2023ko ekitaldiko gerakinekin, 1,5 milioi euroko kreditu txertaketa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/04/30 | Udate (HAZ-SAC)
  • Iurre auzoa birgaitzeko eta Triangulo plazako berrurbanizazio proiektuak idazteko, hilerriko obretarako edota Iurramendiko babes ofizialeko etxebizitzen hormaren eraikuntzarako lanen partidak daude horien artean.

          

Atzo arratsaldeko osoko bilkuran jakitera eman zen moduan, 2023 ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa egin aurretik, gerakinak berrikusi eta horiekin kreditu txertaketa egin du udalak. 

Guztira 1,5 milioi euro txertatu dira aurtengo aurrekontura. Besteak beste, horien artean daude finantzaketa lotua duen Iurre auzoko urbanizazioa birgaitzeko exekuzio proiektua, Triangulo plazako berrurbanizazioaren exekuzio proiektua, udaletxeko LED argiteria, Irisgarritasun Planaren eguneraketa, Iurramendiko babes ofizialeko etxebizitzen hormaren obra eta hilerriko obra.

Iurre auzoko obrari dagokionez, pasa den astean bildu zen kontratazio mahaia, eta azken txostena falta du, esleipen proposamenarena, alegia. Behin hau eginda, kontratua sinatu eta proiektua idazteko lanak abiatuko dira. Trianguloko berrurbanizazio proiektuaren kasuan, aldiz, udalak dagoeneko esleitu du proiektua idazteko lana; enpresa esleipendunak ere jarria du bermea, eta berehala sinatuko da bi aldeen arteko kontratua, lanak abiatu daitezen.

Genero-eraginaren ebaluazioa

Udal politiketan genero-ikuspegia txertatzeko beste urrats bat eman du Tolosako Udalak. Izan ere, lantzen dituen tokiko araudi, ordenantza, administrazio-egintza eta plan sektorial eta estrategikoen genero-eraginaren ebaluazioa egiteko jarraibideak onartu ditu. Beraz, aurrerantzean, ibilbide eta erreferentziazko ereduak izango dituzte udal langileek, azterketa eta balorazioak egiteko, baita helburuen eta neurrien eraginkortasuna neurtzeko ere. 

Dirulaguntzen Ordenantza Orokorra, behin betikoz onartuta

Udalbatzak, otsailaren 29ko Osoko Bilkuran, Dirulaguntzen Ordenantza Orokorraren (DOO) aldaketa hasieraz onartzea erabaki zuen. Bada, informazio publikoko epea igarota, behin betiko onarpena eman dio orain udalbatzak, bi akatsen zuzenketarekin.

Dirulaguntza deialdiak egiteko prozedura arintzeko eta aldaketak txertatzeko malgutasuna izateko aldatu da DOOa. Orain arte dirulaguntza guztiak arautzen zituen ordenantza orokor bat izan du udalak, eta laguntza bakoitza zehatzago arautzen zuen ordenantza propio bana. Urte batetik bestera irizpideetan aldaketa bat aplikatu nahi izanez gero, aldaketa bietan egin behar zen, prozesua luzatuz. Orain ordenantza propioak indargabetu dira, eta horien ordez, urtebeteko indarraldia duten oinarri arautzaile espezifikoak izango ditu laguntza bakoitzak. 

Hain zuzen, 2024ko dirulaguntzen deialdi bateratua prestatzen dabil udala, eta ondo bidean, hilabete pasatxoko epean emango da deialdi horren berri.

Palestinaren inguruko mozioak

Palestinaren inguruko bi mozio ere izan dira eztabaidagai osoko bilkuran. Palestinarekiko Erantzukizuna Plataformak aurkeztutako mozioa onartu da, gehiengo osoz, EH Bilduren aldeko botoekin eta oposizioko alderdien abestentzioarekin, baita EAJ/PNV eta PSE-EEk aurkeztutakoa ere, azken bi udal talde horien babesarekin.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA