- Datorren otsailaren 14 eta 15ean Tolosako Leidor aretoa hartuko du 'Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna' kongresuak. Jada 500 pertsona baino gehiagok eman dute izena.
- Azken urteotan gizartean indar berrituz azaleratu diren emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko eskaera sozialen inguruko analisia egingo da bertan.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Tolosan azken 20 urteotan garatu dugun berdintasun politika aurrerakoiaren mugarri berri bat da. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna pertsona guztien oinarrizko eskubidea da, eta, horrez gain, demokraziarako funtsezko balioa ere bada, eta horretan eragin behar dugu tokian tokiko administrazioetatik; Udala edo Aldundia, kasu”.
- Miren Elgarresta, Gipuzkoako Berdintasun Zuzendaria: “gaian adituak diren lehen lerroko pertsonak etorriko dira Tolosara eta, berdintasunaren aldeko mugimenduen egungo egoera eta erronken analisia burutuko dute, aldi berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko politika publikoek kontuan hartu beharreko ikuspuntu eta proposamen berriak eskainiz”.
Datorren otsailaren 14 eta 15ean Tolosako Leidor aretoa hartuko du 'Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna' kongresuak. Jada 500 pertsona baino gehiagok eman dute izena. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du Tolosako Udalarekin elkarlanean.
Hain zuzen, Olatz Peon Ormazabal alkateak eta Miren Elgarresta Berdintasuneko Foru zuzendariak aurkeztu dituzte kongresuaren bueltako xehetasunak. “Tolosan azken 20 urteotan garatu dugun berdintasun politika aurrerakoiaren mugarri berri bat da -adierazi du alkateak-. Tolosa herri berdinzalea da eta honelako nazioarteko kongresu bat hartzeko herri aproposa, mota orotako berdintasunaren alde herri osoak egin duen lanketarengatik”.
Tolosak 2007an sinatu zuen 'Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako Europako gutuna', “berdintasunaren printzipioaren inguruko jarrera publikoa hartuz” gaineratu du alkateak: “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna pertsona guztien oinarrizko eskubidea da, eta, horrez gain, demokraziarako funtsezko balioa ere bada, eta horretan eragin behar dugu tokian tokiko administrazioetatik; Udala edo Aldundia, kasu. Eskutik goaz, eta Feminismoa 4.0 kongresua da horren adibide, berdintasunaren aldeko jarrera publikoa ere.
“Ezbairik gabe, berdintasun mota oro sustatu eta bermatzea da gure eguneroko jardunaren ardatzetako bat –jarraitu du Olatz Peon Ormazabalek-. Udalak, Berdintasun Departamentuak lidergoa izanik, berdintasunarekin duen konpromisoa irmoa da oso, eta gure lan ildoak herritarren ahalduntzea eta partaidetza sustatzea, bereziki emakumeena; gaiarekiko sentsibilizazioa areagotzea; eta indarkeria sexista identifikatzeko, prebenitzeko eta desagerrarazteko lan egitea dira. Bide horretan garatzen ditugu gure politikak, Aldundiarenak edota Eusko Jaurlaritzarenak osagarri izanik”.
Alkateak Berdintasunaren Europako gutunari jarraiki emandako pausoei egin die erreferentzia: “hazia izan zen Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Tolosako Ordenantza Munizipala onartzeko, Euskadiko lehena, eta ostean egin diren planena, egun III. Berdintasun Plana da abian, mota orotako parekidetasuna lortzeko bidean, benetakoa eta eraginkorra”. Tarte horretan sortu Zen Hi haiz, Hi!, berdintasuna ardatz duen gazteen jaialdia, Jabetze eskola, Jaiak berdinzaleagoak izateko gida, Jaien Behatokia, Hezkidetza proiektua, Tolosako udal politiketan genero zeharkakotasuna ezartzeko proiektua, edota Udal I. Protokoloa eta Mahaia.
“Ibilbide oparoa izan da, eta ari da izaten: Emakumeen Etxea sortzen gabiltza 2016az geroztik Tolosan, emakumeen taldeekin eta eskualdeko hainbat udal ordezkarirekin elkarlanean. Oso prozesu aberasgarria ari da izaten. Jada proiektua definitu dugu, kokalekua ere bai, eta orain funtzionamendua eta egokitzapen lanen nondik norakoak xehatzen ari gara”.
Hain zuzen, azken urteotan gizartean indar berrituz azaleratu diren emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko eskaera sozialen inguruko analisia egingo da 'Feminismoa 4.0: Berdintasuna, gizartea eta etorkizuna' kongresuan ostegun eta ostiral honetan. Miren Elgarresta Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak nabarmendu du “gaian adituak diren lehen lerroko pertsonak etorriko dira Tolosara eta, hitzaldi eta panel ezberdinen bitartez, berdintasunaren aldeko mugimenduen egungo egoera eta erronkak ulertzeko analisi-elementuak jarriko dituzte mahaiaren gainean, aldi berean, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko politika publikoek kontuan hartu beharreko ikuspuntu eta proposamen berriak eskainiz”.
“Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoak kongresu honekin, hala erakundean nola lurraldean, Gipuzkoak berdintasunaren alde egindako apustua eta posizionamendua sendotu nahi du -jarraitu du Elgarrestak-. Kongresuak, gainera, legealdiaren amaierako hausnarketa jardunaldi gisa ere balioko du, berdintasunaren aldeko lana politika publikoen lehen lerroan kokatzeko egindako ahaleginaren balorazioa eginez eta erronka berrietara begira jarriz”.
Erreferentziazko hizlariak
Ekonomia, politika publikoak, zaintza-lanak, indarkeria matxista ala agenda feminista globala aintzat hartuz, mugimendu honen irakurketa sozial ezberdinak eskainiko dituzte adituek. Kongresuak gainera modu berezian jarriko du fokua Gipuzkoako Berdintasun Organoak urte hauetan landu dituen ildo estrategikoen gainean: emakumeen kontrako indarkeria, kontziliazio erantzunkidea eta tokiko administrazioko lana.
Ponentzia nagusietan parte hartuko duten adituak honako hauek dira: Rosa Cobo (A Coruñako Unibertsitateko irakaslea, Espainia), Antonella Picchio (Modena e Reggio Emilia Unibertsitatea, Italia), Angela O’Hagan, Glasgow Caledonian University, Eskozia) eta Teresa Torns (Universidad Autónoma de Barcelona, Katalunia). Ponentzien osagarri, hainbat paneletan hartuko dute parte Euskadiko eta Estatuko mugimendu feministako, eragile sozialetako, enpresa munduko, politikako eta administrazio publikoko pertsona nabarmenek.
Informazio gehiago jasotzeko eta izen-emateak bideratzeko, Berdintasunerako Organoak webgunea jarri du eskuragarri: bit.ly/2UFPnmD
Tolosa berdinzalea
2000. urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako diagnostikoa eta Aukera Berdintasunerako Ekintza Programa garatu ziren.
2006. urtean, Berdintasunaren kultura Tolosan azterketa.
2007an, Emakumeek eta gizonek tokian tokiko bizimoduan izan behar duten berdintasunerako Europako gutuna sinatu zuen Tolosak.
2008an, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Tolosako Ordenantza Munizipala onartu zen.
2009. urtean, Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2009-2011) onartu zen.
2009. Beldur Barik – Hi haiz, hi! Jaialdien sorrera.
2010. urtean, Jabetza Eskola sortu zen. Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sendotzeko espazioa, horrela, gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko.
Urte berean (2010) Jaiak berdinzaleagoak izateko egindako jarduerak
Horri jarraiki, Jaien Behatokia
2012. urtean, Hezkidetza Proiektua ikastetxeekin elkarlanean.
2012an, Hezkidetza Proiektua garatzeko eta Proiektuari segimendua egiteko gune estrategiko bat sortu zen: Hezkidetza Mahaia.
2013. urtean, Tolosako Udalaren udal politiketan genero-zeharkakotasuna ezartzeko eta sustatzeko proiektua bultzatu zen.
2014. urtean, Udal I. Protokoloa eta Mahaia
2015. urtean, Emakumezkoen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoa eta III. Plana Tolosa (2015-2020) onartu zen Osoko Bilkuran
2016an, jaiak aztertzeko behatoki baten diseinuaren lanketa bultzatu zuen Berdintasun Departamentuak.
2016. urtean, Emakumeen Etxearen prozesua abiatu zen.
Kongresuaren egitaraua atxikita*