2019/01/31 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
- Udalak, Mugikortasun Mahaiko kide direnen ekarpenak jasotzetik haratago, herritarren iritzia ere ezagutu nahi du: www.tolosa.eus web orriaren bitartez zabaldutako espazioan edota Udalean, Kultur Etxean, Usabal Kiroldegian eta Gorosabel eraikinean jarritako inkesten bitartez. Otsailaren 15a bitarte dago aukera.
- Egun, diagnostiko teknikoaren fasean dago Plana, eta Mugikortasun Mahaia eratu berri da. Otsailean, behin ekarpenak jaso ostean, proposamen zehatzak azalduko dira. Azkenik, udaberrian, mugikortasun plana landu eta adostuko da. Hortik aurrera, betetze mailaren jarraipena.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Tolosan Mugikortasun jasangarriarekiko apustua dugu egina, genero-ikuspegia eta irisgarritasun kognitiboa ere barne hartuz; tolosar guztientzako, segurua, eraginkorra, autonomoa, berdea eta berdinzalea den mugikortasuna dugu jomuga”.
Tolosako Udala Mugikortasun Jasangarri eta Berdintasunerako Plana (Tolosako MJBP) garatzen ari da 'Tolosa Badabil' izenburupeko lan-dinamikaren bitartez. Egun, diagnostiko teknikoaren fasean dago eta astelehenean, urtarrilak 28, herritarren parte hartze faseari eman zitzaion hasiera.
Honetarako Tolosako Mugikortasun Mahaia osatu da, lehen lan saioa burutzearekin bat. Mahaikide dira haur, gazteria eta adinekoen bueltako eragileak, mugikortasun alorrekoak, lan erreproduktiboari dagozkionak (hezkidetza mahaia, talde feminista, emakume etorkinen taldea), enpresak, kirol alorreko eragileak, eta auzo elkarteak.
Lehen lan saioan Tolosako Mugikortasun Planaren diagnosia aurkeztu zen, eta Tolosako Mugikortasun Mahaiak bere ekarpen eta moldaketak proposatzeari ekin zion. Aurrerago, otsailean, Mugikortasun Mahaiaren bigarren saioan, dignosi elkarbanatu horretatik abiatuta, proposamen zehatzak azalduko dira. Azkenik, udaberrian, mugikortasun plana landu eta adostuko da hirugarren lan saio batean. Hortik aurrera Tolosako Mugikortasun Mahaia sei hilabetero batzea aurreikusi du Udalak mugikortasun planari jarraipena eman eta berau ebaluatzen joateko.
Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, Tolosak Mugikortasun jasangarriarekiko apustua du egina, “ingurumenean, hirietan eta pertsonen bizitzan eragin kaltegarriak dituzten inpaktuak murriztea helburu. Mugikortasun kultura berria bultzatzen dihardugu, garraio kolektiboa, bizikleta eta oinezkoak kontutan hartuko dituena. Horrez gain, abian den planaren sorkuntzak, genero-ikuspegia eta inklusioa ere txertatuko du, pertsona eta kolektibo ezberdinen ikuspuntua kontuan hartuz. Berdintasunerako mugikortasun batera joko dugu, hau da, pertsona guztien egunerokotasunaren beharrak kontuan hartzen dituen mugikortasunera” nabarmendu du alkateak.
“Lantzen ari garen mugikortasun planak kontuan hartuko ditu, Tolosa eskualde burua izanik, inguruko herrietako biztanleek dituzten mugikortasun beharrak -gaineratu du alkateak-. Era berean, Mugikortasun plan berriak herriko jarduera ekonomikoek beharrezko duten mugikortasuna bermatuko du”.
“Hala ere, hainbat azterlanek agerian utzi dute emakumezkoek eta gizonezkoek ez dituztela erabiltzen garraiobide- eta mugikortasun-eredu berdinak. Horrenbestez, beharrezkoa da udalerriko garraio- eta mugikortasun-sistemak diseinatzean eta planifikatzean genero-ikuspegia aintzat hartzea eta horietan txertatzea. Aintzindariak gara horretan”.
Gaur egungo hiri-egitura eta mugikortasun-eredu nagusia kotxeari eta bere erabiltzaileei begira eraiki da. Baina alkatearen iritziz, prototipo horrekin bat ez datozen sektore sozialen eguneroko beharrak ere aintzat hartu beharrekoak dira: “emakumezkoek, kaudimen ekonomiko nahikoa ez dutenek, sasoi eta adimen aldetik gaitasun osoa ez dutenek, edota familia-ardura eta lan -erreproduktiboa garatzen dutenek gehiago erabiltzen dituzte orokorrean garraiobide ez motorizatuak eta garraio publikoa. Mugikortasun plan honek eredu eta behar desberdinen arteko oreka bilatzea izango du helburu. Horregatik genero ikuspegia txertatzeaz gain, plan honek irisgarritasun kognitiboa ere landuko du, desgaitasunen bat duten pertsonak Tolosan ahalik eta erosoen mugitu daitezen”.
“Oinarrian, tolosar guztientzako, segurua, eraginkorra, autonomoa, berdea eta berdinzalea den mugikortasuna dugu jomuga” aurreratu du Olatz Peon Ormazabalek: “herritar guztien irisgarritasuna berdintasunean bermatzea, mugitzeko aukeratutako era edo garraioaren arabera, segurtasuna hobetzearekin batera; pertsona, garraio eta zama mugimenduen efizientzia eta eraginkortasuna areagotzea; haur eta gazteen autonomia handitzea; inguruaren babesaren aldetik gas kutsatzaileen igorpena eta zaratak murriztea, efizientzia energetikoa hobetuz; hiri-ingurunea erakargarriagoa egitea eta bizi-kalitatea hobetzea; eta plan honetan ardatz den genero ikuspegia eta inklusioa kontuan hartuta egokitzea mugikortasuna.
Herritarren ekarpenak jasotzeko bideak zabaldu ditu Udalak
Udalak, Mugikortasun Mahaiko kide direnen ekarpenak jasotzetik haratago, herritarren iritzia ere ezagutu nahi du. Horretarako, Tolosako MJBPk atal propioa du www.tolosa.eus -en, planaren informazioa emateaz gainera, herritarrek beren iritzia igorri ahal izateko aukerarekin. Horrez gain, Udalean, Kultur Etxean, Usabal Kiroldegian eta Gorosabel eraikinean inkesta bat jarri da imugikortasunaren inguruan, herritarrek bete eta bertan dauden kutxetan utzi dezaten. Otsailaren 15a bitarte dago aukera. Edozein proposamen, iritzi edo zalantza webgunean jaso eta erantzungo dira.
Tolosako MJBPak hiriko mugikortasun-arazoak konpontzeko testuinguru orokorra finkatzen du, aurrez egindako lan eta prozesu ezberdinetatik abiatuz, irisgarritasuna, autonomia, segurtasuna, aire eta soinu kutsadurak edota eskualdearen burua izatea bezalako funtzioak erlazionatuz. MJBPak jarduketa-programak zehaztu ditu ikuspegi estrategiko batetik, eta behar zehatzak asetzeko esku-hartzeak definitu.