Emakumeen Nazioarteko Eguna - Adierazpen instituzionala

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/03/07 | Berdintasuna

30 urte dira jada Beijingen Emakumeari buruzko IV. Mundu Konferentzian egin zela. Bertan adostutako akordioek genero-berdintasuna, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zuten.

Hiru hamarkadetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-politiken garapenak eta mugimendu feministaren bultzadak erakusten digu bide onetik goazela.

Bidea, ordea, luzea da eta duela 30 urte hartutako konpromiso eta borondateetatan oinarrituta, beharrezkoa da baliabideak bideratzea, erronkei eta oraindik dirauten oztopoei aurre egiteko. Horregatik, euskal udalek genero-berdintasunaren lorpena bizkortzeko mundu-mugimenduarekin bat egin dute, emakumeen eta nesken ahalduntzearen eta emakumeen eskubideen defentsaren aldeko apustua eginez.

Tokiko eremutik arlo kritiko globaletan aurrera egiten laguntzeko, Tolosako Udalak  ondorengo konpromisoak berresten ditu:

  1. Ikasteko eta ahalduntzeko espazioak antolatzen jarraitzea (emakumeen arteko laguntza, elkartasun eta aliantzako sareen bidez) eta era berean, botere-espazioak partekatzea, espazio guztietan, aniztasun osoan eta ikuspegi intersekzionalarekin, emakumeen presentzia bermatzeko.
  2. Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxista jasan duten emakumeen arreta onbideratzeko.
  3. Emakumeen elkartegintza eta elkarte feministak sustatzea, horien bidez, berdintasun politika publikoetan, emakumeak solaskideak izan daitezen eta eragin dezaten.Eta horrela aitortzea Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egin eta egiten duen ekarpena eta lana.
  4. Herritarren artean, indarkeria matxistari aurre egiteko programak garatzea, gazteenak bereziki mugiaraziz, indarkeriaren aurkako borrokan belaunaldi ezberdinak batera egoteak garrantzia handia baitauka.
  5. Zainketen ekonomia eraldatzeko tokiko prozesuak abian jartzea, ikuspegi feministatik.

Halaber, Udalak dei egiten die herritarrei aktiboki parte har dezaten Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta martxoaren 8rako Tolosako Berdintasuna Sailak eta Mugimendu Feministak antolatutako ekintza eta mobilizazioetan. Martxoaren 8an bertan, Tolosako Asanblada Feministak deituta, manifestazioa izango dugu 19:00etan Trianguloa plazan, Faxismoaren kontra Ausardia eta Aliantza Feministak’ lelopean.

Horrez gain hainbat, ekitaldi antolatu ditu Udalak:

  • Dokumentala eta soladaldia: ‘Luces en sombra’: La realidad que no se quiere escuchar, la incómoda, la de las cuidadoras, la que no se nombra. Martxoaren 13an, Andragoran.
  • Bakarrizketa: Aasari Bibangen eskutik, ‘Humor Negra’. Martxoaren 15ean, Topic-en.
  • Hitzaldia: Kera elkartearen ‘Romani Erresistenzia’. Martxoaren 18an, Andragoran.
  • Antzerkia: ‘Amak’. Martxoaren 21ean, Leidor Aretoan.

Bestalde, Martxoan zehar Andragora, Tolosaldeko Emakumeen Etxean mural bat margotuko dute hainbat emakumek eta Ura Iturraldek gidatutako Jabetze Eskolako argazkigintza ikastaroko parte hartzaileen erakusketa egingo da ‘Zaintza’ izenburupean.

Egitarau osoa hemen:

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA