Inauterietan «sano jokatzeko» aldarriarekin batera aurkeztu dute martxoaren 8ko egitaraua

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/25 | Berdintasuna
  • Indarkeria matxisten aurkako gune eta zerbitzu bereziak izango dira Inauterietan, otsailaren 27an eta martxoaren 2an eta 3an.
  • Lehen aldiz ostalaritzarekin protokolo berezi bat landu da lehen arreta egokia eman ahal izateko. 
  • Martxoaren 8an aldiz, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, hamaika jarduera antolatu dira.

 

Inauteriak hasteko bi egun falta direla, Tolosako Udalak, Andragora Tolosako Emakumeen Etxeak eta Tolosako Asanblada Feministak eraso matxistarik gabeko jaiak aldarrikatu dituzte prentsaurrekoan. ‘Joka Sano’ kanpainaren barruan, gogorarazi dute jaietan zehar indarkeria matxisten aurkako arreta profesional zerbitzuak indartu egingo direla.

Otsailaren 27an eta martxoaren 2an eta 3an, izango dira puntu moreak: Informazio Gune bat izango da Trianguloan, gaueko 22:30etik goizaldeko 01:30era. Eta, 01:30etik goizaldeko 5:30era Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak arreta zerbitzua izango du martxan, egun horietan. Jai-girotik kanpo gertatzen diren erasoak ere artatuko dira puntu horietan.

Gainera, jaietan zehar bi telefono zenbaki izango dira herritarren eskura indarkeria matxista, xenofobo eta arrazistekin lotutako arazoekin laguntza jasotzeko. Batetik, gune morearen ordutegian, 747 420 488 zenbakira deitu ahal izango da. Bestetik, Udaltzaingoaren telefono-zenbakira deitu ahal izango da 24 orduz: 943 675 858.

Ostalaritzarekin, protokolo berria

Aurten lehen aldiz ostalaritzarekin indarkeria kasuetan nola jokatu jasotzen duen protokolo bat landu da, taberna horietan erasorik gertatuz gero edo norbait laguntza eske joanez gero, langileek arreta egokia nola eman jakin dezaten.

Protokolo honen helburua da sustatzea emakumeen eta sexualitate eta genero ez-normatiboa dutenen sexu-askatasuna errespetatzen duten espazioak, hau da, espazio seguruak sustatzea. Esperientzia pilotu horretan hiru tabernak eta txosnaguneak parte hartu dute: Orbela, 1990 eta Bide-Bide tabernek, hain zuzen ere. Taberna horietako profesionalek formazioa jaso dute honezkero, lehen arreta egokia eman ahal izateko.

Hain zuzen ere, taberna horietan kartelak eta pegatina identifikagarriak jarriko dira, bai barran eta baita komunetan ere, taberna horrek protokolo bat duela adierazten dutenak.

Goiuri Ezeiza berdintasun zinegotziak azpimarratu duenez, «behar adina aldiz esango dugu ez dugula inolako erasorik onartuko, ez jaietan, ezta egunerokoan ere. Komunitate gisa egin behar diogu aurre indarkeria matxistari, eta zentzu horretan, ostalaritzarekin landutakoa urrats bat gehiago izan da norabide horretan».

Martxoak 8

Inauteriak amaitu eta berehala iritsiko da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Testuinguru horretan jarduera anitzez osatutako egitaraua antolatu da. Aurten, «aliantzak, zaintza komunitarioa eta intersekzionalitatea» izan direla ardatz nabarmendu nahi izan due antolatzaileek. Martxoaren 7an bertan emango diote hasiera egitarauari, Tolosaldeko Mugimendu Feministak antolatutako ‘Indarkeria matxista jakean’ topaketarekin. Hori arratsaldeko 18:00etan izango da, Berastegiko udaletxeko gabaran.

Martxoaren 8an, aldiz, ‘Faxismoaren kontra Ausardia eta Aliantza Feministak’ lelopean, manifestazioa abiatuko da 19:00etan Trianguloa plazatik, TAF - Tolosako Asanblada Feministak deituta.

Martxoaren 13an, ‘Luces en sombra’ dokumentalaren proiekzioa izango da arratsaldeko 18:00etatik aurrera Andragoran, eta ondoren ikusitakoaren inguruko solasaldia izango da, Bidez-bide elkartearen eskutik. Dokumentalak zaintzaileen errealitateari ahotsa ematen die.

Martxoaren 15ean, TOPICen, Assari Bibang aktore, komiko, aurkezle, idazle, zutabegile eta aktibistak, ‘Humor negra’ bakarrizketa eskainiko du, gaztelaniaz. Arrazakeriaren aurkako bakarrizketa afrofeminista horretan, umorearen bidez, Bibang-ek emakume, beltz eta migratzaile izatearen nondik norakoak jorratuko ditu.

Martxoaren 18an, Erromanien erresistentziaz solasaldia izango da, Andragoran, 18:00etan, Kera elkartearen eskutik, euskaraz.

Martxoaren 21ean, aldiz, ‘Amak’ antzerki emanaldia izango da Leidor Aretoan, iluntzeko 20:00etan, euskaraz. Ikastola bateko itxaron gelan atera ezinik gelditzen diren lau emakumeren arteko istorioa kontatzen digu Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean garatzen den komediak.

Egitarauari amaiera emateko, martxoaren 25ean ‘Mamifera’ Liliana Torres zuzendariaren filma eskainiko da 18:30ean Andragoran. Amatasunaren (edo amatasun ezaren) esplorazio ausarta eskaintzen digu aipatu filmak. Saio hau zine ziklo feministaren hasiera izango da, izan ere, martxotik ekainera arte eskualdeko udalerritan lau pelikula eskainiko ditu Andragorak. Proiekzioaren ondoren solasaldia izango da.

Martxoan zehar, gainera, Andragoran mural feminista bat margotuko da modu parte hartzailean, Txitxi Orbegozoren laguntzarekin. Emakumeei dei egiten diete bertaratu eta margotzen parte har dezaten. Horrez gain, Ura Iturraldek gidatutako Jabetzeko Eskolako argazkigintza ikastaroko parte-hartzaileen erakusketa izango da Andragoran. Zaintza da erakusketaren gai nagusia, eta Euskal Herrian bizi diren emakume migranteen testigantzak irudi eta testu bidez jasotzen ditu.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA