- Herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzea helburu duen egitasmoak ‘Kontzienteki bizi’ eta ‘Bizitzarako konpetentziak’ lelopean burutu du 2021-2022 ikasturtea. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozioemozionalak eta zaintza lanak landu dira antolatutako hitzaldietan eta tailerrean.
- Komunitatea eta Gobernantza sailak ekimenaren balorazio “oso positiboa” egin du, hirugarren urtez jarraian, adin ezberdinetako bizilagunek gai anitzen inguruan hausnartzeko espazioa eskaini baitu Tolosatzen Eskola Irekiak.
Tolosako Udalak herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea sustatzeko helburuarekin abiarazi zuen Tolosatzen Eskola Irekia. Herritarrak hainbat gaitasunetan trebatzea eta elkar ezagutza sustatzea ditu helburu, horretarako, proiektuak, elkarlana eta lankidetza oinarri hartuta, Udalaren, herritarren, herriko talde antolatuen eta eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarren arteko sinergiak sustatzeko asmoz.
Hala, tolosarrak hainbat gaitasunetan trebatzeko helburuarekin, 2021eko abendutik 2022ko ekainera bitartean egitarau oparoa landu du, bi ziklotan banatuta, eta Kontzienteki bizi eta Bizitarako Konpetentziak lelopean. Dolua, bizitza, heriotza, familia, konpetentzia sozioemozionalak eta zaintza lanak bezalako gaiak landu dira ikasturte guztian zehar antolatutako hitzaldi eta tailerretan. Baina bestelako hainbat gai ere landu dira, tartean Tolosan klima aldaketari aurre egiteko Udalak garatu duen Tolosa Klima 2050 Plana aurkeztu zen Betikasten elkartearekin batera eta tailerrari dagokionean, aldiz, gatazkak eraldatu eta konpontzeko paradigmak landu ziren Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan.
Gazteei lotutako hainbat ekintza ere egin dira, besteak beste: IKT-en erabilera arduratsu batera bideratutako ikastaroa Hazkunde erakundearen eskutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzarekin elkarlanean garatutako Treba Gurasoak formakuntza, haurren eta nerabeen bizi-kalitatea eta aukerak hobetzera bideratuta, eta Jaume Funes adituaren hitzaldia, nerabeengan fokoa jarrita eskaini zuen hitzaldiarekin eta Tolosako gazteekin egin zuen topaketarekin.
Balorazio positiboa
Ekainean amaitu zen 2021-22ko ikasturtea eta Udaleko Komunitatea eta Gobernantza sailak balorazio “oso positiboa” egin du, adin ezberdinetako bizilagunek gai anitzen inguruan hausnartzeko espazioa eskaini baitu hirugarren urtez jarraian Tolosatzen Eskola Irekia egitasmoak. Izan ere, aurtengo ikasturtean 1.150 herritarrengana iritsi da proiektua.
Datu zehatzei erreparatuz, ekitaldiak jendetsuak izan direla nabarmendu du sailak. Hala, guztira, 22 hitzaldi eta tailer antolatu dira eta 897 pertsonek hartu dute parte ekimenetan: lehen hiruhilekoan Bizitzarako konpetentziak izenburupean, 344 pertsonek eta bigarren hiruhilekoan, berriz, Kontzienteki bizi izenburupean, 553 lagunek.
Arrastoan egitasmoa ere burutu zen, Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeen parte hartzearekin. Guztira 11 saio izan ziren eta 250 haur inguru batu zituen. Halaber, zaintza tailerrean 10 kideko taldea izan zuten. Udala “oso gustura” agertu da ekintza honekin ere eta, beste behin, eskerrak ematen dizkie herriko ikastetxeei Tolosatzen Eskola Irekiarekin bat egiteagatik.
Saio arrakastatsuak
Komunitatea eta Gobernantza sailetik 2021-2022 ikasturtean Tolosatzen Eskola Irekian antolatutako eta gazteei zuzendutako hiru ekintza nabarmendu nahi izan ditu. Alde batetik, aurrez aipatutako Jaume Funes psikologo, hezitzaile eta kazetari katalanak eskainitako saioak ekarri ditu gogora. Izan ere, urtarrilean 200 pertsona (160 heldu eta 40 gazte) aritu ziren Funesekin Nerabezaroa, bizikidetza eta emozioak hitzorduetan hainbat gairen inguruan hausnartzen.
Funesek nerabeengan fokoa jarrita, diskurtso positibo, motibagarri eta eraikitzaile batekin jardun zuen, etengabeko ikasketa prozesu indibiduala eta kolektiboa, aldaketara bideratutako bizitza eta bide horretan komunitateak duen papera eta garrantzia, aldaketen kudeaketa, elkarbizitza, emozioak… landuz. Horrez gain, psikologoa herriko nerabe talde batekin solasean aritu zen Tolosako Lanbide Heziketa Zentroan, egungo testuinguruan gazteek dituzten beharren, kezken eta bizipenen inguruko entzute saio batean.
Bestalde, Bihotzetik elkartearekin antolatutako hitzorduetan bizi amaiera kontziente baten alde hausnartzen aritu dira parte-hartzaileak eta guztira, 243 pertsona izan dira antolatutako zazpi saioetan. Eta amaitzeko, Betikasten elkartearekin elkarlanean antolatutako hiru saioak nabarmendu dituzte, azken hauek ere arrakastatsuak izan direlako: 274 lagunek parte hartu dute.