Tolosako herritarrak etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Aldundiak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/07/08 | Komunitatea eta Gobernantza

Etorkizuna Eraikiz Kapsula Tolosan egongo da gaur egun osoan zehar.

Etorkizuna Eraikiz Kapsula Tolosan ari da egiten gaur geldialdia, aste hauetan Gipuzkoako eskualde ezberdinetan zehar egingo duen bira. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartu eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatuak gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean ari da, eta ariketa horretan funtsezko elementua da elkarlaneko gobernantzaren alde egitea. “Zertan ari garen bezain garrantzitsua da nola ari garen, guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak eta, beraz, prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsularen helburua”, adierazi du.

Mendoza Tolosan bertan izan da gaur goizean, Joseba Ormazabal Gobernantzako zinegotziarekin batera. Duela bi aste hasi zuen bere herriz-herriko ibilbidea kapsulak, eta jada Arrasate, Irun, Beasain, Irun, Zarautz eta Errenteria bisitatu ditu. Datorren astean, Donostian amaituko du bere bira. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.

Kapsula Tolosako Triangulo plazan instalatu da, eta egun guztian zehar egongo da bertan. “Etorkizunaz pentsaraztera eramango gaituen benetako kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, esan du Mendozak, herritar guztiei zuzenduta dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Hauetatik, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. “Honek, egungo gipuzkoarrek garrantzia zeri ematen dioten erakutsiko digu, egungo gipuzkoarren kezka eta nahiak zeintzuk diren, alegia”, esan du Mendozak.

Joseba Ormazabal zinegotziak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Aldundiari, Kapsula Tolosara ekartzeagatik eta batez ere “herritarrak etorkizunaz hausnartzera gonbidatzeagatik”. “Izan ere, lankidetza publiko komunitarioa ezinbestekoa da egungo zein etorkizuneko erronkei aurre egiteko elkarlana ezinbestekoa da”, adierazi du, azpimarratuz herrigintza elkarlana dela, “herritarrekin, elkarrekin politika publikoak garatzea”. Gaineratu duenez, Tolosak urrats garrantzitsuak eman ditu arlo horretan legealdi honetan, herritarren partaidetza sustatzeko, herritarren inplikazio eta konpromiso indibidual zein kolektiboa indartzeko, herritartasun aktiboa bultzatzeko eta herritarren ahalduntzerako helburuarekin. “Argi dugu erabakiak eta proiektuak partekatuak eta adostuak izan behar dutela eta, horregatik, funtsezkoa da herritarren nahiak, iritziak, kezkak eta beharrak gertutik ezagutzea eta kontuan izatea, horiei erantzutea eta bereziki indarrak batuta lan egitea”, borobildu du.

 

Kapsula

Ibilbidearen hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari nola erantzuten dion kontatzen du kapsulak. Hau da, modu laburrean, Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den aurkezten zaio, esaterako erreferentziazko zentroen bitartez etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei nola erantzuten ari den erakutsiz. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta, gero, inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula txiki batean gordeta. Honekin batera, kapsularen kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei euren konpromisoarekin argazki bat ateratzeko gonbita luzatuz, eta parte-hartzaileak bere helbide elektronikoa emanez gero, argazki hauek Gif formatuan bidaltzen zaizkio.

“Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu nahi izan duguna, baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude, eta Gipuzkoako epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei guztiei aurre egiteko ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak, ezagutza zentroak… inplikatzea, baina gizartearen beraren inplikazioa lortzea ere funtsezkoa da. Kapsularen bitartez, norabide horretan eragin nahi dugu, kontzientzia sortu nahi dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, borobildu du Mendozak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA