Zerbitzu minimoak funtzio publikoaren greba-egunetan

Udaterako
hitzordua

Tolosako Udala
2026/05/13 | Udate (HAZ-SAC)
  • Maiatzaren 14n eta ekainaren 4an izango dira greba-egunak, eta Tolosako Udalak oinarrizko zerbitzuak bermatuko ditu

 

Udala greba

 

Tolosako Udalak gutxieneko zerbitzuak emango ditu ELA eta LAB sindikatuek funtzio publikoan deitutako greba-egunetan. Greba-deialdiak maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako dira, eta Alkatetzak, Eusko Jaurlaritzaren aginduari jarraituz, ezinbesteko zerbitzuak mantentzeko dekretua onartu du.

Etxez etxeko laguntza-zerbitzuan, II. eta III. mendekotasun-gradua duten erabiltzaileentzako arreta bermatuko da. Besteak beste, janari-zerbitzua, eguneroko higiene pertsonala, jaikitzeko eta oheratzeko laguntza, botiken eta elikagaien kontrola eta premiazko osasun-hitzorduetara laguntzea bermatuko dira. Era berean, eguneko zentroetara joateko laguntza emango da eta ohean dauden pertsonentzako beharrezko jarrera-aldaketak egingo dira.

Hezkuntza arloan, Samaniego ikastetxean sarrera-kontrola bermatzeko atezain-zerbitzu minimoak mantenduko dira; baita Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolan ere.

Horrekin batera, Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxean aholkularitza zerbitzua ere emango da.  

Garraioari dagokionez, Hiribusaren ohiko zerbitzuen % 30 emango da greba egunetan, eta lehentasuna emango zaie osasun-zentroetara doazen edo ordezko garraiorik ez duten lineei. Horrez gain, udal-errepideen mantentze-lanak bermatuko dira, jaiegunetako antolaketa berarekin, eta larrialdi-egoeretan, beharrezko garbiketa eta esku-hartzeak egingo dira. 

Udal garabi-zerbitzuak ere lanean jarraituko du, zirkulazioa oztopatzen duten ibilgailuak kentzeko eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkalekuak libre mantentzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA