Dama Berdeko biribilgunearen inguruko trafikoa arintzeko eta oinezkoen segurtasuna handitzeko neurriak hartu dira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/06/03 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Semaforoak itzali dira, trafiko-ilarak gutxitu asmoz; oinezkoen segurtasuna indartzeko, berriz, argiztatutako seinaleak eta oztopoak jarri dira errepidean.

 

Dama Berdeko biribilgunearen bueltan dauden semaforoak matxuratu egin ziren duela aste batzuk. Bada, aurreikusi gabeko egoera hori baliatu da trafikoan duen eragina ikusi eta aurrera begira bestelako neurririk hartu ote zitekeen baloratzeko.

Semaforoak itzalita izan diren garaian, Udaltzaingoak ondorioztatu du arinagoa izan dela bide guztietako trafikoa. Santa Klara kalekoa, Zubi berrikoa, Kondeaneko aldapakoa eta Ibarratik datorren errepidekoa, alegia.

«Biribilgune baten funtzioa da ibilgailuen fluxua erraztea eta segurtasuna handitzea errepide hainbaten arteko konexio-puntu batean. Trafikoa autoerregulatzeko joera dute biribilguneek, horregatik semaforoak ordu-tarte batzuetan oztopo izaten ziren. Proba hau egin dugu eta ikusi dugu, hobekuntza batzuk eginda, eraginkorragoa izan daitekeela semaforoak itzaltzea, arinagoa izango delako trafikoa eta auto-ilarak gutxituko dituelako», azaldu du udaltzain buruzagitzak. 

 

Oinezkoen segurtasunerako neurriak

Trafikoa ez ezik, oinezkoen joan-etorria ere arinduko du aldaketak. Dena dela, segurtasuna hobetzeko neurri gehigarriak hartuko dira, oinezkoen pasabideak dauden puntuetan: oztopoak jarriko dira, baita pasabideen presentziaz ohartarazten duten argiztatutako seinaleak ere. Margoketa lanak ere egingo dira.

Inguru horretan ez ezik, herriko beste puntu batzuetan ere jarri dira azken asteotan gisa honetako ohartarazpen-seinaleak: San Frantzisko pasealekuan eta Larramendi kalean, esaterako.

Trafikoa arintzeko semaforoak kentzearena ez da zerbait berria Tolosan. Arramele zubiko,  San Frantzisko pasealekuko eta Foruen etorbidekoak ere itzali ziren orain bi urte, helburu berarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA