Ama taldea sortu dute Andragoran, amaren zaintza erdigunean jartzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/05/06 | Berdintasuna
  • Saio irekiak egiten dituzte asteartero Tolosaldeko Emakumeen Etxean, 10:30etik 12:30era.

 

Ama izan berri diren emakume batzuk ama talde bat sortu dute Tolosaldean. Elkar ezagutza eta babes sare bat da, haurraren zaintza baino, amarena erdigunean jartzeko. 

«Osakidetzeko laguntza taldeetan elkar ezagutu genuen gutako batzuk, baina denbora bat pasa ondoren, ama berriei lekua egiteko joateari utzi genion. Hala ere, elkartzen jarraitzeko beharra genuela ikusita, Andragoran biltzeko ideia sortu zitzaigun. Deialdi irekia egin eta jende gehiago batu da taldera», azaldu dute. 

25 ama inguruko taldea elkartzen da astero: «Anitza da taldea: ikuspegi, bizipen eta pentsaera ezberdinekoak gara guztiak, baina denok partekatzen dugu ama izaera, eta baditugu behar amankomun batzuk. Horiek erdigunean jartzen saiatzen gara». 

Asteartetan egiten dituzte saioak, Osakidetzako saioetara ere joaten diren amek bietara joateko aukera izan dezaten. Biak ala biak bateragarriak dira.

Saioak topaleku eta babesgune bat dira parte hartzen duten amentzat, izan ere, esperientzia eta kezkak elkarbanatzeko elkarrizketak sortzen dituzte. «Gai asko jorratzen ditugu: zaintza, edoskitzea, emozioak, lan egoerak, arazoak, rolak, egunerokoan zalantzak… Elkarrizketa informalak dira, baina giro lasai batean elkar entzutea ariketa mesedegarria da denontzat. Lurrean koltxonetak bota eta lasai aritzen gara hizketan. Batzuk haurrarekin azaltzen dira; beste batzuk ez. Elkarrizketek irauten duten bitartean, haurrekin ariketak ere egiten ditugu. Dinamika erabat librea da eta goiz atsegina pasatzen dugu taldean».

Aurrerago, haur eta amen inguruko ikastaro, tailer edota hitzaldiak antolatzeko nahia ere azaldu dute. «Bide bat hasi baino ez dugu egin, eta denon artean ikusiko dugu norantz jo. Ideia ugari atera dira, eta ongi etorriak izango dira batu nahi duten ama guztiak». 

Parte hartze irekia

Ama taldearen saioak irekiak dira, eta ama izan berri diren eskualdeko emakumeei zuzenduta dago. Ez da izen ematerik, ez besterik behar. Asteartetan 10:30-12:30 bitartean Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxearen atzeko espaziora azaltzearekin nahikoa da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA