
Tolosaldeko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak aholku eta jarraibide zerrenda bat argitaratu du, ekainaren 13ko euri-jasak eragindako kalteen aurreak kaltetuek nola jokatu jakiteko: zer pauso eman behar diren, aseguruari zer kalte erreklamatu behar zaizkion edo zer estaldura duten egoera horren aurrean.
Uholdeak aparteko arrisku klimatikotzat jotzen dira, eta aseguru-etxeek, oro har, mota honetako arriskuak baztertzen dituzte beren kontratuetan. Bada, hemen esku hartzen du Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak. Izaera publikoko erakundea da, eta aseguru-etxeek estaltzen ez dituzten ezohiko arriskuengatiko kalte-ordainak bere gain hartzen ditu. Beraz, horrelako arriskuak gertatzen direnean, kaltetuek indarrean dagoen aseguru-poliza bat badute hondamendia gertatzen den unean, eta aseguruaren ordainketa eguneratuta badute —konpentsazioa eskatzean egiaztatu beharko dituzten baldintzak—, Partzuergoak hartuko du bere gain kalte-ordaina.
Aldiz, aseguru polizarik ez duten kaltetuak badaude, kasu horretan, Partzuergoak ez ditu estaliko horiek izandako kalteak, eta itxaron beharko da ea Gobernu Zentralak, Gipuzkoako Foru Aldundiak hala eskatuta, ingurua katastrofiko deklaratzen duen eta laguntza publikoren bat jaso dezaketen.
Uholdeek eragindako kalteak estal ditzaketen aseguru motak:
-
Istripu-asegurua (lesio pertsonalen kasuan)
-
Etxeko asegurua (egitura-kalteen eta edukian izandako kalteen kasuan)
-
Jabekideen komunitatearen asegurua (komunitatearen eremu komunetan kalteak)
-
Merkataritza-, enpresa- eta industria-asegurua (instalazioetan kalteak izanez gero, galera ekonomikoez gain)
-
Kotxeko asegurua
-
Nekazaritza-asegurua (uztak, animaliak eta instalazioak kaltetuz gero)
Kalte-ordainak erreklamatzeko prozedura:
Kalteak grafikoki dokumentatu:
- edozein garbiketa edo konponketa egin aurretik, jasandako kalteen argazkiak eta bideoak egin.
- Kalteen inbentarioa egin.
- Kalteen ondorioz egindako gastuen fakturak eta ordainagiriak gorde.
Ezbeharra aseguru-etxeari lehenbailehen jakinarazi, gehienez ere 7 eguneko epean. Aseguru-etxeek Partzuergora bideratuko dituzte kasuak. Dena den, posible da Partzuergoari zuzenean jakinaraztea. Ezbeharra aseguru-etxeari jakinarazteko erak:
- Telefonoa: Komeni da polizaren zenbakia eskura izatea eta, behin ezbeharra jakinarazitakoan, hari esleitutako erreferentzia-zenbakia emateko eskatzea, baita, ahal bada, arreta emango dien izapidegilearen izena ere.
- Posta elektronikoa: sartu behar dira oinarrizko datu pertsonalak, poliza-zenbakia eta aseguruaren ordainagiria, baita klima-gertaerari buruzko informazio garrantzitsu guztia ere (data, gertaeraren iraupena...) edo jasandako kalteen xehetasunak (argazkiak, bideoak, fakturak...). Meteorologia-fenomenoaren intentsitateari buruzko informazioa ematen duten txosten meteorologiko ofizialak izanez gero, baliagarriak izan daitezke erreklamazioa babesteko. Gainera, jaso izanaren baieztapena bidaltzeko eskatu behar da, aseguru-etxeak ezbeharraren jakinarazpena jaso duela egiaztu ahal izateko. Jasotzen ez bada, atal honetan adierazitako beste bi bide alternatiboren bat aukeratu beharko da.
- Bulego fisikoak: Langileek eskatutako dokumentazio guztia eman.
Kalteen ebaluazioa: ezbeharraren berri aseguru-etxeari jakinarazi ondoren, perituak eragindako jabegoa bisitatuko du kalteak ebaluatu ahal izateko. Perituak euriteek kaltetutako eremuak zehatz-mehatz ikuskatuko ditu. Bildutako frogak (argazkiak, bideoak eta dokumentu garrantzitsuak) bereziki baliotsuak izan daitezke erreklamazioa babesteko, nahiz eta perituak dokumentazio osagarria eska dezakeen bisitan zehar. Bildutako informazio guztiarekin, perituak kalte-ordainari dagokion zenbatekoa zehaztuko du.
Ezbeharra ebaluatu eta onartu ondoren, kalte-ordain ekonomikoa jasoko da, polizaren baldintzen arabera (estaldura mugatua, uholdeek eragindako kalte-mota batzuen salbuespenak...). Polizak jasandako kalteak erabat estaltzen ez dituenean, Partzuergoak esku hartzen du, eta babes-estaldura osagarria eskaintzen du. Partzuergoak izendatutako peritu batek ebaluatuko ditu kalteak, konpentsazio egokia zehazteko.
Hala ere, eta argibide horiek guztiak gorabehera, adierazi behar da egoera bakoitza bakarra dela. Horrek ebaluazio xehatua egitea eskatzen du, kasu bakoitzaren inguruabar indibidualen eta kontratatutako aseguruaren klausula espezifikoen araberako kalte-ordain egokia bermatzeko.
Aseguruaren baldintzak interpretatzerakoan zalantzak edo zailtasunak izanez gero, edo balizko estaldurei buruzko eztabaidak izanez gero, eskatu Tolosaldeko KIUBaren lege-aholkularitza, 616 647 835 telefonora deituta edo kontsumoa@tolosaldea.eus helbidera idatzita. Astelehenetik asteazkenera ere arreta eskaintzen du 09:00etatik 14:00etara, Gorosabel eraikinean.