250 eskaera inguru jaso ditu udalak, auzoz auzo egindako bilera errondan

Tolosako Udala
2024/04/12 | Tolosatzen
  • Auzoen Mahaiaren bigarren bilera irekia egin zen astelehenean, lehen faseko ondorioak eta jarduteko moduari buruzko proposamena aurkezteko.
  • Harreman zuzenagoa izateko tresnak eta baliabideak sortu eta behar horiei modu bateratuan aurre egiteko ikuspegi komunitarioa landu nahi du udalak.

 

Irailean hasi zuen udalak auzoz azoko bilera-erronda, eta urtarrilaren amaierara bitarte, 15 auzotan egin ditu aurrez aurreko bilerak. Ondorioak eskuartean izanda, aurrera begirako urratsak azaltzeko Auzoen Mahaiko bigarren bilera irekia egin zen astelehenean.

Auzotarrek 250 eskaera inguru helarazi dituzte, baita zaintzarekin lotura duen proiektu komunitario bat lantzeko proposamen bat ere. Eskaera gehienak, 150 inguru, hirigintzari eta mantenuari lotutakoak dira. 

Beharrak ezberdinak dira auzoen ezaugarrien arabera. Landa auzoetan, esaterako, bideen, sarearen edota energia eta uraren horniduraren ingurukoak dira behar handienak. Aldiz, hirigunean, hirigintza eta mantenuari, etxebizitzari, mugikortasunari edota kultur jarduerei lotutakoak dira premia nagusienak. Hala ere, hirigunean bertan ere, auzo bakoitzaren ezaugarri eta antolaketaren arabera ezberdina da behar horien maila.

Badira amankomunak diren bi behar, eta horietan jarri nahi du azpimarra udalak; alde batetik, auzoen eta udalaren arteko harreman eta komunikazioa indartzea; eta, bestetik, diru laguntzen kudeaketa arintzeko eta errazteko bidea ematea.

Lanerako bi norabide eta ikuspegi aldaketa

Eskaera asko dira eta guztiei batera aurre egitea ez da bideragarria, ordea. Horregatik, udalak lanketa egiterako orduan bi norabide proposatu ditu: 

  • Alde batetik, behar puntualak edota mantenuari lotutako lan jarraituak daude, epe motz-ertainean bideratu daitezkeenak. Horietako batzuk bideratu dira dagoeneko, eta beste batzuk bideratzen hasia da. Gainerakoekin lehentasunak finkatzeko lanean da udala orain. Multzo honetan sar litezke, esate baterako, zulo, baldosa edota argiteriaren konponketak, altzariak jarri edo egoera txarrean daudenak aldatzea… Zentzu horretan, prozedura ez da aldatuko: orain arte moduan, hutsuneak nabaritzen joan ahala abisua ematen jarraitzeko dei egin zaie auzotarrei.

  • Aldiz, egunerokotasunetik aldentzen dira eskakizun batzuk, proiektu handiago bat eskatzen dutelako, eta ondorioz, aurrekontu, baliabide eta denbora gehiago ere bai. Adibide modura, aipatu litezke kale oso baten konponketa eta berroneratzea, edo mugikortasunari eta errepideei lotutako lanak, esaterako. 

Hain zuzen, bigarren multzo horretako proiektuak dira Auzoen Mahaira eraman nahi direnak, eztabaidatzeko eta elkarren artean lehenesteko. Horretarako, ikuspegi aldaketaren beharra azpimarratu du udalak: «Lehentasun horiek herri ikuspegi orokor batetik egin nahi ditugu, bakoitzak bere auzo ingurua aztertzetik harago, gainerakoen egoera ere kontuan har dezan. Azken batean, ulertu behar dugu udalak ezin dituela eskakizun guztiak aldi berean bideratu. Eta leheneste horretan, izango dira premia handiagoa dutenak. Errealitate eta behar horiek elkarren artean ezagutu eta eztabaidatzeko balioko du Auzoen Mahaiak, gero denon artean lehentasunak jartzeko», azaldu du Josune Sanz Gobernantza eta Komunitateko zinegotziak.

Harremanetarako plataforma

Datozen hilabeteetan emango diren urratsen berri ere eman zen. Auzoz auzoko bilerekin jarraitzearekin batera, harreman zuzenerako plataforma bat garatzeko lanak abiatuko ditu udalak aurten. Plataforma horrek norbere auzoko nahiz beste bateko beharren aurrean udalak hartutako erabakiak zein puntutan dauden jakin ahal izango du herritar bakoitzak. 

Parte hartzea, zabalik

Auzo elkarteak dira, gehienbat, Auzoen Mahaian parte hartzen ari direnak. Beharrezkoa da auzo elkarte gisa egituratuta egotea, adibidez, diru laguntzak jasotzeko. 

Hala ere, elkarteekin ez ezik, antolatuta dauden bizilagun taldeen ordezkariekin ere egin dira bilkura horiek. Elkarte gisa egituratu nahi dutenei laguntza eskainiko die udalak, prozesu hori egiteko. Badira ere bai bizilagunen arteko inolako antolaketarik izan ez, baina beharrak dituzten eremuak, eta horiek bideratzeko ere prestutasuna azaldu du udalak.