- Erronka berria jarri du Jabetze Eskolak sasoi honetarako: Ines Osinaga musikariak gidatuta, txaranga ez-mistoa osatzearena.
Tolosako Jabetze Eskolak udazken-negurako jarduera-egitaraua aurkeztu du. Nabarmen handitu da antolatutako jardueren kopurua: 25 guztira, hain zuzen, Tolosako edota eskualde mailako beste erakunde, udaleko sail eta eragileekin egindako elkarlanaren emaitza gisa. Horien artean daude, hala nola, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio Saila, Udal Liburutegia, Gazte Topagunea, Gurpilgunea, Berdintasunaren aldeko gizon taldea eta Andragora.
Jaruderen formatuari erreparatuta, ohiko moduan, askotarikoak izango dira saioak: tailerrak, ikastaroak, irakurketa-klubak, solasaldiak eta hitzaldiak… Gai anitzak landuko dira, besteak beste, sormena, gorputza, zaintza eta osasuna, komunikazioa, identitatea eta genealogia feministak.
Hala, berdintasuna eta feminismoa oinarri hartuta, urtero errepikatzen diren jarduera batzuk jarraipena izango dute, baina berrikuntza ugari ere jasotzen ditu egitarauak. Esate baterako, intersexualitateari buruzko tertulia, historia genero ikuspegitik aztertuko duen jarduera, 11-14 urte bitarteko nerabeei zuzendutako sexu heziketa, bizikleta mantentzeko tailerra, dancehall dantza, EZ esatearen garrantzia eta aurretiazko borondateak lantzeko ikastaro praktikoa.
Txaranga ez-mistoa osatzea, udazken-negu honetarako erronka nagusia
Antolatutako jardueren artean bada, baina, erronka nagusi bat: txaranga ez mistoa osatzea ahalbideratuko duen ikastaroa.
Izan ere, Tolosako Txarangetan emakumeen presentzia eskasa dela ikusita, 2024ko Jai Berdinzaleen Behatokiko plangintzan berdintasunaren alde aurrerapausoak eman eta lanari ekitea adostu zen. Horri jarraiki, lanketa hori Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxearekin elkarlanean egingo da, eta Ines Osinaga, abeslaria, interprete eta konpositoreak gauzatuko du. 9 saio izango dira denera eta 10. saioa Inauterietako kalejira izango da.
Erronka berri honen helburua da txaranga bat zer den ezagutzen hasi, errepertorioa landu eta emakume musikariek espazio publikoa hartzea ahalbideratuko duen ahalduntze prozesua abian jartzea.
Guretzako: jatorri anitzeko emakumeentzako gunea
‘Guretzako’ Jatorri anitzeko emakumeentzako aisialdi, laguntza eta elkartasun espazioa da, Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailarekin elkarlanean garatzen dena.
Sei ekintza egingo dira espazio honetan, antzerki terapeutikoko saioa, kosmetika naturala egiten ikasteko tailerra, irakurketa erraza, yogaterapia tailerra, elikatze tailerra eta “Hija de imigrantes” liburuaren aurkezpena.
Berritasunak prezio-politiketan
Egitarauaren barruan jasotako berrikuntzez gain, prezio-politikan ere bi aldaketa izango dira: batetik, 0,90 euroko orduko prezioa ezarri da, eta jardueren kostu osoa jasotako ordu kopuruaren arabera kalkulatuko da. Bestetik, eskaera egiten duten emakumeek %100eko murrizketa izan dezakete prezio publikoan, ondorengo hiru baldintzak betez gero: Tolosan erroldatuta egotea, Tolosako Udalarekin zorrik ez izatea, eta Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak eskaintzen dituen prestazioetarako baldintza ekonomikoak betetzea.
Izen ematea zabalik
Jarduera hauek guztiak urriaren erdialdetik otsailera bitartean egingo dira, eta parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Matrikulazio epea irailaren 26an 10:00etan zabalduko da udal webgunean, eta interesdunek jarduera bakoitza hasi baino bi egun lehenago arte eman ahal izango dute izena. Izapideak aipatutako webgunearen bidez egin behar dira.
Jarduerei buruzko informazio osagarria edo laguntza behar izanez gero, Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean (943 00 89 67) eta Tolosako Udaleko Berdintasun Sailean (688 86 90 23) galdetu daiteke, baita presentzialki bertaratuta edo berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzita ere. ‘Guretzako’ espazioarekin harremanetan jartzeko, deitu 646 057 080 telefonora edo idatzi migrazioa@tolosaldea.eus helbidera.
Egitarau osoa eta jarduera bakoitzaren xehetasunak, ikusgai hemen.