Trafikoan eta hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak izango dira Gabonetan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/12/22 | Udaltzaingoa, Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna eta Garraioa
  • Trafikoari dagokionez, mozketak izango dira Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Elkartasun krosa eta Erregeen kabalgata tarteko.
  • Urtero moduan, Tolosaldeko Mankomunitateak aldaketak egingo ditu hondakinen bilketa zerbitzuan, eta errefortzua aplikatuko da zenbait egunetan.

 

Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean, errepide mozketa puntualak egingo dira, arratsaldetik aurrera. Garraio publikoaren geralekuak ere lekuz aldatuko dira. Hiribusari dagokionez, hilaren 24 eta 31n, 20:00etan amaituko da zerbitzua.

Asteazkena, abenduak 24:

14:00etatik 22:00etara, Rondilla kalea itxita egongo da autobusentzat, eta ordezko geltokia Santa Klaran egongo da. Autoek, berriz, izango dute pasatzeko aukera, Olentzero eta Mari Domingiren kaleijra hasi arte. 18:00etan moztu egingo da trafikoa, kalejira amaitu arte. Hala eta guztiz ere, 14:00etatik aurrera, autoek ezingo dute aparkatu Kale Barrenean, Rondillan eta San Frantziskon (Geltoki kaleko bidegurutzeraino).

Asteazkena, abenduak 31:

14:00etatik aurrera, eta Elkartasun krosa amaitu arte, autobusek Santa Klaratik joan beharko dute. Rondilla kalea itxita egongo da ibilgailuentzat lasterketak iraun bitartean. Ez dira autoak kendu beharko, baina aparkatuta dauden ibilgailuak ezingo dira mugitu lasterketa amaitu arte.

Astelehena, urtarrilak 5:

14:00etatik 22:00etara autobusek Santa Klaratik joan beharko dute. Ondorioz, tarte horretan Rondilla eta San Frantzisko pasealekuko autobus geltokiak Santa Klarara lekualdatuko dira. Autoek, berriz, 14:00etatik 18:00etara pasa ahal izango dute, baina ezingo dute aparkatu Kale Barrenean, Rondillan eta San Frantziskon (Geltoki kaleko bidegurutzeraino). Erregeen kabalgata hastean, trafikoa moztu egingo da Rondillan eta San Frantziskon, kabalgata bukatu arte. Amaitzean, berriro ere zabalduko da.

 

Hondakinen bilketa zerbitzu berezia

Bestalde, Tolosaldeko Mankomunitateak iragarri du egun seinalatuetan zenbait aldaketa egingo direla hondakinen bilketari dagokionez:

Abenduaren 24an eta 31n, ez da bilketa-zerbitzurik egingo gauez. Horren ordez, egun horietan arratsaldera aurreratuko da bilketa, eta zerbitzuan errefortzua egingo da 13:00etik 18:00etara bitarte. Ontzi arinak, organikoa, errefusa eta komertzioetako kartoia jasoko dituzte, 18:00ak arte.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, goizez papera jasoko da, eta gauez ohiko bilketa-zerbitzua egingo da. Bi egun horietan, ez da egingo sortzaile berezien organikoaren eta industrialdeetako hondakinen bilketarik. Urtarrilaren 6an, goizean kartoi-bilketa egingo da, eta gauetik aurrera ohiko zerbitzua emango da.

Abenduaren 24an eta 31n, garbiguneak goizeko ordutegian bakarrik egongo dira zabalik: 09:00-13:30 bitartean.

 

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA