Indarrean sartu da TAO ordenantza berria

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/08 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Etxe bereko auto bakoitzarentzat txartel bana eskatu ahal izango da, betiere horietako bakoitza gidabaimen banari lotuta badago.
  • Herriko merkatariek ere eskatu ahal izango dute; ibilgailu mistoa izan beharko dute.

Apirilaren amaieran behin betiko onartu zuen Tolosako Udalbatzak lur gainean aparkatzea arautzen duen ordenantza berritua, eta ostiralean sartu zen indarrean. Helburu nagusia da udalerriko mugikortasunaren antolamendua eguneratzea eta herritarren behar berrietara egokitzea. Halaber, arau berriak bermatu nahi du aparkalekuen kudeaketa eraginkorragoa izatea, baliabide mugatu baten banaketa bidezkoagoa sustatuta eta hiri-kalitatea zein irisgarritasuna hobetuta.

Testu berriak aparkaleku motak eta erabilerak zehazten ditu, sektoreka antolatuta (gorria, urdina, berdea, marroia eta konbinazioak), erabilera-denborak eta baldintzak egokituta. Helburua da aparkalekuen txandakatzea bermatzea, trafikoa arintzea eta arreta berezia jartzea kolektibo jakin batzuen beharrei —hala nola mugikortasun murriztua duten pertsonenei— .

Hori horrela, errotazioa handitzeko neurriak jasotzen ditu arau berriak: doan aparkatzeko aukera izango da lehen 20 minutuetan (tiketa jarri beharko da horretarako), zonalde urdinean, berdean nahiz marroian, enkargu eta egiteko azkarrak egin ahal izateko. Bestalde, zonalde marroian, 90 minutuz aparkatu ahalko da soilik.

TAO egoiliar txartelak dagokizun gunean aparkatzeko baimena ematen du, betiere sektorearen (kolorearen) baldintzak errespetatuz. Erroldatuta dauden gunerako txartela eskuratzeko aukera izango dute herritarrek, baldin eta gune horretan garajerik ez badute. Gainera, etxebizitza bakoitzeko ibilgailu bat baino gehiagorako txartela eskuratzeko aukera izango da, baldin eta horietako bakoitza gidabaimen bati lotuta badago; hau da, TAO txartel bat ibilgailu bakoitzeko eta ibilgailu bakoitza gidabaimen bati lotuta. Edonola ere, eskaera autoaren jabeak edo titularrak egin behar du. 

Herriko landa-auzoetan bizi direnek ere eskatu ahal izango dute TAO txartela; kasu honetan, 4. gunerako eskaera egingo lukete.
 
Merkatarien ibilgailu mistoentzat
 
Merkatariek txartel bereizgarria ere lortu ahal izango dute, jarduera ekonomikoarekin lotutako ibilgailuentzat: ibilgailu mistoak izan behar dute eta txartel bakarra izango dute. Bestalde, gremioek tarifa berezi bat izango dute TAO tiketa ateratzeko. 

Ordenantza eguneratzeko prozesuan, Tolosako Udalak herritarren parte-hartzea bultzatu du, aurretiazko kontsulta publikoaren bidez eta jendaurrean egoteko epean jasotako ekarpenen bidez. Udalbatzak hasierako onarpena eman ondoren, jasotako alegazioak aztertu, eta egokiak izan direnak txertatu dira, arauaren azken bertsioa osatzeko.
 
 

OHIKO GALDERAK

Alde Zaharrean bizi naiz eta TAO txartela nahiko nuke, baina Amarotzen garajea daukat. Eskuratu al dezaket txartela?
Bai. Garajea bizi zaren gunean ez dagoenez, eskuratu dezakezu bizileku duzun gunean aparkatzeko TAO txartela.
 
Larramendin bizi naiz eta garajea daukat bertan, baina alokairuan emanda daukat. Eskura al dezaket TAO txartela?
Bai; hala ere, TAO txartela eskatzerakoan alokairuaren kontratua txertatu beharko diozu entregatu beharreko dokumentazioari.
 
Etxean bi auto ditugu: biak nireak dira, baina bat semeak erabiltzen du. Bientzako eska al dezaket TAO txartela?
Bai; bi txartelak zuk eskatu beharko dituzu – bi autoen titularra zeu zarenez gero -, baina horietako bakoitza gidabaimen banari lotu beharko diozu: TAO txartel bat = ibilgailu bat = gidabaimen bat.
 
Leasing edo renting autoa daukat. Eskuratu al dezaket txartela?
Bai; eskatzeko garaian kontratuaren kopia sartu beharko duzu dokumentazioan.
 
Berazubin bizi naiz eta Alde Zaharrean egoiliarrei gordetako tokian aparkatzeko baliatu dut nire TAO txartela. Egin al dezaket hori?
Ez. Berazubi 4. gunean dago eta Alde Zaharra 1. gunean. Ezin duzu zure TAO txartel bereizgarria horretarako erabili.
 
Urkizun bizi naiz, eta herrigunera etortzen naizenerako TAO txartela eskatu nahiko nuke. Posible al da?
Bai; 4. gunean izango zenuke aukera.
 
Denda daukat Tolosan, baina ez dut ibilgailu mistorik, ez baitut autoarekin lan egiten. TAO txartela eskuratu al dezaket?
Ez; autoarekin lan egiten duten merkatariek txartela beren ibilgailu mistoentzat bakarrik eskatu ahal izango dute. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA