Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantza herritarrekin lantzeko saioak ekainaren 7an eta 14ean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/05/27 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Informazioaren kudeaketa hobetzea, partaidetza bideetan sakontzea, elkarlan publiko-soziala sustatzea, herritarrak ahalduntzea eta genero ikuspegia txertatzea helburu dituen ordenantza tolosarrekin partekatzeko eta lantzeko 2 saio presentzial egingo dira, Kultur Etxean, ekainaren 7an eta 14ean 18:00etatik 20:00etara eta ekarpenak online egiteko aukera ere izango da ekainaren 27ra arte.

  •  Joseba Ormazabal, Komunitatea eta Gobernantza saileko zinegotzi arduraduna: “2016. urtean politika publikoa tolosarrekin elkarlanean garatzeko TOLOSATZEN prozesu parte hartzailea abiatu genuen; orain urrats bat gehiago egin nahi dugu, orain arte ikasitakoa balioan jarri eta arautuz, partaidetza eta elkarlana oinarri dituen kultura politikoa eta administrazioa sustatzeko, herri bezala ditugun erronka eta eztabaidak bideratzeko tresnak eskainiz”

 

 

Urtarrilean ekin zion Tolosako Udalak, Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantza garatzeari. Herritarren ahalduntzerako eta gobernantza eredu berrietan sakontzeko estrategikoa den ekintza da; denbora honetan, Emun enpresaren aholkularitzarekin Udalak landutako ordenantza zirriborroa herritarrekin partekatu nahi da orain, tolosarrekin elkarlanean eta beren ekarpenak jasota garatzeko behin betiko dokumentua.

Urteko lehen hilabeteetan prozesuaren diseinua egin da eta araudiaren zirriborroa idatzi, udal teknikari eta politikarien parte hartzearekin, baina herritarren partaidetza arautuko duen ordenantzaren eratze prozesuan, ezinbestean, zeresana izan behar dute Tolosarrek.

Orain artean izandako irakaspenak arautzeko, balioan jartzeko eta errotzeko

Joseba Ormazabal, Gobernantza eta Komunitatea saileko zinegotzi arduradunak, ordenantzaren zergatia eta helburuak azaldu ditu: “ 2016. urtean TOLOSATZEN prozesu parte hartzailea abiatu genuen, partaidetza prozesu puntualak antolatzetik harago, Herrigintza tolosarrekin batera eta politika publikoa elkarlanean eta modu sistemikoan garatzeko helburuarekin”.

“Gizartea aldatuz doa eta udalak ezinbestean garai berrietako eskakizun eta gobernantza eta lankidetza ereduetara egokitu behar du, herritarren eta udalaren arteko zubiak sendotzeko eta modu egokiagoan erantzuteko herritarren beharrei, are eta gehiago, herritarrengandik gertuen gauden administrazioa izanik”.

“Horregatik, 2016. urtean abiatutako bideari jarraipena eman nahi diogu, urrats bat gehiago eginez. Ordutik hona, esperientzia asko elkarbanatu ditugu, komunitatea balioan jarri dugu eta komunitateak duen indarraz ere ohartu gara; herri gisa ditugun erronka, behar eta aukerez hausnartu eta eztabaidatu dugu eta orain, denbora honetan izandako irakaspenak balioan jarri, arautu eta errotu nahi ditugu kudeaketa eredu parte hartzaileagoei bidea emateko, partaidetza eta elkarlana oinarri dituen kultura politikoa eta administrazioa sustatzeko eta partaidetzaren kultura Tolosan errotzeko, herri bezala ditugun erronka eta eztabaidak bideratzeko tresnak eskainiz” azpimarratu du Ormazabalek.

3 atal nagusi: Gardentasuna eta informazioa, partaidetza eta komunitatea

Ordenantzak 3 esparru arautu edota 3 atal nagusi izango ditu:

  1. Gardentasuna eta informazioarekin kudeaketa

Lehen atal honetan, informazio publikoa eskuratzeko bideak arautuko dira eta herritarrek beren eskubideak gauzatzeko duten gaitasuna aztertu.

Tolosako herritarrek udalarekin harremanetan jartzeko dituzten informazio eta komunikazio bideak ere aztertu, zehaztu eta arautuko dira.

Informazio eskubidea, funtsezko eskubidea izanik, beharrezkoa da zer informatu eta nola informatu arautzea interes orokorreko informazio egokiarekin herritarrok, komunitatean, modu aktiboagoan eta kontzienteagoan bizitzeko eta parte hartzeko aukera izango dugulako.

  1. Herritarren partaidetza artikulatzeko bideak

Herritar aktiboak izateko, informazioaz gain, parte hartzeko eskubidea egikaritzeko bideak arautzea garrantzitsua da.

Atal honetan tolosarrek parte hartzeko dituzten eskubideak, Tolosako Udalak parte hartzea bideratzeko eratuta dituen organoak eta espazioak, herritarren ekimen bidezko egitasmoak gauzatzeko prozedurak, parte hartze prozesuek bete beharreko baldintzak eta herri kontsultak gauzatu ahal izateko prozedurak zehaztuko dira, besteak beste.

  1. Komunitatearen garapena bultzatzeko egiturak

Komunitatearen eta gobernantzaren garapenerako, kalitatezko partaidetza eman dadin, herritarren ahalduntzea, kapazitazioa eta formazioa ezinbestekoak dira.

Horretarako egiturak sortu behar dira eta herriko elkarte sarea sustatu, herriko elkarte eta herriko kolektibo desberdinei esker baita Tolosa herri aktiboa eta partehartzailea eta hortaz, herri ondarea diren heinean horiek guztiak sustengatzeko baliabideak arautzea eta lankidetza publiko-soziala sustatzea beharrezkoa da, herri modura, bakoitza bere eremutik, baina elkarlanean, elkarren arteko aliantzatik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.

 

Genero ikuspegia txertatuta

Arautegi honen lan ildo berritzailenetariko bat elkarlan publiko-sozialaren garapena da, eta baita ere genero ikuspegia txertatuta izatea. Izan ere, genero ikuspegiak pisu handia izan du prozesuaren diseinuan.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegia prozesuan zehar txertatzeko bi bide erabili dira: prozesuaren fase bakoitzean berariazko trataera eman zaio emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ikuspegiari eta prozesuaren diseinuan, dinamizazioan eta emaitzetan genero ikuspegia aplikatu da.

Urte hasieran, prozesuaren lehen kontrastea egin zen Tolosako mugimendu feministako kide batzuekin eta ondoren, dokumentua berdintasun saileko teknikariekin elkarlanean landu da bilera monografikoen bidez, estrategiak adosteko eta puntu zehatzak lantzeko.

 

Ekarpenak egiteko bi aukera: saio presentzialak eta online

Ordenantzaren zirriborroan landutako 3 esparru horien kontrastea egiteko bi saio presentzial egingo ditu Udalak, bata ekainaren 7an eta bestea, ekainaren 14ean, biak, Kultur Etxeko Topagunean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Era berean, tolosarren eskura jarri da udal webgunean ordenantzaren inguruko informazio guztia eta baita ere orain artean osatutako zirriborroa (https://udala.tolosa.eus/eu/zerbitzuak/komunitatea-eta-gobernantza/gobernantza-partaidetza-eta-gardentasun-ordenantza) eta ekarpenak egin ahal izango dira online, gobernantza@tolosa.eus posta elektronikora idatzita ekainaren 27ra arte.

Kontraste fasearen ondoren, jasotako ekarpenak aztertu eta baloratuko dira eta oinarrizko dokumentuan txertatu, behin betiko arautegia idazteko. Udazkenerako ordenantza prest izatea aurreikusten da eta ondoren gizarteratuko da Gobernantza eta Gardentasunaren Ordenantza berria.
 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA