- Asteazken honetan, maiatzak 23, izango da herritarrei zabaldutako parte-hartze prozesuaren lehen bilera: 19:00etan, Udaleko Areto Nagusian. Tolosatzen proiektuaren baitan egingo da.
- 2018ko Berdintasun Sailaren aurrekontuan, 20.500 euroko diru-kopurua aurreikusi da prozesua gauzatzeko.
- Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “Gune horren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, bizitzako edozer arlotan lortzeko politika, programa eta proiektuetan eragin nahi dugu”.
Tolosako Udala lanean ari da Tolosan Emakumeen Etxea sortzeko. Ibilbide bat burutu du jada, gutxieneko oinarriak ezarriz Udaleko ordezkari politiko, Mugimendu Feministra eta emakumeen taldeen artean, eta orain lanketa abiatu nahi du emakumeekin batera. Maria Luisa Aguirre Doktorearen kalean aurkeztu dute Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak eta Emakume-taldeen ordezkaritzak Tolosako Udalak asteazken honetan abiatuko duen Emakumeen Etxearen parte-hartze prozesuaren xehetasunak.
Olatz Peon Ormazabalek azpimarratu du helburu dutela emakumeen arteko topaketarako, eztabaidarako eta hausnarketarako gunea sortzea Tolosan: “Gune horren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, bizitzako edozer arlotan lortzeko politika, programa eta proiektuetan eragin nahi da. Gunea erreferente izatea nahi dugu, bai udalerriko emakume guztientzat, bai eskualdeko emakumeentzat ere”.
Bide horretan, Berdintasun sailean zein Udal mailan gauzatu diren ikerketa eta planetan barneratu da Emakumeen Etxea, alkateak agerraldian azaldu duen eran: “Proiektu hau aldarrikatu zen 'Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II, Planaren (2009-2011)' ebaluazioan, eta horri jarraituz, 2015ean, 'Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoa eta III. Planean, 2015-2020' jasotzen da emakumeentzako espazio fisiko bat sortzeko beharra”. 2016an, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatutako '2017-2017 Tolosako Plangintza Partekatuan', orain arte aldarrikapen bat izan zena, neurri zehatz bihurtzen da: “Tolosan emakumeentzako etxe/gune bat antolatzearen egokitasuna eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko partaidetza-prozesuak erraztu eta estrukturak eta mekanismoak sortzeko pausuak emateko konpromisoa hartuz”.
Udalean lanketa aurretiaz hasia da: 2016an, Udaleko ordezkariek eta emakumeen taldeko kide batzuk Basauriko eta Donostiako emakume etxeetara joan ziren, gune horietan emandako esperientziak aztertzeko eta proiektu honen abiapuntu bat izateko. Urte horretan, era berean, Emakumeen Etxearen lan-talde politiko-teknikoa sortu zen: Talde horretan, Udal gobernua, oposizioko zinegotziak eta emakumeen ordezkariak batzen dira hilabetean behin, gutxi gorabehera. Peonek xehetu duenez, talde honen helburua da, besteak beste, “elkarlanean proiektua kokatzea eta gutxieneko batzuk mahai horretan definitzea eta adostea”.
Halaber, 2018ko Berdintasun Sailaren aurrekontuan, 20.500 euroko diru-kopurua aurreikusi da, proiektu honen inguruan prozesu parte-hartzaile baten bidez, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatuko dena, hausnarketa bat egiteko herritarrekin, bereziki emakume taldeekin. Hori da asteazken honetan abiatuko dena. Alkateak azpimarratu du asteazkenekoa, maiatzak 23, dela Emakumeen Etxearen inguruan Udalak egingo duen “lehen bilera irekia, lehena, eta hortaz prozesuaren abiapuntua”.
Prozesuak hiru talde eta bi epealdi barneratuko ditu: 2016an sortutako lan-talde tekniko-politikoa, talde eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanakoek eta berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Irekia (interesa duten emakume orok osatua). Eta hiru talde hauek, bi epealditan banatutako prozesuaren kide izango dira:
- Maiatza-ekaina bitarte, gutxi gorabehera, 5 saio egingo dira: etxearen printzipioak, filosofia, erabilera, helburuak, lan-ildoak... definitzeko.
- Iraila-azaroa artean berriz, 3 edo 4 saio egingo dira: antolamendua, zerbitzuak, baliabideak, kudeaketa, izena bera eta abar zehazteko.
Asteazken honetan, emakumeei zabaldutako parte-hartze prozesuaren lehen bilera
Bi blokeetako lehenari asteazken honetan bertan emango zaio hasiera. Honakoa izango da egutegia:
- Asteazkenean, maiatzak 23, Emakumeen Gune Irekiaren bilera 19:00etan, Udaleko Areto Nagusian.
- Ostegunean, maiatzak 24, Talde Eragilearen bilera 19:00etan Tolosako Udalean.
- Datorren maiatzaren 30ean, Talde Eragilearen 2. bilera 19:00etan Tolosako Udalean.
- Ekainaren 6an, Talde Eragilearen 3. bilera 19:00etan Tolosako Udalean.
- Eta azkenik, ekainaren 13an, Emakumeen Gune Irekiaren 2. bilera 19:00etan, Udaleko Areto Nagusian.
Urte amaieran, proiektuaren aurkezpena
Behin, proiektua emakumeen artean definitua eta adostua dagoenean, herriari eta eskualdeari zabalduko zaio. Helburu du herriko eta eskualdeko eragile sozialak, kulturalak, alderdi politikoak eta abarren ekarpenak eta hausnarketak jasotzea.