Trafikoan eragingo du Donostiako Klasikoak

Hitzorduak

Tolosako Udala
2026/07/29 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa

● Txirrindulariak Bentaunditik sartu eta Belatetik aterako dira, Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua, Rondilla kalea eta Barrena kalea zeharkatuta. 
● Ibilbideko kaleak 11:00etatik aurrera itxiko dira, tropela pasa arte. Ibilgailuak ere ezin izango dira aparkatu: San Frantziskon aurreko eguneko 22:00etatik aurrera, eta Rondilla eta Barrena kaleetan egunean bertan 07:00etatik aurrera.

Larunbatean izango da Donostiako Klasikoa. Donostian hasi eta bukatzen den lasterketa Tolosatik ere igaroko da, eta horrek kale mozketak eragingo ditu.

Bidania-Goiaztik etorriko dira txirrindulariak, eta Tolosa pasata, Anoetarantz joango dira. Lasterketaren abiaduraren arabera, Tolosatik 13:41 eta 13:57 artean pasako direla aurreikusten dute antolatzaileek. Ibilbide horretan, Bentaunditik sartuko dira; Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea zeharkatuko dituzte ondoren; eta azkenik, Barrena kalea igarota, Belatetik aterako dira.

Trafikoan, aparkalekuetan eta autobus zerbitzuan eragina

Batetik, egun horretan bertan, aipatutako ibilbideko kaleak moztuko dira: Tolosari dagokionez, Bentaunditik hasi eta Belateraino, Araba etorbidea, San Frantzisko pasealekua, Rondilla kalea eta Barrena kalea itxiko dira. Kaleak lasterketa pasa baino bi ordu lehenago itxiko dira, UCI WorldTour mailako lasterketen segurtasun eta antolaketa irizpideak jarraituz; hau da, 11:00etatik aurrera.

Bestetik, eta zirkulazioan izango duen eraginaz gain, ibilbideko kaleetan ezin izango da aparkatu: San Frantziskon aurreko eguneko 22:00etatik aurrera eta Rondilla eta Barrena kaleetan egunean bertan 07:00etatik aurrera.

Azkenik, autobus zerbitzuan ere izango da aldaketa. Aipatutako ibilbidean gelditu ohi diren autobusek, herrigunea zeharkatzen dutenek, Santa Klaran egingo dute geldialdia.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA