2022/12/19 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
- Gaurtik aurrera, Mugi txartela hiribusean erabili ahal izango da; orain arteko bono zein txartelak ezingo dira berriro kargatu eta urtarrilaren 31a bitartean gastatu beharko dira. Epe horretatik aurrera, soilik Mugi txartela edo esku-dirua onartuko dira Hiribusean.
- Patxi Amantegi, ingurumen zinegotzia: “Garraio publikoaren sustapena ezinbestekoa da mugikortasun eredu jasangarriagoen alde urratsak egiteko eta ildo horretan, Mugi sistemaren integrazioa Hiribusean ezinbesteko pausoa da Tolosako garraio publikoa indartu eta modernizatzeko”.
- Mugi txartela garraio publiko desberdinetan erabil daiteke eta erabiltzaileei deskontuak eta tarifa progresiboak ezartzeko aukera eskaintze die.
Gaurko egunez, Tolosako Udalak, mugikortasun jasangarriaren eta garraio publikoaren aldeko urrats garrantzitsu bat gehiago egin du, Mugi txartela erabilgarri jarriz Tolosako Hiribusean.
Horri esker, zero emisio dituen autobus elektrikoari orain Mugi txartela erabiltzeko aukera gehitzen zaio. Urrats honek, 2019an Tolosako Udalak ekindako ibilbideari erantzuten dio. Orduan, Udalak Hiribus zerbitzua Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan integratzeko eskaera egin zuen eta 2020an eman zitzaion hasiera prozesu horri. Orduz geroztik, mugikortasun jasangarriaren alde aurrera pausoak egiten jarraitu du Udalak, horien artean, 2021ean autobus elektrikoa martxan jartzea, eta, hain zuzen emandako urrats horiek guztiek ahalbidetu dute gaurkoan, integrazio hori errealitate bilakatzea eta, horri esker, aurrerantzean, Mugi txartela Tolosako hiribusean erabilgarri egotea.
“Garraio publikoaren sustapena ezinbestekoa da mugikortasun eredu jasangarriagoen alde urratsak egiteko. Kasu honetan, gainera, gero eta tolosar gehiagok erabiltzen dute Mugi txartela, bai autobusez zein trenez mugitzeko eta orain, sistema hori hiribusean integratuz pauso bat gehiago eman dugu gure herriko garraio publikoa indartu eta modernizatzeko”, aipatu du Patxi Amantegik, Tolosako Udaleko ingurumen zinegotziak.
Mugi sistemara aldaketa urtarrila bitartean egin ahal izango da
Esan bezala gaurtik aurrera, abenduak 19, Tolosako hiribusean Mugi txartela erabili ahalko da. Hala eta guztiz ere, trantsizio epe bat egongo da erabiltzaileek egungo bono edo txarteletik Mugi sistemara aldaketa egin dezaten, hain zuzen, 2023ko urtarrilaren 31 arte.
Epe hori aintzat hartuta, jada ezingo da orain arteko txartela diruz kargatu eta bai txartela zein bonuak urtarrilaren 31a arte gastatu ahal izango dira. Ordutik aurrera, Mugi txartela soilik erabili ahal izango da hiribusean edo, esku-diruz ordaindu beharko da.
Mugi txartela www.mugi.eus webgunean, Tolosaldea autobusetako bulegoan (Barrena kalea, 3) edota UDATEn eskatu daiteke. Horrez gain, txartela kargatzeko puntu desberdinak izango dituzte Tolosan erabiltzaileek: aurrez aipatutako hiruak (UDATEn txartelarekin soilik ordaindu daiteke), Iurre auzoko Eroskian, Korreo 42an, Zabala estankoan, Ross liburu-dendan edota San Frantzisko eta Gorritiko Kutxabank kutxazainetan.
Abantaila asko erabiltzaileentzat
Mugi txartelak abantaila ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei. Alde batetik sistema erabilterraza da, txartel bakarrarekin garraio publiko oro erabil daiteke. Gainera, eskualde barruko aldaketak autobus batetik bestera doan dira eta beste eskualdetara mugitzen diren autobusen aldaketak ere deskontu handiak dituzte.
Mugi txartelaren tarifikazioa, halaber, progresiboa da, hau da, zenbat eta gehiago erabili geroz eta merkeago dira bidaiak. Bestalde, Prezioak eta deskontuak Gipuzkoa osoan berdinak izango dira, hau da, garraio publikoan, energiaren prezioaren igoera arintzeko ezarri diren laguntza eta deskontuak Tolosako Hiribusean ere aplikatu ahalko dira.