19 ekintzez osatu da udazken-negu honetarako Tolosako Jabetze Eskolaren egitaraua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/09/25 | Berdintasuna
  • Berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, tailerrak, hitzaldi zein mahai inguruak, ikastaroak edota emanaldi desberdinak eskainiko dira urritik martxora bitartean, emakumearen jabetzea eta parte-hartze soziopolitikoa sendotzen jarraitzeko. 
  • Izen-ematea dagoeneko zabalik dago https://tolosakoudala.org/berdintasuna webguneren bitartez; izapideak online egiteko zailtasunak dituztenek Kultur Etxera deitu edo berdintsuna@tolosa.eus helbidera idatzi dezakete laguntza jasotzeko. 

 

Ekintzez josiriko egitaraua aurkeztu du Tolosako Jabetze Eskolak udazken-negu honetarako. Hain zuzen 19 dira egitarau honek jasotzen dituen ekintzak, Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun sailarekin, Udal Liburutegiarekin, Gazteria arloarekin, Foru Aldundiarekin eta beste hainbat elkarterekin elkarlanean antolatuak. 

Jabetze Eskola emakumearen jabetzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzera bideratutako espazioa da, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzeko. Horrela, berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, mota askotariko ekintzak eskainiko ditu udazken-negu honetan: tailerrak, hitzaldi zein mahai-inguruak, ikastaroak, emanaldi desberdinak…

Iaz bezala, egitarauaren baitan jasotako ekimenetako batzuk emakumeek kultura- eta arte-esparruetan duten parte-hartzearekin lotuta daude. Beste batzuk, halaber, ongizate emozionala, gorputzekoa eta sexu-afektiboa sendotzera zuzenduta daude, ikuspegi feministatik. Kasu honetan, gainera, tailer zein hitzaldi horietako ugari, gazteei zuzendurikoa izango dira. Era berean, erreminten erabilerari edo, ohituraz maskulinitateari loturiko ekintzetan emakumeen gaitasunak handitzeko tailerrak ere eskainiko dira eta ez dira faltako autodefentsa feministako tailerrak, batukada feminista edota euskal emakume idazleen irakurketa kluba edota munduko emakumeen literatur taldea. Horrez gain, iazko arrakastari erreparatuz, boxeo ikastaroa ere antolatu du Jabetze Eskolak, oraingoan helduei zuzenduta.

Egitarauari erreparatuz, halaber, aipatzekoak dira, baita ere, «Sangre y Resistencia. Políticas y culturas alternativas de la menstruación» liburuaren aurkezpena eta «Emakumeen eta feminismoaren memoria espazio publikoetan» mahai ingurua. Liburuari dagokionez, zenbait gizarte eta kultura-aldaketa aztertzen ditu honek. Horretarako, abiapuntu dira hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruzko gorputz-etnografia. Mahai-inguruan, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan herri seguru eta berdinzaleagoak sustatzeko izandako esperientziak ezagutu ahal izango dira. 

Jarduera guztiak aurrez aurrekoak izango dira, gehienak, ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxean. Kultur Etxean eta Amarotz Auzo Elkartean ere egingo dira ekintza batzuk. 

Guretzako: jatorri anitzeko emakumeentzako gunea

Ohi bezala, aurtengoan ere beste hainbat ekimen berezi antolatu dira Jabetze Eskolako “Guretzako” gunean garatzeko. Aipatu espazio hori jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena. 

Bi ekintza egingo dira espazio honetan, kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra batetik eta intersekzionalitateari eta feminismo dekolonialari buruzko tailerra bestea. 

Izen ematea zabalik

Ekintza horiek guztiak urritik martxora bitarte eskainiko dira eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, matrikulazioa dagoeneko zabalik dago https://tolosakoudala.org/berdintasuna webgunean eta interesdunek ekintzaren data baina bi egun lehenago arte eman ahal izango dute izena. 

Izapideak online egin behar dira, baina, zailtasunik izanez gero, informazioa edota laguntza eskatzeko 943 67 03 83 telefonora deitu edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi. 

“Guretzako” gunearekin harremanetan jartzeko: 646057080 / migrazioa@tolosaldea.eus

Hona hemen egitarau osoa: 

Emakumeen arteko kantua berreskuratzen

Tailer hau ahots kantuari lekua eta denbora bat emateko da. Hau egiteak ahalduntzen eta aberasten gaituelako. Ez da abesbatza bat izango. Proposamena da abestea sentitzeko. Ez gehiago, ez gutxiago.

Batukada feminista

Ikastaroaren helburuak dira emakumeon arteko harremanak eta elkartasuna sustatzea, musikaz gozatu eta gozaraztea, gure irudimena eta sormena garatzea. 

Xilografia tailerra (linolio gainean): sormena eta aldarrikapenak plazara!

Xilografia tailer honen bitartez, eskuekin dugun sortzeko ahalmenari bide emango diogu. Antzinako teknika hori ikasteaz gain, bakarka nahiz taldean lan egingo da, irudi, aldarrikapen feminista eta hainbat mezu paperean eta oihalean estanpatuz

Biodantza

Musikaren, mugimenduaren eta isiltasunaren bidez, emozioekiko harremana erraztuko du ikastaroak, autoezagutzan eta hazkunde pertsonalean sakonduz, askatasun handiagoz mintzatu ahal izateko. 

Sormeneko argazkigintza ikuspegi feministatik

Adin guztietako emakumeei zuzenduriko ikastaro honetan, elkarlanean, mugikorra edo argazki kamera erabiliz, sormena landuko dugu, betiere ikuspegi feminista ardatz hartuta

Nuestras emociones pintadas

Gorputz dinamiken, pintura espontaneoaren, erretratuaren eta autoerretratuaren bidez, emozioak adierazi eta kudeatuko dituzte parte-hartzaileek, autoezagutza eta garapen pertsonala landuz eta elkarren arteko laguntza sareak ehunduz. 

Euskal emakume idazleen irakurketa feminista taldea

Euskal eta zehazki euskarazko emakume idazleen lan garaikideak ikuspegi feminista batetik irakurtzeko tailerra izango da hau.

Boxeo tailerra 

Boxeo-tailer honetan, kirol honekin lehen harremana eginez, emakumeek boxeoa egiteko gaitasun tekniko ezberdinak dituztela ikasiko dute. 

Sormen akelarrea. Hartu pintzelak eta dibertitu!

Ikastaro honetan zenbait teknika erabiliko dira, askotariko esparruetatik sormenera hurbiltzen laguntzeko: marrazkia, collagea, marmolatzea, akuarela…

Hil arte bizi: heriotzaren aurrean ere, geure erara (2. Zatia)

Hil Arte Bizi tailerrek heriotzaren aurrean ahalduntzea dute helburu. Tailer hauen bigarren zati honetan, osasungintzan jarriko da azpimarra. 

Hilekoa, autoezagutza eta ziklikotasunari buruzko tailerra (11-14 urteko neska gazteentzat)

Saio hauetan, taldearen babesean, gorputzarekin konektatzen eta gorputza entzuten ikasiko dute parte-hartzaileek, behar eta emozioei leku emanez. 

Taller de manejo de herramientas de mano

Helburu nagusia da tradizioz maskulinoak izan diren esku-tresnen erabilgarritasuna ezagutzea eta horien erabilera menderatzea, etxeko konponketetan autonomoagoak izateko eta brikolajearekin sortzaileagoak eta aktiboagoak izateko.

Grupo de Literatura de mujeres de mundo

Literatur talde honen bitartez, hainbat herrialdetako eta kulturatako emakume idazleen lanetan barrena bidaiatuko dute parte-hartzaileek. 

Gozamenerako bideak, desiraren bidezidorrak (18-30 urteko neska gazteentzat)

Helburu nagusia norberak bere burua pentsatzeko eta ulertzeko giltzarriak eskuratzen hastea eta norberaren desiretara hurbiltzeko bideak bilatzeko aukera sortzea da. 

Autodefentsa feminista (18-30 urteko neska gazteentzat)

Saio honek autodefentsa feministari buruzko esperientziak eta ideiak partekatzeko espazio segurua da. Bertan, beldurrak eta amorrua bezalako emozioak landuko dira, horiei aurre egiteko baliabideak eman eta egunerokotasunean jasotzen diren erasoak identifikatzen ikasiko da.

«Sangre y resistencia. Políticas y culturas alternativas de la menstruación» liburuaren aurkezpena

«Sangre y resistencia» liburuak zenbait gizarte eta kultura-aldaketa aztertzen ditu. Horretarako, abiapuntu dira hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruzko gorputz-etnografia.

Mahai-ingurua: Emakumeen eta feminismoaren memoria espazio publikoetan

Hirigintza feministak hiri eta herri seguruagoak eta berdinzaleagoak sustatzen ditu. Oraingoan, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan izandako esperientziak ezagutu eta horiei buruz hausnartuko da, baita gure inguruan hasitako urratsak nola jarraitu ere.

GURETZAKO 

Kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra

Tailerraren helburuak dira, ondo pasatzeaz gain, larruazalaren ezaugarrien eta garbitasunaren garrantziaz jabetzea, eta zenbait produktu natural ezagutzea eta egitea.

Taller sobre interseccionalidad y feminismo decolonial: de la teoría a la práctica cotidiana

Tailer honek helburu du lanaren ikuspegi eta metodologiei buruzko informazioa partekatzea, feminismo dekolonialaren eta intersekzionalitatearen ikuspegitik.


 

Egitarau osoa ikusgai dago hemen

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA