Tolosatzen Eskola Irekia programako ‘Denboraren kudeaketa eta konpromisoa’ tailerra apirilaren 6an eta 8an izango da, online

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/01 | Komunitatea eta Gobernantza
  • Denboraren ezaugarriak zein diren ezagutu ahalko da eta denbora ondo kudeatzen jakiteko eta eginbeharrak ondo antolatzeko gakoak, ideiak eta teknikak ikasi ahalko dira, hartutako konpromisoak betetzeko eta horien jarraipena egiteko.
  • Euskaraz eta gaztelaniaz emango da tailerra, eta bakoitzean hamar lagunentzako lekua egongo da.
  • Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea udaletxeko webgunean. Igandera arteko epea egongo da izena emateko.

 

Tolosatzen Eskola Irekia programak aurrera jarraitzen du, eta haren baitan antolatutako ‘Denboraren kudeaketa eta konpromisoa’ izeneko bigarren tailerra egiteko datak ere zehaztu dira. Hasiera batean maiatzerako iragarrita bazegoen ere, Covid-19ak ekarri duen isolamendu egoeraren ondorioz, apirilaren 6ra eta 8ra aurreratu da tailerra. ‘Entzute aktiboa eta enpatia’ izenburupean egin zen tailerra bezala, oraingoan ere online egin ahalko da ikastaroa.

Guztira bi saio antolatu dira, bina ordukoak, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Gaztelaniaz emango den tailerra 10:00etatik 12:00etara emango da, eta euskaraz emango dena 17:00etatik 19:00etara, bi kasuetan apirilaren 6an eta 8an. Denera 4 orduko ikastaroa izango da, eta gehienez 10 lagunentzako lekua egongo da bakoitzean.  . 

‘Denboraren kudeaketa eta konpromisoa’ tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea Tolosako Udalaren webgunean egokitu den galdetegia erabilita (galdetegira sartzeko esteka). Gaur bertan hasi ahalko da izena ematen, eta igandera arteko edo plazak agortu arte eman ahalko da izena.

Kasu honetan ere, ikastaroa formakuntza pilula moduan emango da, eta interaktiboki formakuntza-gela gisa. Izena ematen dutenek, ikastaroa baino lehen irakurri beharreko dokumentu bat eta esteka bat jasoko dute. Saioa egingo duten egunean esteka horretan sartu beharko dira, eta orduan jasoko duten ID kodea erabiliz sartu ahalko dira ikasgela birtualera. Behin saioa amaitzen denean, email bat jasoko dute saioaren edukiaren inguruko hausnarketa gida batekin.

Denbora kudeatzen ikasteko tailerra

Tolosatzen Eskola Irekia programako bigarren tailer honen helburua denbora kudeatzen ikastea izango da. Denboraren ezaugarriak zein diren ezagutu ahalko da eta denbora ondo kudeatzen jakiteko eta eginbeharrak ondo antolatzeko gakoak, ideiak eta teknikak ikasi ahalko dira, hartutako konpromisoak betetzeko eta horien jarraipena egiteko.

Larraitz Urrestilla coaching-ak eta mindfulness-ean adituak emango du ikastaro hau ere. Tolosarra da jaiotzez Urrestilla, gaur egun Gain coaching enpresako arduradunetako bat da, eta ‘El lider mindful’ liburuaren egilea da. Pertsonen eta taldeen kudeaketan eta garapenean jarduten du coaching-a eta mindfulness-a bidelagun.

Trebetasun soziala, sendotze soziokomunitarioa eta udalerriaren ezagutza

Trebetasun sozialak lantzeko, sendotze soziokomunitarioa sustatzeko eta udalerriaren ezagutza bultzatzeko helburuarekin, martxoaren 12an jarri zen martxan Tolosatzen Eskola Irekiaren 2020ko egitaraua. Virginia Imaz-en eskutik umorea eta emozioak jorratu ziren Zerkausian egindako lehen saio hartan (saioaren laburpen bideoa ikusi).

Martxoaren 26an eta 27a, berriz, Tolosatzen Eskola Irekia programan antolatutako tailerretan lehena eman zen: ‘Entzute aktiboa eta enpatia’, kasu hartan ere online eta Larraitz Urrestillarekin. Koronabirusak sortutako egoerara egokitzen jakin du Tolosatzen Eskola Irekiak, eta hasieratik zehaztutako helburuak betetzeko lanean dihardu Tolosako Udalak.

 

Tailerrean izena emateko galdetegira lotura: ‘Denboraren kudeaketa eta konpromisoa’

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA