Berdintasunaren alde aurrerapauso garrantzitsuak Tolosan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/03/08 | Berdintasuna
  • Udalak amaitu berri du Indarkeriaren aurkako II. Protokoloa emakumeei eta beste biktima batzuei eskainitako arreta hobetzen jarraitzeko.
  • Halaber, legealdi honetan, Jabetze Eskola sendotu eta egonkortu da, Jai berdinzaleen aldeko ekintza plana garatu da eta genero zeharkaotasuna udalean txertatzen jarraitu da politika publikoen diseinuan eta garapenean ikuspegi feminista barneratzeko.
  • ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxea egi bihurtzeko ezinbesteko urratsak egin dira azken urteotan eta ate irekien ekitaldia egingo da apirilaren 1ean.

 

Udal gobernuak martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, baliatu du azken urteetan berdintasun alorrean emandako aurrerapausoak azaltzeko eta egindako lanketa guztia balioan jartzeko.

Olatz Peon Ormazabal alkateak adierazi duenez, “gaurko eguna, mobiliazio eta ekitaldiz betetako eguna izan ohi da, konpromisoak berresteko eguna ere bada, bidea egiteko dagoelako oraindik berdintasun eta parekidetasun errealaren alde”.

Politika publikoen diseinu eta garapenean ikuspegi feminista sustatzea eta gobernantza eredu feminista baterantz aurrera egitea izan da gobernuaren lehentasuna azken lau urteetan. Zentzu horretan, berdintasunaren aldeko politiko publikoetan emakumeen ahalduntzea, parte hartzea eta lidergoa bultzatzeko hainbat egitasmo eta proiektu garatu dira.

Zentzu horretan, genero ikuspegia udal politika guztietan zeharkakotasunez landu da, eta udalak garatutako plan guztietan txertatu da genero ikuspegia: Mugikortasun Planean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean edota Partaidetza, Gardentasun eta Gobernantza ordenantza berrian ere.  Kontratazio-prozeduretan eta dirulaguntzetan ere txertatu dira berdintasun irizpideak eta udalak genero ikuspegia txertatzeko estrategiarekin aurrera jarraituko du zerbitzu eta esku-hartze publiko eraginkorrago, inklusiboago eta berdintasunezkoaren alde.

Indarkeria matxistaren aurkako II protokoloa

Amaitu berri du Udalak, genero indarkeria eta sexu erasoak jasaten dituzten emakumeen arreta hobetzeko erakundeen arteko koordinaziorako II protokoloa. Lehena, 2014an egin zen eta honen ebaluazioa egin ondoren, erakunde eta eragile ezberdinekin elkarlanean garatu da protokolo berria, arreta eta zerbitzuak hobetzeko helburuarekin.

“Emakumeen aurkako indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da; emakume guztioi eragiten diguna; gizarte gisa dugun erronka nagusia da indarkeria mota hau errotik ezabatzea eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasun egoerei aurre egitea” baieztatu du alkateak.

Protokolo berriak zehazten ditu eskuhartzeak eta prozedurak eta indartzen du erakundeen arteko koordinazioa. Indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrera egiteko tresna gisa sendotu egiten da koordinazio mahaia.

Koordinazio mahai horretatik harago, Hezkidetza Mahaia ere osatu da, indarkeria matxistaren aurkako borrokan urratsak egiten jarraitzeko herriko ikastetxeekin eta eragileekin elkarlanean. Eta Berdintasun Kontseilua ere sortu da.  Beraz, Udalak berdintasunaren alde lanean jarraitzeko tresnak sendotu egin ditu legealdi honetan.

Beste adibideetako bat da, Jabetze Eskola. Izan ere, Jabetze Eskola nabarmen indartu eta sendotu da legealdi honetan. Emakumeen artean sareak eta ikasleen artean ekimen kolektiboak sortu dira. Gero eta jarduera gehiago antolatzen dira eta izen emateen kopuruak gora egin du etengabe azken urteetan.  Jabetze Eskolaren eskutik, Tolosako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean jasota dauden hiru helburu estrategiko sustatzen dira:

  • Emakumeen ahalduntzea.
  • Zainketen ekonomia eta bizitzaren iraunkortasuna.
  • Indakeria matxistarik gabeko ingurunea.

Jabetze Eskolak, beraz, emakumeen ahalduntzea eta parte hartze soziopolitikoa sendotzea ditu helburu, gizarte justu, anitz eta osoago bat lortzeko. Horrela, berdintasuna eta feminismoa ardatz hartuta, mota askotariko jarduerak eskainiko ditu aurtengo udaberrian ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren bidea lantzeko bizitza pertsonalean, kolektiboan, sozialean eta politikoan baliagarriak diren tresna berriak eskainiz.

Hori horrela, egitaraua lantzeko garaian kontuan hartu dira Jabetze Eskolako ikasleek, Berdintasun Kontseiluko kideek edota Topagunean parte-hartzen duten neska nerabe zein gazteek egindako proposamen eta iradokizunak.

Berdintasunaren aldeko apustuan, mugarri garrantzitsua izan da, baita ere, Jai Berdinzaleen aldeko Ekintza Planaren garapena, herriko hainbat eta hainbat eragilerekin batera egin dena. 2017an Jaien Berdintasun Behatokia sortu zen jaien esparruan berdintasunaren alde urratsak egiteko. Orain, urrats berriak egiten jarraitzeko eta herriko jaietan genero ikuspegia txertatu eta emakumeen parte hartzea sustatzeko osatu da Ekintza Plana.

ANDRAGORA, Tolosaldeko Emakumeen Etxearen ate irekien ekitaldia apirilaren 1ean

Ezbairik gabe, legealdiko beste mugarri garrantzitsua izan da Emakumeen Etxearen eraikuntza.

Emakumeen Etxea Mugimendu Feministaren aldarrikapen historikoa izan da eta Tolosako emakumeek aspalditik eskatzen zuten espazio da laster ateak zabalduko dituenak. 2016an, eman ziren Emakumeen Etxea sortzeko lehen urratsak eta lantalde politiko-teknikoa sortu zen. 2018an lehen partaidetza prozesuari ekin zitzaion eta beste bi talde sortu ziren: Talde eragilea eta Emakumeen Gune Zabala.

Hiru talde horiek elkarlanean aritu dira Emakumeen Etxea diseinatu eta garatzeko: helburuak, erabiltzaileak, etxeko jarduerak, antolaketa, kudeaketa eta finantza ereduak zehazteko besteak beste. 2022an, pandemia atzean utzi ostean, berrabiarazi zen 2. partaidetza prozesua eta partaidetza prozesuarekin batera etxearen eraikuntzarako hirigintza proiektua garatu eta martxan jarri zuen udalak. Guztira, 783.914,54€ inbertsioa egin du Tolosako Udalak proiektu honetan.

“Prozesu erabat partehartzaile eta kolaboratiboa izan da, guztiz aberasgarria, luze jo duena baina bere fruituak emango dituena; Emakumeen Etxea gizarte eraldaketara eta gizarte feminista eta berdinzaleagoa lortzeko ezinbesteko tresna izango delako, baita ere emakumeen sareak indartu eta emakumeak ahalduntzeko ere” azpimarratu du alkateak.

Laster zabalduko ditu bere ateak ANDRAGORA Tolosaldeko Emakumeen Etxeak. Ate irekien ekitaldia egingo da apirilaren 1ean espazioa herritarrei ezagutzera emateko eta eskainiko dituen zerbitzuen berri emateko ere.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA