- 19:00etan izango da Tolosako Udaletxeko Batzar Aretoan.
- Lehen fasean, maiatzaren eta ekainaren artean garatua, definitu ziren etxearen printzipioak, filosofia, erabilera, helburuak eta lan-ildoak. Bigarren fasea amaitzear dira orain; etxearen antolamendua, kudeaketa, baliabideak edota izena bezalako alorrak ari dira lantzen. Lokal ezberdinak ere bisitatu dituzte.
- Tolosako Udalak 20.500 euroko inbertsioa gauzatu du 2018an Emakumeen Etxea definitzeko parte-hartze prozesua egiteko. 2019ko aurrekontu proposamenean, Udal Gobernuak, 28.000 euroko diru-partida aurreikusi du Emakumeen Etxearen proiektua gauzatzeko.
Emakumeen Etxearen definizioa amaitzear dira parte-hartze prozesuko kide diren emakumeak. Pasa den maiatzean jarri ziren abian lan-saioak, eta horren bigarren fasea amaitzear dira orain. Datorren ostegunean, abenduak 13, izango da bigarren faseko azken bilera irekia, 'Gune Zabala' izendatua, 19:00etan, Tolosako Udaletxeko Batzar Aretoan, non nahi duen emakume orok har dezakeen parte.
Lehen fasean, maiatzaren eta ekainaren artean garatua, etxearen printzipioak, nolakotasuna, erabilera, helburuak eta jarduerak definitu ziren. Emakumeek sareak eraikitzeko, ahalduntzeko, 'gu'-tasun bat sortzeko eta eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen dute etxea. Eremu handia eta atsegina bilatzen da eta antolaketa ikuspegitik ordutegi zabalekoa, lan baldintza duinak bermatuko dituena eta Udalaren eta emakumeen arteko erabaki gunea izango dena. Jardueren atalean, azkenik, ate irekiak, Emakumeen Etxeen arteko topaketak, tailerrak, batzarrak, jarduera ludikoak, kulturalak, kirol-jarduerak edota ekimen solidarioak proposatzen dituzte. Baita bestelako hainbat zerbitzu ere: aholkularitza, ahalduntzeko dinamikak, behatokia, denboraren bankua, emakume sortzaileentzako espazioa eta esparru desberdinetan esku hartzeko egitasmoak.
Bigarren fasea amaitzear dira orain; iraila eta abendu artean 8 bilera ezberdin gauzatu dira. Etxearen antolamendua, kudeaketa, baliabideak edota izena bezalako alorrak ari dira lantzen. Lokal ezberdinak ere bisitatu dituzte.
Hasieratik hiru dira parte-hartze prozesuaren lan-taldeak: Lan-talde Tekniko-Politikoa, (Tolosako, Berastegiko eta Asteasuko alkateek, Tolosako hainbat zinegotzik, Tolosako Berdintasun teknikariak eta Elhuyar Aholkularitza enpresako bi teknikarik osatua), Talde Eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanako emakumeek eta Tolosako Berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Irekia (interesa duten eskualdeko emakume orok osatua).
Tolosako Udaleko Berdintasun Departamentuak 20.500 euroko inbertsioa gauzatu du 2018an, emakumeekin batera Emakumeen Etxea definitzeko, parte-hartze prozesu honen bitartez. 2019ko aurrekontu proposamenean, Udal Gobernuak, 28.000 euroko diru-partida aurreikusi du Emakumeen Etxearen proiektua gauzatzeko.
Urte amaieran, proiektuaren aurkezpena
Behin, proiektua emakumeen artean definitua eta adostua dagoenean, herriari eta eskualdeari zabalduko zaio. Helburu du herriko eta eskualdeko eragile sozialak, kulturalak, alderdi politikoak eta abarren ekarpenak eta hausnarketak jasotzea.
Emakumeen Etxea atzeragotik
Berdintasun Departamentuan zein Udalean gauzatu diren ikerketa eta planetan barneratu da Emakumeen Etxea. Proiektu hau aldarrikatu zen 'Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II, Planaren (2009-2011)' ebaluazioan, eta horri jarraituz, 2015ean, 'Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoan eta III. Planean, 2015-2020' jasotzen da emakumeentzako espazio fisiko bat sortzeko beharra. 2016an, Tolosatzen proiektuaren baitan gauzatutako '2017-2027 Tolosako Plangintza Partekatuan', orain arte aldarrikapen bat izan zena, ekintza zehatz bihurtzen da: “Tolosan emakumeentzako etxe/gune bat antolatzearen egokitasuna eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko partaidetza-prozesuak erraztu eta estrukturak eta mekanismoak sortzeko pausoak emateko konpromisoa hartuz”.
Parte-hartze prozesua abiatu baino lehen, Udalak bazuen ibilbidea burutua, gutxieneko oinarriak ezarriz Udaleko ordezkari politiko, Mugimendu Feminista eta emakumeen taldeen artean, eta orain lanketa abiatu nahi du emakumeekin batera. 2016an, udal ordezkariek eta emakumeen taldeko kide batzuk Basauriko eta Donostiako emakume etxeetara joan ziren, gune horietan emandako esperientziak aztertzeko eta proiektu honen abiapuntu bat izateko. Urte horretan, era berean, Emakumeen Etxearen lan-talde politiko-teknikoa sortu zen; talde horretan, udal gobernua, oposizioko zinegotziak eta emakumeen ordezkariak daude.