Adierazpen Instituzionala, LGTBQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/06/28 | Berdintasuna

Gaur, ekainak 28, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da eta horren harira, Tolosako Udalak, egun honekin bat egitez gain, ondorengo adierazpen instituzionala egin du:

1969ko ekainaren 28an New Yorkeko Stonewall tabernako matxinada gertatu zenetik, data horretan, urtero, ikusgarritasuna hartzen dute lesbiana, gay, bisexual eta transexualen aldarrikapen eta lorpenek. Era berean, oraindik lortzeke dagoen guztia nabarmentzeko eguna ere izan behar du, eta, aldi berean, kolektibo horrek aurre egin behar izaten dien egoeren salaketa publikoa egiteko ere bai.

Bereziki gogoratzea nahi dugu, 1979ko ekainaren 10ean polizia batek Errenteriako diskoteka batean trabesti izateagatik hil zuen Antonio Vicente Santa María, Francis; bai eta Aimar Elosegi Ansa, Moio, ere,  2007ko apirilaren 23an bere buruaz beste egin zuen Hernaniko gazte transexuala. Hau dio haren lagun Kattalin Minerrek Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburuan: «Zuri, zaren gorputz disidente horri, Hernaniko herriari, behinola, halako lezioa emateagatik». Hernani herriak plaka oroigarri bat jarri dio.

LGTBI+fobiaren aurkako behatokietatik (Ikusgune, Berdindu, Neurtu) eta egindako txosten eta azterlanetatik, bi ondorio atera daitezke: batetik, kolektibo honek delitu batzuk eta gorroto-diskurtso batzuk jasaten dituela, eta azken urteetan areagotu egin direla; eta bestetik, horietako asko ez direla salatzen.

Hala, gorroto-delituei buruzko egindako inkestaren txostenean (2022ko ekaina) jasotako datuek ohartarazten dute lau urtean hirukoiztu egin direla salatutako erasoak. Gainera, ikusten da batez ere transfobiak gora egin duela azken urteetan, eta datuak kezkagarriak dira: 2018an, salatutako kasuen % 23,08 izan ziren, 2019an % 5; 2020an, berriz, eraso horiek % 40 handitu ziren, eta 2021ean datuek goia jo zutela salatu zuten: salatutako kasuen % 48,15 kolektibo horri egindako erasoengatik izan ziren.

Era berean, txosten horretan adierazten denez, gorakada horren arrazoia da, alde batetik, transen aurkako indarkeriak gora egin zuela, neurri handi batean, Trans Legea izapidetzean Diputatuen Kongresuan sortutako giroagatik. Eta, bestetik, kolektiboarekiko intolerantzia-diskurtsoak normalizatu egin dira nolabait, eta, aldi berean, diskurtso horiek normalizatu egin dira komunikabideetan eta erakundeetan, eskuin muturra erakundeetan sartu delako.

Azken urteotan hainbat erakundetan LGTBI+ pertsonen eskubide berriak lortzea ahalbidetzen duten legeak garatzeko lan egin den arren, oraindik bide luzea dugu egiteke. IKUSGUNEk ohartarazi du “lorpen horiek ez direla erabatekoak izan, eta lanean jarraitu behar dela pertsona guztiei eskubide guztiak eman arte”.

Arrazoi horiengatik, Tolosako Udalak  LGTBIQ pertsonek jasaten duten diskriminazioa gaitzetsi  nahi du eta konpromisoa berretsi sexu-orientazio eta genero-identitatearen ondoriozko aurreiritzien aurka borrokatzeko. Izan ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta zaindu behar dugu LGTBIQ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izatea.

Horregatik, Tolosako Udaleko talde politikoek adosten dute Osoko Bilkura honetan honako hau egiteko konpromisoa hartzea:

  • II. Udal Protokoloan indarkeria matxista mota guztiei arreta, jarraipena eta erantzun publikoa emateko beharrezkoak diren zerbitzuak sartzeko beharrezkoak diren kudeaketa guztiak egitea, tradizionalki esleitutako genero-eskemak hausten dituzten pertsonengan erabiltzen diren espazio fisiko eta sinboliko guztietan: intersex, transgenero, transexual, homosexual, lesbiko eta sexu/genero eskema tradizionala errepikatzeari uko egiten dioten emakume eta gizon guztietan.
  • LGTBIQ pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, eta aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan.
  • Lesbofobia, homofobia, bifobia eta transfobiaren kontrako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak garatzea, erreferente positiboak sortzeko maitasun- eta sexu-dibertsitatea bizi ahal izateko, eta kontzientzia kritikoa sortzeko sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari eta sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari buruz. Herritarren kontzientzia solidario berri baterantz aurrera egitea eta berdintasun eta errespetuzko balioetan gizarte-kohesioa segurtatzea, eta diskriminaziorik ezaren kultura zabaltzea kolektibo horiek jasaten dituzten eraso eta aurreiritzien aurrean
  • Jabetze Eskolan, prestakuntza-, hausnarketa- eta eztabaida-jarduerak bultzatzea, berdintasunezko harreman-eredu anitzak sortzeko eta LGTBIQ pertsonek jasaten dituzten indarkeria matxistei aurre egiteko tresnak izan ditzaten.
  • Tolosako ikastetxeei, hezkidetza-proiektuaren bidez, beharrezko tresnak ematea diskriminazio hori txikitatik jasaten ari diren ikasleei laguntzeko. Gainera, irakasleei, gurasoei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari laguntzea, tresna eta material didaktikoak emanez, maitasun- eta sexu-aniztasunarekiko errespetua behar bezala lantzeko.

Herritarrei eskatzen diegu, beraz, sentsibilizazio- eta aldarrikapen-ekitaldi guztiekin bat egin dezatela, eta foro publikoetatik, komunikabideetatik eta sare sozialetatik erakuts dezatela gaur aniztasunaren aldeko borroka-eguna dela, eta balkoietan eta leihoetan bandera zintzilika dezatela.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA