- Azaroaren 25aren bueltan ekintza ugari antolatu ditu Tolosako Udaleko Berdintasun Departamentuak.
- Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu du 'Tolosak ezetz' kartela herriko puntu ezberdinetan egongo dela, Zerkausia morez jantziko dela, eta etxez etxe banatu dela puntu lila itsasgarria. Herritarrak animatu ditu ikur horiek jartzera eta ekimen ezberdinetan parte hartzera: “berdinzalea eta errespetua oinarri den Tolosa baten ikur”.
- Hainbat ekimenen baitan, Tolosako Udalbatzak Kristina Pelaez zinegotziak prentsa agerraldian irakurri duen 'Azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna' mozioa onartuko du datorren Osoko Bilkuran.
Azaroaren 25a, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna da. “Tolosako Udalak bere egiten du hiria, indarkeria matxistarik gabeko gune gisa eraikitzeko ardura eta lehentasunezko konpromiso politikoa berresten du indarkeria mota horren adierazpen guztiak deuseztatzeko lan irmoa”. Hala adierazi dute Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Kristina Pelaez eta Christian Fernandez zinegotziek, eta guztiak Berdintasun Batzordeko kideak, Aranburu jauregian burututako prentsa agerraldian.
Gogora ekarri du alkateak gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren bidean Tolosa “aitzindaria” dela. Tolosan onartu zen Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Euskadiko I Ordenantza, eta Olatz Peon Ormazabalek adibide gisa jarri du, era berean, 2016an sortutako Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Tolosako I Udal Protokoloa: “eguneratzen jarraitzeko, berau ebaluatzeari ekingo diogu emakumeen erreparazioan jarriz fokua”. Gaineratu du “zerbitzuen eta formazio programak hobetzen, eta behar den kasuetan, gehitzen” jarraituko dutela. Alkatearen iritziz, heziketa da gizarte berdinzaleago baten oinarri: “beraz, ikastetxeekin elkarlanean garatzen dugun Hezkidetza proiektua eta Mahaia indartuko ditugu. Eta hori guztia herriko emakume talde, banako eta erakundeekin elkarlanean. Lankidetza hori funtsezko zaigu, sarean lan egin eta indarrak bateratuz, sendo egiteko aurrera berdintasunean”.
Ohi bezala, emakumeenganako indarkeriaren kontrakotasuna adierazteko ekimenen baitan, Tolosako Udalbatzak mozioa onartuko du datorren Osoko Bilkuran. Kristina Pelaezek irakurri du mozioa (atxikita doa*). Alkateak aurreratu du, bertan, arreta jarri dutela indarkeria matxistaren biktimek duten erreparazio-eskubidean. “Ezinbesteko da egia azaleratzea, jasandakoaren kontaketa egiazki entzuna izatea. Eta noski, jasandakoa sozialki aitortzea ere bai”.
Argi utzi dute egun bat bada ere azaroaren 25a, lanak ez duela etenik: “Berdintasun Departamentuan urte osoan programa eta kanpaina ezberdinen bitartez egiten dugu lan mota orotako berdintasuna lortzeko bidean. Bereziki, prebentzioan, laguntzan eta emakumearen ahalduntzean jartzen dugu fokua”.
Egitarauan sakonduz, ekintzez gain, alkateak azaldu du 'Tolosak ezetz' kartela herriko puntu ezberdinetan egongo dela, lona handi bat, esaterako, Tolosako Udaletxeko balkoian, Zerkausia morez jantziko dela, azaroaren 23tik abenduaren 2ra, eta etxez etxe banatu dela puntu lila itsasgarria. Herritarrak animatu ditu ikur horiek jartzera eta ekimen ezberdinetan parte hartzera: “berdinzalea eta errespetua oinarri den Tolosa baten ikur. Emakumeen kontrako adierazpen mota ororen aurrean ezetz esan behar dugu, eta indarkeria jasaten duten emakumeekiko babesa erakustarazi. Tolosak ezetz dio”.
Egitaraua
A25ari dagokion egitarauaren zati mardulena ostiral honetan hasiko da, azaroak 23, nahiz eta Emeek emana erakusketa, esaterako, Aranburu jauregian pasa den azaroaren 6tik ikusgai egon. 60 argazkietan, 1936tik aurrera ematen den testuinguru historikoan emakumeek izan zuten zeregin aktiboa jasotzen da.
Gainera, azaroaren 24an, 12:00etan, Trianguloan, flashmob-a egingo da. Goazenen DenokZu kanta dantzatuko da. Maria Murua, Miren Nazabal eta Mirari Aldazabal gazteek egin dute koreografia eta Udaberri, Alurr, Kultur Etxeko dantza taldea eta Usabaleko dantza taldearen laguntza izan dute. Jarraian, 12:30ean, manifestazioa, (in) justiziaren gainetik, saretze feminista lelopean, Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta eta Batukada Feministaren laguntzarekin girotuta. Eguna bukatzeko, 20:00etan, Kultur Etxeko Areto Nagusian, Irantzu Varelaren Feminazi se nace monologoa izango dugu.
Ildo honetatik jarraituz, azaroaren 26an, 11:00etan, Trianguloan, Tolosako Ikastetxeen ekintza bateratua izango da 'Indarkeria matxista des (ikasi), berdintasuna ikasi' lelopean. Eta arratsaldez 'Adineko emakumeen aurkako indarkeria: indarkeria isildua' solasaldia, Izaskun Solagaistua Arzarekin.
Eta egitarauarekin bukatzeko, azaroaren 28an, Comandante Arian. Una historia de mujeres, guerra y libertad zine-emanaldia izango dugu. Emantzipazioari eta askatasunari buruzko istorio hau Siriako gerlako fronte betean gertatzen da, eta Arian emakume komandanteak Kobanerantz gidatzen du emakume-batailoi bat, helburu duelarik (ISIS) Daesh-en menpean dagoen populazioa askatzea. Arianek oso gazte zela ikusi zuen sexu-indarkeriaren biktimak jasaten zuten tratu basatia eta ahal duen guztia egiten du bere adiskideek borrokaren benetako zentzua aurki dezaten: hurrengo belaunaldiko emakumeentzako askatasuna”.