20 jarduera, Jabetze Eskolaren udaberriko eskaintzan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/14 | Berdintasuna
  • Astelehenean, hilak 17, abiatuko da jardueretarako izen-ematea.

  • Jarduera batzuk jarraipena izango dute, Txarangorak esaterako, eta berriak ere izango dira: Arabara irteera bat, kotxe-mekanika tailerra, kapazitismoari buruzko hitzaldi zikloa, autodefentsa eta dj tailerrak…

 

Astelehenean, martxoaren 17an, abiatuko da Jabetze Eskolaren udaberriko jardueretarako izen-emate epea. Guztira 20 hitzordu antolatu dira ekainera bitarte, hala nola, Andragora, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saila, Udal Liburutegia, Ttonttor Auzo Elkartea, Gazte Topagunea eta Zehar Errefuxiatuak bezalako elkarte eta erakundeekin elkarlanean.

Jarduera batzuk jarraipena izango dute, esaterako, Txarangora! Andragorako txarangaren tailerrak. Inauterietako lehen kalejiraren arrakastaren ondoren, beste zortzi saio eskainiko ditu Ines Osinagak, eta amaieran berriro ere saio bat eskainiko dute kalean.

Ikastaro berriak ere izango dira udaberriko eskaintzaren barruan. Kapazitismoa aztergai duen hitzaldi zikloa izango da; neska gazteentzako autodefentsa feminista eta DJ tailerrak ere eskainiko dira. Jabetze Eskolaren barruan duela urte asko egin zen beste ikastaro bat ere berreskuratuko da, autonomia suspertu asmoz: kotxe-mekanikari buruzkoa. Body Dance saioak eta klown-tailerra ere ziango dira. Zehar Errefuxiatuak elkarteak, errezitaldi poetiko eszenikoa eskainiko du. 

Maiatzaren 17an, larunbatez, egun osoko irteera egingo da Arabara, Erdi Aroko euskal erromanikoa genero ikuspegi batetik ezagutzeko. Alaitza, Gazeo eta Agurain bisitatuko dira, Isabel Mellen historiatzaileak gidatuta.

Gizonekin gizontasuna lantzeko eta feminismoarekiko duten zereginaren inguruan dauden erronketan sakontzeko aukera ere eskainiko du Jabetze Eskolak. En los casos de violencia de género, ¿qué papel tenemos los hombres en la denuncia social? izeneko bi saiko tailerra izango da, maiatzean, kultur etxean.

Deskargatu hemen 2025eko udaberriko eskaintzaren liburuxka

Izen-emate epea asteleheneko, martxoaren 17ko, goizean zehar zabalduko da udaleko webgunean. Internet bidez izena emateko zailtasunik izanez gero, informazioa eta laguntza eska daiteke Andragorarekin edota Berdintasun Sailarekin harremanetan jarrita. 

Ikastaroetan parte hartu nahi duten emakumeen kopurua altua denez, eta ahalik eta parte hartzerik altuena bermatzeko, Berdintasun Sailak eskatu du erantzukizunez jokatzea izena ematerakoan, eta soilik bertaratzea berma daitekeen ikastaroetan izena ematea. Ikastaroa hasi ondoren utzi nahiko balitz, Berdintasun Sailari jakinarazi beharko zaio.

Jabetze Eskolari buruz

Jabetze Eskolak emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzeaz gain, belaunaldien arteko eta kulturen arteko hausnarketarako, eztabaidarako eta formaziorako, topagune bat eskaintzea ditu helburu. Errealitatea ikuspegi feminista eta intersekzionaletik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta eraldatzeko. Sareak eta aliantzak sortzeko eta bizitza pertsonalean, kolektiboan, sozialean eta politikoan eragiteko tresnak eta proposamenak lantzeko espazioa da. 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA