitzetik ekintzatara pasatzeko.
Tailer hauek ere online egingo dira, 18:00etatik 20:00etara uztailaren 7, 9, 14 eta 16an. Elkarrekin sortzekosaioen helburua izango da pertsona bakoitzak, bere ekintzen bitartez, Tolosa nola suspertu, eraldatu, sustatu, hobetu dezakeen hausnartzea. Hausnarketatik eta komunitate ikuspegi batetik ditugun balioak indartuz ekintzetara pasatzeko, sendotzeko komunitariotik abiatuta.
3. fase batean ekintza txikien dekalogoa osatuko da eta azkenik iraila eta urria bitartean, saioetan zehaztutako banakako ekintza txiki horiek gizarteratuko dira eta gogoeta eta azterketa gehiago beharko dituzten beste ekintzak, hala nola aurrekontua behar duten proiektu eta ekimenak, identifikatuko dira. Ekintza horien bideragarritasuna aztertuko da 2021 aurrekontuetan sar daitezkeen ekimenak zein diren jakiteko.
Era berean, 2020-2021eko Tolosatzen Eskola Irekiaren programa osatuko duten jardueren beharra identifikatuko da prozesuan zehar eta urrian, “Orain inoiz baino gehiago, guztion artean Tolosatzen” azken topaketa egingo da herritarrekin, prozesu osoan zehar landutakoa azaldu eta aurkezteko.
Parte hartzeko izen ematea martxan
Prozesuko lehen saio eta tailerretan parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako galtegia bete beharko da eta topaketa telematikoan parte hartzeko pasahitza jasoko du herritar bakoitzak.
Tolosar guztiek parte hartu dezateke. Dagoeneko udalak luzatu die gonbita Tolosatzen Eskola Irekiko prozesuan parte hartu duten herritarrei.
Zalantzarik izanez gero herritarrak sailarekin harremanetan jar daitezke 010 telefonora deituta, gobernantza@tolosa.eus helbidera idatzita edota whatsapp zerbitzu berria erabilita ere bai, 688 768 458 zenbakian.