- Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka gaudela adierazteko eguna da, bizitza aske, seguru eta burujabeak eraikitzearen alde gaudelako.
Duela aste batzuk, Zarautzen gertatutako beste hilketa matxista baten berri izan genuen. Erailketa honek berriz ere mahai gainean jarri du indarkeria matxista lehen mailako arazoa dela gure gizartean. Bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta gazteen artean, sareetako indarkeria kasuak etengabe ari dira gora egiten. Sistema patriarkal sendo baten ondorioa da hori. Analisi feministak azpimarratzen du sexu-generoa sistemaren egiturazko desparekotasunetan duela jatorria, eta botere-harreman sakon horrek bizitzaren esparru eta alderdi guztietan duela eragina.
Hori horrela, guztion ardura da esparru batzuetatik zein besteetatik aurre egitea eta aritzea. Gizarte-eredua aldatu behar dugu indarkeria matxistaren adierazpen guztiak ikusarazteko, kausak aztertzeko eta kausa horiek prebenitu eta ezabatzeko ekintza zehatz eta eraginkorrak abian jartzeko; baita gure egunerokoan horiek justifikatzen edo babesten dituzten egiturak identifikatzeko ere. Erasoak salatzeaz gain, mundu justuago bat, bizigarriago bat, askea, eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu, eta horretan, Mugimendu Feminista dugu eredu.
Halaber, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egun honetan, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldurrezko eta lotsazko ingurunea sortzen duela, jasaten dutenak bakartzeko eta isilarazteko joera duela, eta biktimagileen zigorgabetasun-sentsazioa areagotzen duela. Izan ere, sarerik ez izateagatik eta komunitatean sustraituta ez egoteagatik, egoera horiek areagotu egiten dira isolatuago egon daitezkeen emakumeen artean, eta horien artean daude, besteak beste, adineko emakumeak, landa-ingurune sakabanatuetan daudenak, desgaitasuna duten emakumeak, emakume migranteak edo beste baldintza bereizle batzuk dituztenak.
Komunitateak beste pertsona batzuekin konektatzen gaitu. Horregatik, komunitateak emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzen lagun dezake, eta komunitate feministak, hurbiltasunetik eta sororitatetik, indarkeria jasaten ari diren emakumeak babes ditzake. Komunitateak indartzeko garaian, udalok erantzukizun zuzena dugu: bultzatu egin behar dugu indarkeria matxistaren aurrean erne egongo den, eta hura pairatzen dutenak hartu, integratu eta babestuko dituen bizitza komunitarioa. Era berean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimentzako komunitate erreparatzaileak sustatzeko erantzukizuna dugu.
Gauzak horrela, nahitaezkoa da marko berri bat eraiki ahal izateko, aurrekontu eta baliabide teknikoak ahalbidetzea. Izan ere, badakigu indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko ikuspuntu feministadun berdintasun politikak ezinbestekoak direla, eta hortaz, beharrezkoa dela horri erantzuten dieten baliabideak ematea.
Horregatik, Tolosako Udalak honako jarduera hauek garatzeko konpromisoa hartu du:
-
Tokiko hurbiltasun-sareak indartzea, topaguneak, komunitate-jarduerak eta tokiko elkarteen bizitasuna zainduz, pertsona guztiak eta, bereziki, emakume eta neskarik zaurgarrienak konektatzeko.
-
Horren adibidea da Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Aisialdi-inguruneetan laguntza-sareak sustatzea, honako hauekin konektatzeko: zerbitzu publikoak taldeekin, ostalariekin, elkarteekin eta berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren esparruan elkarri laguntzeko ekimenekin.
-
Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak garatzen jarraitzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista hutsaltzen edo legitimatzen duten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko, bereziki konplizitate matxisten inguruetan.
-
Indarkeria matxistarekin lotutako kasuen aurrean herritarren mobilizazioa sustatzea, indarkeria gaitzesteko eta biktimekiko elkartasuna adierazteko.
-
Udalaren mendeko jardueren aurrekontuetan ikuspegi feminista txertatzea.
-
Tokiko emakumeen mugimenduei eta mugimendu feministari laguntzea eta haiekin koordinatzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei haien borrokan babesa emateko jarduerak garatzeko.
Tolosako Udalak herritarrei dei egiten die Tolosako Asanblada Feministak KONPLIZITATE SAREEN AURREAN, ERRESISTENTZIA FEMINISTA. ¡VUESTRA HIPOCRESÍA ES VIOLENCIA! lelopean antolatutako manifestaziora joateko. Azaroaren 25ean izango da, 19:00etan, Trianguloa plazatik abiatuta.