Berdintasun Kontseilua sortu du Tolosako Udalak emakumeen parte-hartze aktiboa bermatzeko eta berdintasun arloan aurrera pausuak ematen jarraitzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/12/23 | Berdintasuna
  • Tolosan emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakunde, talde, kolektibo zein emakume indibidualek parte hartu ahal izango dute Kontseiluan.

  • Helburu du emakumeen eskubide politiko, zibil, sozial, ekonomiko eta kulturalak defendatzea eta zabaltzea, emakumeen eskubideen alde lan egiten duten udalerriko talde eta elkarteen arteko lankidetza sustatuz.

  • Kontseiluaren lehen bilera urtarrilaren 13an izango da, 18:00etan Osoko Bilkuren Aretoan.

 

 

Azken urteotan aurrera pausuak eman badira ere, emakumeen eta gizonen arteko erabateko berdintasuna lortzeko bidean asko dago egiteko oraindik. Horregatik, Tolosako Udalak Berdintasun Kontseilua sortu eta abiarazi du, tolosarrekin eta herriko talde eta eragileekin elkarlanean emakumeen eta gizonezkoen aukera eta tratu berdintasuna sustatzen jarraitzeko, Tolosako bizitza politikoaren, ekonomikoaren, sozialaren eta kulturalaren eremu guztietan.

Emakumeen eskubideak defendatzea helburu

Berdintasun Kontseiluaren helburu nagusia da Tolosako emakumeen parte-hartzea bultzatzeko gune bat eskaintzea, berdintasunaren arloko erabakiak hartzeko prozesuan eragiteko beharrezkoak diren mekanismoak eta bideak ezarriko dituena.

Emakumeen eskubide politiko, zibil, sozial, ekonomiko eta kulturalak defendatzeko sortu da Kontseilua, eta mugimendu feminista eta emakume-taldeak aitortzen laguntzea ere helburu du, haien eskubideak defendatu eta zabaltzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin lotutako politika publikoak bultzatzeko lankidetza sustatzeko

Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten norbanako guztientzat irekia

Tolosako alkateak, Udalean ordezkaritza duten talde politikoetako zinegotzi banak eta Berdintasun Sailak hartuko dute parte Kontseiluan, Udalaren ekintzen berri emateko eta Kontseiluaren eginkizunak eraginkortasunez garatzeko beharrezkoak diren tresnak ahalbidetzeko. Horiez gain, Tolosan emakumeen eskubideen alde lan egiten duen edozein erakunde, talde, kolektibo edo emakume indibidualek parte hartu ahal izango dute Kontseiluan.

Erakunde bakoitzeko ordezkari bat izendatuko da, eta maila indibidualean parte hartzen duten emakumeek hitza izango dute haien iritzia eta ikuspegia azaltzeko, baina ez dute botoa emateko aukerarik izango.

Lehen bilera, urtarrilean

Kontseiluaren lehen bilera urtarrilaren 13an izango da, 18:00etan Osoko Bilkuren Aretoan. Bileretara joan ahal izateko, erakundeek, emakume taldeek edo emakume indibidualek Berdintasun Sailean izen-abizenak eman beharko dituzte. Izena emateko eta informazio gehiagorako berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi, 943 67 03 83 telefonora deitu edo Kultur Etxera bertaratu behar da.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA