Milioi erdi bat euro zein proiektu finantzatzeko erabili erabakiko dute, tolosarrek, parte hartze bidez

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/13 | Komunitatea eta Gobernantza
  • 2024ko aurrekontua osatzeko parte hartze prozesua abiatuko da irailaren 18an; egun horretatik aurrera Tolosa hobetzeko ekarpen eta proposamenak egin ahal izango dituzte herritarrek, aurrez aurre edo online.
  • Aurtengo aurrekontua 500.000 eurora handitu da, eta herritarrek zuzenean erabaki ahal izango dute zein proiektutara bideratu diru hori, irizpide tekniko eta ekonomikoak betetzen dituzten proposamenen artean.

 

Tolosako Udalak 2024ko aurrekontua osatzeko parte hartze prozesua abiatu du. Herritarrek egindako proposamenen artetik gogokoenak hautatu eta udal aurrekontuaren zati bat zein proiektutara bideratu erabakitzeko aukera ematen du egitasmo honek.

Bada, aurten, handiagoa izango da herritarren erabakimena prozesu honetan: alde batetik, parte hartze bidez erabakiko den aurrekontua handitu da, 500.000 eurora. Eta, bestetik, tolosarrek zuzenean erabakitzeko eskumena izango dute. 

«Aurreko urteetan udal gobernuari zegokion hamar bozkatuenen artean zein egin hautatzea; oraingoan herritarrei protagonismo gehiago eman nahi izan diegu. Irizpide ekonomiko eta teknikoak betetzen dituzten proiektuen artean egingo da bozketa, zuzenean», azaldu du Andu Martinez de Rituerto alkateak. 

Prozesuaren nondik norakoak

Irailaren 18an, astelehenean, alegia, abiatuko da ekarpen eta proposamenak egiteko epea, eta urriaren 2ra arte izango da horretarako aukera. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako edonork eta herriko elkarteek erabaki ahal izango dute milioi erdi bat euro nora bideratu.

Bi modutara helarazi ahal izango dira proposamenak: presentzialki, etxez etxe banatuko den galdetegia bete eta Udaten eta Kultur Etxean jarriko diren hautetsontzietan utziz; edo online, aurrekontuak.tolosa.eus helbidean (astelehenean aktibatuko da aukera hau). Norbere burua identifikatuz edota modu anonimoan egin ahal izango dira ekarpenak.

Urrian zehar jasotako proposamen guztiak aztertuko dira, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak pasako dira bozketa-fasera. Garikoitz Lekuona teknikariak azpimarratu duenez, joan den urtean alboratutako proposamenen informazioa ere ikusgai jarriko da, erreferentzia gisa balio dezaten. 

Irizpideak betetzen dituzten proposamen guztiak urriaren 30ean argitaratuko dira, eta egun horretan abiatuko da bozketa fasea. Azaroaren 5era arte izango da horretarako aukera, eta behin epe hori igarota, bozka gehien jaso duten proposamenak, hurrenkeraren arabera eta diru-poltsa mugaren barruan, 2024ko udal aurrekontuan txertatuko dira. 

Honakoa izango da parte hartze prozesuaren egutegia:

  • Irailaren 18tik urriaren 2ra proposamenak egiteko epea, herritarrentzat.
  • Irailaren 18an, informazio jardunaldia. 18:00etan Kultur Etxean.
  • Urriaren 2tik 30era, azterketa tekniko eta ekonomikoen fasea.
  • Urriaren 30etik azaroaren 5era proposamenen berri emango da eta bozketa.
  • Urriaren 30ean, informazio jardunaldia, 18:00etan Kultur Etxean.

Auzotarren beharrak nola uztartu

Tolosa hobetzeko proposamenak bidaltzeko deia luzatu die, Josune Sanz, Komunitatea eta Gobernantza Saileko zinegotziak, herritar, auzo elkarte eta gainerako eragileei.

«Aurreko urteetan ideia mordoa jaso ziren, eta guztiak aberasgarriak dira elkarlanean gure herria hobetzen jarrai dezagun. Baliteke bidean proposamen batzuk alboratzea; ez egingo ez direlako, baizik eta agian dagoeneko udalak berak aurreikusiak dituelako, beste partida batzuetatik bideratuko direlako, edota ekonomikoki beste finantziazio bide batzuk eskatzen dituztelako. Hala eta guztiz ere, etorkizunean ere balio lezakete», azaldu du Sanzek.

Era berean, aurrekontu partehartzaileen testuinguruan, auzoen beharrak egitasmo honekin nola uztartu aztertzeko lanketa bat abiatuko dutela aitortu du zinegotziak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA