Patinaje zirkuitoa, Larramendi auzoan kirol-jolas gunea eta apustu etxearen itxiera izan dira, besteak beste, aurrekontu parte-hartzaileetan herritarren bozka gehien jaso dituzten proposamenak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/08 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Azaroaren 3tik 6ra bitartean 64 proposamen desberdinen artean bozkatu ahal izan dute 16 urtetik gorako tolosarrek eta guztira 673 baliodun boto jaso dira.
  • Behin proposamenen lehenestea eginda, Udalak proposamen bozkatuenak 2023ko aurrekontuetan txertatzeko azterketa egingo du.

 

Partaidetsua hitzak definitzen du ezin hobe aurtengo aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Izan ere urrian abiatutako prozesuak oso harrera ona izan du tolosarren artean eta herritar askok hartu dute parte, bai proposamenak egiteko fasean eta baita orain, bozketa fasean ere.

Ildo horretan, azaroaren 3tik 6ra bitarteko bozketa fasean guztira 907 herritarrek eman dute bozka eta horietatik 673 izan dira baliodunak. Gainerakoak prozesutik kanpo gelditu dira bozketarako ezarritako baldintzak ez betetzeagatik, hala nola, tolosarra ez izatea, NAN-a ez jartzea edo 16 urtetik behera izatea.

64 proposamenen artean 3 gustukoenak bozkatu dituzte tolosarrek

Proposamenak egiteko fasean, guztira 213 ideia jaso zituen Tolosako Udalak, orain arte egindako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan jasotako zifra onena izanik. Horiek guztiak teknikoki banan-bana aztertu ziren eta bozketara pasa ziren teknikoki egingarriak direnak edo udal eskumenekoak direnak.

Hori horrela, bozketa fasean, tolosarrek guztira 64 proposamenen artean 3 gustukoenak lehenetsi eta bozkatu ahal izan dituzte. Jasotako boto guztiekin, Udalak tolosarrek lehenetsitako 10 proiektuen zerrenda osatu du. Ondorengoak dira boto gehien jaso dituzten proposamenak, hurrenez-hurren:

 

  • Patinaje zirkuitoa modu seguruan praktikatu ahal izateko 146
  • Larramendi kalean jolas-kirol gunea 143
  • Apustu-etxearen ixtea 133
  • Frontoi irekia-estalia Tolosako erdi gunean pilotan aritzeko eta jolas gune bezala 114
  • Alde Zaharra piztea 78
  • Haur parkeak hobetzea 66
  • Berazubitik Kondeaneko Aldaparako konexioa hobetzea, baita eskailera mekanikoaren edo igogailuaren bidez ere 57
  • Komunitate energetikoak eta eguzki plakak bultzatzea 54
  • Gazte topagune zerbitzua eta nerabeentzako aisialdi aukerak zabaltzea 46
  •  Azken agurren etxea. Hileta zibilak ospatzeko leku publikoa 45

 

Bozketaren emaitzak ikusgai daude bere osotasunean udal webgunean, www.tolosa.eus-en.

Orain, bozketa eta leheneste fasea amaituta, Tolosako Udalak proposamen horiek 2023ko aurrekontuetan txertatzeko azterketa egingo du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA