ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak badu berariazko irudia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/11/25 | Berdintasuna
  • Oihana Pelaezen diseinu proposamenak irabazi du Udalak abiatutako lehiaketa, diseinuaren indar grafiko, originaltasun eta kalitateagatik.
  • Ekainean hasi ziren Emakumeen Etxea egokitzeko lanak martxa onean doaz eta 2023. urte hasieran zabalduko ditu ateak espazio berriak.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakumeentzako egoitza, eraldaketarako gune eta tresna izango da, indarrak batzeko espazioa; emakumeak ahalduntzeko, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko”.

 

Azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna baliatu du Tolosako Udalak ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak izango duen irudi proposamena aurkezteko.

Bost emakumez osatutako epaimahaiak, lehiaketa irekira aurkeztutako lan guztietatik, Oihana Pelaezen logotipo proposamena aukeratu du Emakumeen Etxeko irudi gisa. Udaletik eskerrak eman nahi dizkiete lehiaketan parte hartu duten emakume guztiei aurkeztutako lanengatik.

Epaimahaia osatu dute ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeko lantalde politiko-teknikoko eta komunikazio lantaldeko ordezkariek, Tolosako Udaleko Berdintasun Kontseiluko ordezkari batek, Tolosako Udaleko teknikari batek eta diseinu grafikoan eta arte ederren arloko profesional batek.  Diseinu garbi, originala, landua eta kalitate handikoa izateagatik hautatu dute Pelaezen lana. ANDRAGORA hitzak indar grafikoa handitu du Tolosaldeko Emakumeen Etxearen izen propio gisa identifikatzeko.

Obrak martxa onean

Ekainean abiatu ziren ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea eraikitzeko lanak. Aurreikuspenen arabera, 2023ko urtarrilerako amaituta egongo dira aurrealdeko lokala egokitzeko lanak, eta atzealdeko lokaleko lanak, aldiz, otsailerako.

Guztira, 600 metro karratu izango ditu etxeak eta hainbat espazio: harrera-gunea, egongela, areto nagusia, balio anitzeko gelak, bilera gelak, bulegoak... eta hainbat zerbitzu eskainiko ditu: aholkularitza zerbitzuak (psikologikoa, juridikoa, laborala, sexualitatearen ingurukoa...) eta ahalduntzeko gune eta dinamikak ere egingo dira. Emakumeentzako Jabetze Eskolaren ikastaroak, tailerrak eta bestelako jarduerak bertara eramango dira. Emakume sortzaileen gunea ere garatuko da eta baita behatoki kritikoa ere, azterketa lanetarako. Halaber, egingo dira ate irekien saioak, emakumeen etxeen arteko topaketak, tailerrak, ikastaroak, batzarrak, jarduera ludiko edo gastronomikoak (bazkariak, afariak...), jarduera kulturalak, kirol jarduerak, kaleko ekintzak edo ekimen solidarioak.

Elkarlanetik sortua, indarrak batzeko

Hastapenetik, elkarlanean sortu eta garatutako proiektua izan da Tolosaldeko Emakumeen Etxearena, hainbat lantaldek eta emakumek hartu baitute parte prozesu osoan zehar. “ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea, emakumeentzako egoitza, eraldaketarako gune eta tresna izango da, indarrak batzeko espazioa; emakumeak ahalduntzeko, mugimendu feminista sendotzeko eta sareak eraikitzeko; horregatik aurkeztu nahi izan dugu etxeak izango duen irudia gaurko egunean, ANDRAGORA ezinbesteko erreminta baita Tolosa berdinzaleago eta feministago baten alde lanean jarraitzeko, indarkeria matxista errotik ezabatzeko, emakumeok indarrak batzeko” adierazi du Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA