Arratsaldez eta asteburuetan izapideak egiteko aukera UDATEko bulego automatizatuan

Tolosako Udala
2021/06/16 | Udate (HAZ-SAC)
  • UDATEko izapideetarako makinan izapideak egiteko ordutegia zabaldu da, herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeko helburuarekin.

 

UDATEko izapideetarako makinan izapideak egiteko ordutegia zabaldu da, herritarrei eskaintzen zaien arreta zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Lehen astelehenetik ostiralera soilik erabil zitezkeen izapideak egiteko kutxazainak, goizez bakarrik, eta ostegunetan arratsaldeko 19:00ak arte.

Ordutegi berriarekin, UDATEko bulego automatizatuan izapideak egiteko aukera zabaldu da: astelehenetik ostiralera 7:15etatik 20:00etara erabili daitezke, eta asteburu eta jaiegunetan ere eskuragarri egongo dira, 8:00etatik 20:00etara. Aldaketa honek helburu du herritarrei izapideak egiteko aukera zabaltzea, eta ordutegi guztietara moldatzea, herritarren eta udalaren arteko harremana errazagoa eta arinagoa bihurtuz.

 

UDATE, herritarren zerbitzura aurrez aurre edo telematikoki

UDATEn bertan kokatuta dagoen izapideetarako bulego automatizatuaren bidez ez ezik, telematikoki ere egin daitezke izapideak, norberak aukeratutako momentuan. Besteak beste, honako tramiteak egiteko aukera dute herritarrek: errolda ziurtagiriak eskuratu, erreziboak ordaindu, ordainketa gutunak ordaindu, erreziboen kopiak eskuratu, isunak ordaindu, edo espedienteak kontsultatu.

Aurrez aurreko zerbitzua ere eskaintzen da edozein izapide egiteko, astelehenetik ostiralera 7:15etatik 14:15etara eta ostegunetan 19:00ak arte. Segurtasun neurriak betetzeko, aurrez hitzordua eskatu behar da Tolosatik deituta 010 zenbakira edo 943 65 44 66 telefonora deituta.