'Ama, arreba, ahizpa, lagun, lankide, etxean zein etxetik kanpo langile, artista, kirolari... eta abar luze bat gara'

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/02/28 | Berdintasuna
  • Tolosako udalak, Martxoak 8: Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan prestatu dituen ekintza-sorta eman du ezagutara: hitzaldiak, mahai ingurua, ikuskizuna eta film laburrak. Bat egin du Mugimendu Feministak deitutako grebarekin: “Emakumeok planto / Nosotras paramos”.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “emakume zein gizon, berdintasunaren aldeko pausuak emateko ardura dugu, emakumeari dagokion lekua, postua, ardurak eta errekonozimendua emanaz”.

Datorren ostegunean, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Horren harira, Tolosako udalak, martxoaren 2tik 8ra ekintza sorta prestatu du. Agerraldia egin dute Tolosako alkate Olatz Peon Ormazabalek, Leire San Martin, 'Aurrez aurre: “again agian”' erakusketaren komisarioak eta bertan disziplina anitzak aurkeztuko dituzten 3 emakumek: Sahatsa Jauregi, Maion Cruza eta Jone Loizaga.

“Emakumeen Nazioarteko Eguna urteko egutegian ezarri zen, gure eskubideak lortu eta defendatzearren, egunero borrokatzen diren mundu osoko emakume guztiak omentzeko”. Egun honen hastapenetara jo du alkateak: “New Yorken 1857an eta 1908an jazotako gertakariak dira ospakizun eta aldarrikapen egun honen iturburu. Ehungintzako langileen martxa lehena, eta bigarrena berriz, sektore bereko langileen greba, lan baldintzak hobetzeko eskaera motibo.

Hain zuzen, ildo horretatik doa Mugimendu Feministak datorren martxoaren 8rako sustatu duen grebaren ardatza ere: emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat hartua izan dadila eskatzea. Atzo, otsailak 27, onartu zen ahobatez Osoko Bilkuran Emakumeen Nazioarteko Egunaren eta Martxoaren 8ko Greba Feministaren aldeko adierazpena. Udalak greba babestuko du baliabideak jarriz, udaletxeko balkoian bandera feminista ezarriz eta greba eguneko ekintzen berri emanaz Tolosako udaleko komunikazio kanal guztien bitartez.

Adierazpenean jasotzen da, gizartearen ongizatea ezinezkoa litzatekeela bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu edo etxeko lanak egin. Emakumeek gizarteko lanen %56 burutzen dute, eta baita ordainsaririk gabekoaren %74a ere. Gainera lan horietako asko prekarizatuak edo ezkutuko ekonomiari dagozkionak dira.

“Pausuz pausu, abiadura motel edo bizian, baina indartsu, sendo eta era jarraian, betidanik zentzua eman dio emakumeak bizitzari: artea, musika, historia.... Ama, arreba, ahizpa, lagun, lankide, etxean zein etxetik kanpo langile, artista, kirolari... eta abar luze bat gara”. Alkatearen iritziz, emakumeen egun zehatz bat ospatzeak nahi du esan, era batera edo bestera, “bereiztuak” direla: “maila ezberdin batean gaudela kokatuak, nahiz eta azken urteotan aurrerapausuak eman diren”.

Bide horretan, adierazi du “gizartearean aurrerakoitasuna” ez dela “soilik” teknologikoki, zientifikoki edota ekonomikoki neurtzen: “Are gehiago, pertsonon kritika eta autokritikarako gaitasunak protagonismoa du; baita askatasuna, berdintasuna eta giza eskubideen mailak ere, emakumeona tartean. Gu ez gara inor baino gutxiago. Guztiok ditugu teorian eskubide berberak, baina praktikan desorekatua da banaketa hori”.

Emakume zein gizon, berdintasunaren aldeko pausuak emateko ardura dugula gaineratu du Olatz Peon Ormazabalek, horretarako ekintzak bultzatuz. “Emakumeari dagokion lekua, postua, ardurak eta errekonozimendua emanaz baizik”.

Tolosako Udalarentzat, martxoaren 8a, “konpromisoz” betetako eguna da. “Emakume eta gizonen arteko egiazko eta eraginkorra den berdintasuna bultzatzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Gaur, bihar eta urteko 365 egunetan” nabarmendu du alkateak.

Hori horrela, Udaletik ekintza sorta programatu da datozen egunotarako:

Martxoaren 2an, ostirala, 19:30ean Aranburu jauregian: Aurrez-Aurre erakusketa aurkeztuko da 'Again agian' lelopean. Erakusketaren komisarioa: Leire San Martin izango da. Disziplina anitzak aurkeztuko dituzten 3 emakume dira: Sahatsa Jauregi, Marion Cruza eta Jone Loizaga.

Martxoaren 3an, larunbata, 19:30ean Aranburu jauregian: 'Erradikalak gara' ikuskizuna izango da, Beatriz Egizabal eta Ane Labaka eskutik. Tolosako Kultur Sailaren laguntzarekin.

Martxoaren 6an, asteartea, 20:00etan TOPICen: Zinegoak izango da. Gaylesbibans 15.Nazioarteko Zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Laburmetrai ugari eskainiko dira bertan.

Martxoaren 7an, asteazkena, 19:30etan Aranburu jauregian: Mahai-ingurua: 'Emakumeen etxeak: eredu eta esperientziak'. Mahaian: Azpeitia (Edume Aranbarri), Errenteria (Aizpea Otaegi.Elhuyar) eta Hemaniko (lrantzu jauregi) teknikariak izango dira.

Martxoaren 8an, osteguna: Emakumeok planto / Nosotras paramos. M8ko Greba Feminista. Udalak bat egingo du ekimenarekin.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA