Emakumeen Etxea definitzeko parte-hartze prozesuaren 2. faseko Gune Zabalaren bilera asteazkenean, irailak 19

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2018/09/18 | Berdintasuna
  • 19:00etan izango da Tolosako Udaletxeko Batzar Aretoan. Bilera aurretik, 18:00etan Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, Etxearentzako Udalak proposatzen duen lokala bisitatzera joateko.
  • Lehen fasean, maiatzaren eta ekainaren artean garatua, definitu dira etxearen printzipioak, filosofia, erabilera, helburuak eta lan-ildoak.
  • Olatz Peon Ormazabal, Tolosako alkatea: “orain arteko ibilbidea aberasgarria eta eskualdeko emakumeen inplikazioa ikaragarria izan da oso. Inoiz baino irmoagoa da Tolosako eta eskualdeko emakumeen arteko topaketarako, eztabaidarako eta hausnarketarako gunearen nahia”.

Aurrera darrai Emakumeen Etxeak. Tolosatzen egitasmoan landutako proiektua oso garatua dago jada: pasa den maiatzean jarri zen abian parte-hartze prozesua, eta horren bigarren fasea hasi berri du. Datorren asteazkenean, irailak 19, izango da bigarren faseko lehen bilera irekia, 'Gune Zabala' izendatua, 19:00etan, Tolosako Udaletxeko Batzar Aretoan, non nahi duen emakume orok har dezakeen parte. Bilera aurretik, 18:00etan Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, Etxearentzako Udalak proposatzen duen lokala bisitatzera joateko.

Hala ere, bigarren faseari pasa den irailaren 10ean ekin zitzaion Lantalde Politiko-Teknikoaren bilerarekin eta, irailaren 12an, Emakumeen Etxearen lehen fasean sortutako Talde Eragilearen bilerarekin. Hain zuzen, hiru horiek dira fasearen protagonistak: Lan-talde Tekniko-Politikoa, (Tolosako, Berastegiko eta Asteasuko alkateek, Tolosako hainbat zinegotzik, Tolosako Berdintasun teknikariak eta Elhuyar Aholkularitzako bi teknikok osatua), Talde Eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanako emakumeek eta Berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Irekia (interesa duten eskualdeko emakume orok osatua).

Lehen fasean, maiatzaren eta ekainaren artean garatua, etxearen printzipioak, nolakotasuna, erabilera, helburuak eta jarduerak definitu dira. Emakumeek sareak eraikitzeko, ahalduntzeko, 'gu'-tasun bat sortzeko eta eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen dute etxea. Eremu handia eta atsegina bilatzen da eta antolaketa ikuspegitik ordutegi zabalekoa, lan baldintza duinak bermatuko dituena eta erakundeen eta emakumeen arteko erabakigunea izango dena.

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak azpimarratu du orain arteko ibilbidea “aberasgarria” eta eskualdeko emakumeen inplikazioa “ikaragarria” izan dela oso: “inoiz baino irmoagoa da emakumeen arteko topaketarako, eztabaidarako eta hausnarketarako gunearen nahia. Gune horren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, bizitzako edozer arlotan lortzeko, politika, programa eta proiektuetan eragin nahi da. Gunea erreferente izatea nahi dugu eskualdeko emakumeentzat”. Berdintasun Departamentuak 20.500 euroko inbertsioa gauzatuko du 2018an, emakumeekin batera Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu honen bitartez.

8 bilera abendura bitarte

Honakoa izango da egutegia:

  • Asteazkenean, irailak 19, Emakumeen Gune Zabalaren bilera 19:00etan, Udaletxeko Batzar Aretoan. Bilera aurretik, 18:00etan Plaza Zaharrean egin dute hitzordua, Etxearentzako Udalak proposatzen duen lokala bisitatzera joateko.

  • Gune Zabala azaroaren amaieran batuko da berriro.

  • Lantalde Politiko-Teknikoa pasa den irailaren 10ean batu ostean, beste bi bilera egitea aurreikusten da.

  • Talde Eragileak, berriz, hilero burutuko du bilera bat. Hurrengoak urriaren 2 eta 24an eta azaroaren 21ean.

Urte amaieran, proiektuaren aurkezpena

Behin, proiektua emakumeen artean definitua eta adostua dagoenean, herriari eta eskualdeari zabalduko zaio. Helburu du herriko eta eskualdeko eragile sozialak, kulturalak, alderdi politikoak eta abarren ekarpenak eta hausnarketak jasotzea.

Emakumeen Etxea atzeragotik

Berdintasun Departamentuan zein Udalean gauzatu diren ikerketa eta planetan barneratu da Emakumeen Etxea. Proiektu hau aldarrikatu zen 'Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II, Planaren (2009-2011)' ebaluazioan, eta horri jarraituz, 2015ean, 'Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoan eta III. Planean, 2015-2020' jasotzen da emakumeentzako espazio fisiko bat sortzeko beharra. 2016an, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatutako '2017-2027 Tolosako Plangintza Partekatuan', orain arte aldarrikapen bat izan zena, ekintza zehatz bihurtzen da: “Tolosan emakumeentzako etxe/gune bat antolatzearen egokitasuna eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko partaidetza-prozesuak erraztu eta estrukturak eta mekanismoak sortzeko pausoak emateko konpromisoa hartuz”.

Parte-hartze prozesua abiatu baino lehen, Udalak bazuen ibilbidea burutua, gutxieneko oinarriak ezarriz Udaleko ordezkari politiko, Mugimendu Feminista eta emakumeen taldeen artean, eta orain lanketa abiatu nahi du emakumeekin batera. 2016an, udal ordezkariek eta emakumeen taldeko kide batzuk Basauriko eta Donostiako emakume etxeetara joan ziren, gune horietan emandako esperientziak aztertzeko eta proiektu honen abiapuntu bat izateko. Urte horretan, era berean, Emakumeen Etxearen lan-talde politiko-teknikoa sortu zen; talde horretan, udal gobernua, oposizioko zinegotziak eta emakumeen ordezkariak daude.

Gainera, Eskualdeko herrietan ere, Berdintasun Politikak sustatzen ari dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, martxan jarritako Berdinbidean programari esker, 10.000 biztanle baino gutxiago dituzten herriei, aholkularitza zerbitzua eta hainbat diru-laguntza jasotzeko aukera eskaini zaie. Hainbat herrietan berriz, Udalek jarri dituzte egitasmoak martxan, Gizon eta Emakumeen arteko berdintasuna helburu duen bidea gauzatzeko. Emakumeen Etxea berdintasun politiken “txapela” gisa ulertzen dute.

Orain, emakumeekin batera ari dira definitzen Emakumeen Etxea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA