Tolosatzen, 2017koari erreparatu, eta 2018ko aurrekontuari begirako proposamenak lantzeko prest

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2017/10/24 | Komunitatea eta Gobernantza
  • 2018ko aurrekontuen inguruko lanketa egiteko, Tolosatzenen bitartez, aurten ere bi bilera programatu dira: urriak 23an lehena; azaroaren 8an bigarrena. Biak Kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan.

  • Lehenengoan, 2017ko ekintzen betetze maila zer nolakoa den azalduko da; bigarren bileran, berriz, 2018ko aurrekontura begirako lerro nagusiak bideratzeko ekintzak definituko dira.

  • 73 lan-lerro barneratu ziren Tolosatzenen landutako Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027n; oraingoz, 50 daude abian.

 

2018ko aurrekontuei begira jarria da jada Tolosako Udala, eta horiek osatzerako orduan herritarren nahiak eta iradokizunak entzun nahi ditu. Hori horrela, eta iaz egin moduan, 2018ko aurrekontuen inguruko lanketa egingo da Tolosatzenen bitartez. Aurten ere bi bilera programatu dira: urriak 23an lehena; azaroaren 8an bigarrena. Biak Kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan.

Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkateak, eta Joseba Ormazabal, Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea zinegotziak eskaini duten prentsa agerraldian aurkeztu dute aurrekontuei begirako plangintza. Bileretako lehenengoan Tolosatzenen iaz herritarrek 2017ko aurrekonturako proposatutako ekintzen egoeraren berri emango da. Alkateak adierazi bezala, “zein puntutan dauden, nolakotasuna eta bakoitzaren betetze maila zer nolakoa den azalduko dugu”. Aurreratu duenez, guztira 73 lan-lerro barneratu ziren Tolosatzenen landutako Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027n : “oraingoz, 50 daude abian”. Txosten batean batu da informazio guztia eta hitzorduetara bertaratzen diren pertsonei, nahiz aurreko bileretan parte hartu dutenei banatuko zaie; ondoren egingo da aurkezpen publikoa.

Bigarren bileran, berriz, azaroaren 8rako programatua, 2018ko aurrekonturako lerroak adostu eta proiektuak lehenetsiko dira.

Joseba Ormazabal zinegotziak aurreratu du lehen bileraren mekanika: “partaideak 8ko taldetxotan banatuko dira alor ezberdinen arabera, dagokion udal-teknikaria lagun dutela. Bertan, kontu emate orokorra egingo da; horretaz gain, 2018ko aurrekontuari begirako beharrez eta aukerez jardungo dute, azaroaren 8ko bigarren saioan finkatzeko.

Maiatzeko Osoko Bilkuran onartu zen Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027. 3 eremutan aurrera eramandako parte-hartze jardunaren emaitza da: Talde Sustatzaileko kideak eta Mahai Sektorialak (herritarrez osatuak); Lankidetza Mahaia (udal teknikariz osatua); eta Jarraipen Batzordea (alderdi ezberdinetako ordezkariz osatua). Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du interes ezberdinak dituzten herritar, talde, eragile, teknikari edota alderdik “bat egin eta adostasunera” iritsi zirela.

 

2016ko urtarrilean abiapuntua

Duela urte bete eta hamar hilabete jarri zen abian Tolosatzen. Guztira 11 bilera gauzatu dira herritarrekin. Joseba Ormazabal Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea zinegotziak nabarmendu du 100 herritar banako baino gehiagok hartu dutela parte: “horien %55 emakumeak izan dira eta 50 ekarte eta eragile baino gehiago ordezkatu dituzte bertaratu direnek”. Udaleko 11 teknikari proiektuan zeharkakotasunez lanean aritu dira 'lankidetza mahaian'.

Zinegotziak 2016ko azaroaren 8an eta 15ean burututako Mahai Sektorialak nabarmendu ditu: “2017ko aurrekontuetan txertatutako ekintzak definitu ziren bertan. Herritarren parte-hartze maila handia bezain aberatsa izan zen”.

 

4 fasetan banatu da Tolosatzen:

1. Fasea: Bisioa eta Diseinu Fasea.

  • Etorkizuneko Tolosa irudikatzen duen bisioa landu eta prozesua gidatuko duen arautegia adostu zen.

 

2. Fasea: Argazki partekatua. Diagnostiko Fasea. 2016 (liburu urdina)

  • Datuak eskutan, egungo Tolosaren argazkia osatu zen herritar, herri eragile, udal teknikari eta ordezkari politikoen ekarpenekin.

 

3. Fasea: Estrategia eta Plana. 2016-2017 (liburu berdea)

  • Behin Tolosako argazki partekatua osatu eta ondorio nagusiak zehaztu eta gero, adostasunetik etorkizuneko Tolosaren norabideak zehaztu, horiek burutzeko ekintza nagusiak antolatu (Programak) eta lehen jarduerak definitzen ditu.
  • 10 urtera begirako 4 Ildo eta 24 programetan antolatutako 73 ekintzez osatutako Plangintza Partekatua da.

 

4. Fasean aurkitzen gara orain: Jarraipena eta kontu-emate Fasea. 2017-2027

Olatz Peon Ormazabalek adierazi du fase hau dela gainerako parte-hartze prozesuetatik berezi egiten duena Tolosatzen: “Plangintza Partekatuaren jarraipena, ebaluaketa eta etengabeko elikatzea da martxan orain, urriaren 23ko bileratik abiatuta. Ekimen bakoitza zein puntutan dagoen jarraitzeko aukera izango dute herritarrek”. Aurreratu du gutxi barru publiko egingo den www.tolosa.eus web orri berrian lerro batek markatuko duela zein puntutan dagoen proiektu bakoitzaren gauzatze maila: “hori Tolosatzen gobernantza-ereduaren udal politikan txertatzearen ondorio da. Plangintza partekatu honek herritarren eta eragileen parte hartzea sistematizatzeko tresna bat eskainiko du eta udal sail desberdinen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu” gaineratu du. Plangintza partekatu honek Gardentasun Legea betetzea ahalbidetuko du.

 

Tolosatzenen baitan parte-hartze prozesu espezifikoak

Alkateak aurreratu du Udalak 2018ko aurrekontuen prozesuaz gain, beste hainbat prozesu monografiko jarriko dituela abian Tolosatzenen baitan: “Oria ibaiaren berreskurapenaren inguruan Udalak abiatu duen azterketaren baitakoa, Udal ekipamendu soziokulturalen azterketari dagokiona, edota Emakumeen Etxearen lanketan ezarria dagoena”.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA